Begiak itxiagatik, argitasun hori-laranja antzeko bat sumatu ohi dut ninietan. Usaiak eta zaratak ere bereziak izaten dira. Gau magikoa, inondik ere. Dantza, zalaparta eta oihuak; baina garai bateko akelarrerik ez, gure plazetan. Sua da ospakizunaren jaun eta jabe. Belar metarekin bainoago egur eta adaxka metarekin egindako sua. Bizia eta indartsua, hasiera batean, urteko gau motzeneko ilunpetan koloretako irudiak egiten dituena… eta dantzatzearen ondorioz jendeak izaten duen nekearekin batera, apaltzen eta desagertzen joaten dena. Su guztiek, ordea, errautsa dute fruitu, izan den suaren erakusle. Eten modukoa eginagatik, etenik ez duen soka izaten da.
Udako solstizioaren hasiera dugu San Joan gaua. Uste zaharrak pikutara bidali, eta helburu berriei heltzeko tenorea. Denok baitugu zer hobetua, eta zer baztertua. Batzuek, beste batzuek baino gehiago, ziur asko. Su gainetan egindako jauziek ihesalditxo bat ispilatzen dutela iruditu izan zait beti. Suak zapata zola edo ipurdi ertza harrapatu ala ez patuaren esku utzita egiten den ihesalditxoa. Metro batzuk aurrerago amaituko da bidaia, baina ez dut uste jauzilaria aurretik zegoen moduan geratuko denik. Bada hor aldatu den zerbait. Ezjakintasunetik nabil hizketan. Ni neu beti egoten bainaiz distantziatik begira. Hurbil, txinpartek ukitzeko eta berotasuna sumatzeko lain; baina urrun, suak ez harrapatzeko moduan.
Izan ere, ederra bezain arriskutsua da sua. Esaera zahar batek zioen bezala, hiru galbide omen daude bizitza honetan: pertsona, itsasoa eta sua. Beharrezkoak hirurak ere, baina tentuz ibiltzekoak, antza. Ekainaren 23an, ohitura dute gurean, etxeko paper zaharrak eta ikasturteko koadernoak eraman eta sutara botatzekoa, ikasketa denboraldiari azken puntua ezartzeko keinua egin nahian edo (bide batez, a zer uda luzea izaten duten ikasleek!). Baita han-hemenka su klandestinoak egitekoa ere. Atzetik datoz, ordea, ondorioak. Eskapada ederra iazkoa! Haztegi Ikastolako teilatua hartu baitzuten garrek. Gau magikotik tragikora igarotzeko asko behar ez dela jarrita gaude, azkenaldian.
Baserri eta etxe batzuetako atarian, lizarraren, erramuaren eta elorri zuriaren adarrak jartzeko ohitura ere izaten da, tximistetatik babesteko. Aurtengoan, horrelakorik ez zen sobera izango. Ez, alajaina! Suari itzal egitera etorri baita ura; euria, alegia. Itxuraz, su eta landare erritu horiek Europako hainbat herrialdetan antzinatik egiten diren ospakizunetan du jatorria; batik bat, tradizio zelta duten herrialdeetan. Gure literaturan ere metafora ugariren sorburu izan da sua. Suaren uretatik edan du batek baino gehiagok eta izan da su-karrak jota maiteminez egon denik ere. Su-tuta amaituko zuten, bestalde, Espainia aldean askok eta askok, euren taldetxoak Mundialean izandako jardun motzagatik. Hain baita gogorra su-fritzea!
Baina gauza guztiak datozen bezala joaten direnez… Joan zitzaigun San Joan gaua, Espainiako Joan Karlos I.a joan zaigun bezalaxe. Baina hark ere izan duen suaren errautsa utzi digu: seme Felipe. Eten modukoa eginagatik, etenik ez duen soka hori ere.