Igaro berria da San Pedro jaia. Garai batean, sona handiko santua zen gure artean, «zeruetako giltzak» berekin omen dauzkan aginte handiko santua. Baina munduko agintearen ondorioa da San Pedroren zeruko aginpidea: «Petrus zara zu eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nire eliza eta Herioaren indarrak ez du suntsituko» (Mt 16,13-19)
Testu horretako hitzak sarriegi erabili dira, Jesusek Eliza zuzenean sortu zuela, argudiatzeko eta Pedro ipini zuela Eliza horren buru defenditzeko.
Jakina, eliz aginte gogor arduratu da «Elizaren jatorri jainkotiarra» harilkatu eta aldarrikatzeaz eta Pedroren figura, Erromako aita santu eta gotzain goren gisa, indartzeaz. Horrela bihurtu dira haren «oinordeko» gainerako guztiak. Frantsizko I.a 265.a da kate luze horretan.
Botere orok ditu arriskuak, eta Eliza ez da izan salbuespena. Monarkia absolutuaren atzeko zerbait bilakatu zen eliz instituzioa, kontrol eta aginte guztia bere esku zuela, nahiz eta, gizarteak bere autonomiaren alde borrokatzeari ekin zion heinean, amore ematen hasi zen.
Jesus ez zen fidatzen botereaz eta Elizari, maiz asko, ahaztu egin zaio hori. Entzun Jesusen hitzok: «Dakizuenez, buruzagiek tiraniaz hartzen dituzte mendean herriak, eta handi-mandiek beren agintea ezarriz zapaltzen. Zuen artean, ordea, ez du horrela izan behar. Zuen artean handien izan nahi duena izan bedi zerbitzari. Eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi guztion morroi» (Mk 10,42-44).
Gaur egun, exegeta zorrotzenen artean kontsensua erabatekoa da: Pedro Elizaren zimentarritzat hartzen duten hitz horiek, inolaz ere, ez dira Jesusenak. Baizik eta Mateoren komunitateak egindako gogoeta (berandu samarrekoa), eta Jesusen ezpainetan ipiniak, indar eta autoritate handiagoa emateko.
Hain zuzen, Mateoren idatzian bakarrik azaltzen dira baieztapen horiek; datu esanguratsua, noski. Markosen eta Lukasen testu paraleloetan ere aurkitzen dugu Jesusek bere ikasleei egiten dien galdera bikoitz bera: «Nor dela dio jendeak gizonaren Semea?»; «Eta zuek, nor naizela diozue?». Baina hor amaitzen dira (Mk 8,27-30; Lk 9,18-21). Hauen testuetan ez da azaltzen Mateorengan azaltzen den eranskin espezifikoa. Beraz, Mateoren komunitateak egindako irakurketaren aurrean gaude, eta ez Jesus historikoaren hitzen aurrean.
Horrela idaztea ez zen harritzekoa antzinatean: talde batek garrantzitsutzat jotzen zuena lepora zekiokeen, zuzenean, pertsonaia famaturen bati —kasu honetan, Maisuari berari—, esan bezala, indar eta autoritate handiagoa emateko.
Hori konprenitzean, aita santutza eta Elizaren inguruan eraiki den doktrina kasik fundamentalista erlatibizatzen ari gara, eta hori oso sanoa da: ebanjelioaren xumetasuna berreskuratzen dihardugu; horren argitan, Elizak berak ere berritu beharko luke.
Argi dagoena da Jesusena ez zela izan mezu “erlijiosoa”, eta ez zuen sortu eliza espezifiko bat. Harena proiektu espiritual bat (guztiz gizatiarra) da, eta edonork “konekta” dezake proiektu horrekin.
Denak bere baitan hartzen dituen mezu espiritualak baldin badu lehentasuna, Elizak, aita santuak eta erlijioak dute zentzua, bakar-bakarrik, pertsonaren eta espiritualtasun irekiaren zerbitzuan bizi diren neurrian.
(cf. “Jesús no fundó ninguna iglesia”, E.M. Lozano).