Marisa Jorrinek (Urretxu, 1962) irakasle-ikasketak egin zituen, baina beti kontsumo bulegoan lan egin du. 27 urte egin ditu bertan.
Nolatan hasi zinen lan honetan?
Ikasketak bukatu nituen garaian ere langabezia handia zegoen eta kontsumo ikastaro bat egin nuen. Gustukoa nuela ikusi nuen eta, Urretxuko kontsumo bulegorako pertsona bat behar zutela jakin nuenean, aurkeztu egin nintzen.
Itxuraz, irakaskuntzak eta kontsumoak ez dute antz handirik.
Nik egin nuen ikastaroa, ordea, gaztetxoei kontsumoari buruzko eskolak emateko zen. Azkenean ez dut hezkuntza munduan lan egin, baina nire lanbidea izugarri gustatzen zait.
Zergatik?
Alor ezberdinak jorratzen ditugu: banka, telekomunikazioak, etxebizitza, gremioak… Kontsumoarena oso mundu zabala da. Egia da ere galtzeko arriskua dagoela. Ez dugu sakontzea lortzen. Gainera, bulego honetan ni bakarrik nago eta denetik egitea tokatzen zait. Gutxien jorratzen duguna elikadura da, nahiz eta jendeak horrekin lotzen gaituen. Baina elikagaien kontrola Osakidetzaren esku dago.
Noren esku dago kontsumo bulegoa?
Garai batean Urretxuko eta Zumarragako udalek eskaintzen zuten zerbitzu hau, Euskadiko Kontsumitzaileen Federazioaren bitartez. Egun, Urola Garaia mankomunitateak eskaintzen du zerbitzua. Bulegoa astelehenetik ostiralera irekitzen dugu, 08:00etatik 14:00etara.
Asko aldatu al da zure lanbidea 27 urte hauetan?
Bai. Duela 27 urte etxebizitzen gaiak ematen zuen lan gehien. Baita gremioen jardunak ere. Gaur egun jende gehiago etortzen da bulegora: urtean 700 bat. Telefono mugikorrek, Internet bidezko erosketek eta bankuek ematen dute lan gehien: zoru klausulak, preferenteak, komisioak… Krisia hasi zenetik bankuek lehen kobratzen ez zituzten komisioak kobratzen dituzte eta jendea oso haserre etortzen da.
Zein zerbitzu eskaintzen diozu bulegora etortzen den jendeari?
Aholkularitza eta bitartekotza. Bitartekotzarekin bi aldeak akordio batera heltzea nahi dugu. Horrela ez badugu ezer lortzen, batzorde arbitralera jotzen dugu. Zerbitzu hori doanekoa da, baina bi aldeak joateko prest egon behar dira. Bietako bat ez badago joateko prest, besteari epaitegietara jotzea besterik ez zaio gelditzen. Zorionez, enpresa gehienak batzorde arbitraletara joateko prest egoten dira. Ez dute halako gaiak publiko egitea nahi. Hala ere, batzuk nahiago dute isunak ordaindu gauzak behar bezala egin baino.
Zein aholku emango zenioke jendeari?
Ezer erosi aurretik, ondo informatzea. Ezjakintasun handia dago. Beti kontratua eskatu behar da eta ondo irakurri: bermea, produktua itzultzeko eskubidea… Baita telefonoz egiten diren erosketetan ere. Bestalde, inork ez du ezer oparitzen. Jende askok Internet bidez erosten ditu telefono mugikorrak. Norbaitek dendan 400 euro balio duena 150 eurotan eskaintzen badizu, ziria sartu nahi dizula pentsatu behar duzu.
Informatuta egotea oso garrantzitsua da, beraz.
Hori da, hain zuzen ere, gure zeregin nagusia: inork hanka sartu baino lehen, informatu. Jendea, erosketa bat egin aurretik, bulegora etor daiteke aholku eske.
Zein da ikusi duzun arazo nagusia?
Garai batean 6.000 euroko telefono fakturak ikusi nituen, linea erotikoak eta telefono bidezko lehiaketak zirela eta. Familia batzuetan oso gaizki pasatu zuten. Kaltetuetako asko adinekoak eta gaztetxoak ziren. Bestalde, batzuk jendeaz gehiegi fidatzen dira. Aurrean dutenak zintzo jokatuko duela uste dute eta iruzur egiten diete.