PuntuEus Fundazioaren gonbidapena jaso zutenean, zalantzarik gabe proposamena onartzea erabaki zuten Ordizia Rugby Elkartean. Batzar orokorrean egitasmoaren nondik norakoak argitu eta Aintzindari Programan sartzea erabaki zuten. Goierrin Zeraingo Herriaren web ataria ere ‘.eus’ dominua erabiltzen aintzindari izango da, «handien artean txikia». Baita Iparragirre Eraikuntzak enpresa edo hedabideen artean Goierriko Hitza egunkaria bera ere. Euskal kulturaren erakusgarri, handiak eta txikiak, proiektu beraren parte izango dira.
Euskarak eta euskal kulturak Interteteko aterpe teknologiko propioa izan dezaten martxan jarritako egitasmoa da ‘.eus’ domeinuarena. Hala, behin ICANN erakundeak iaz domeinuaren eskaria onartu ondoren, ibilbideari hasiera eman zion PuntuEus Fundazioak. Apirilaren 26an aurkeztu zuten Aintzindarien Programa eta joan den ekainaren 28an ‘.eus’ domeinua estreinatu duten lehen 92 entitateen zerrenda aurkeztu zuten. ‘.eus’ domeinuaren abiaratze aldiari ekin dioten aitzindarien artean bederatzi enpresa daude, 23 erakunde publiko, 14 hedabide eta euskal kulturgintzako 46 entitate.
Kulturaren erakusgarri
Aldaketa nola egin, domeinu zaharrarekin zer gertatuko ote zen eta gisako zalantzak argitu behar izan zituzten Ordizia Rugby Elkartean. Behin www.ordiziarugby.eus domeinua erregistratuta, azken egokitze teknikoak eginda martxan izango dute ataria; lehengo ‘.com’ luzapena ere indarrean mantenduko dute, ordea.
Fase esklusibo horretan parte hartzeak ekarpen ekonomiko berezia eskatzen du aintzindarientzat. Ekarpen hori, ordea, finantzarioa edo espezietan egin zitekeenez, ‘.eus’ egitasmoari zabalkundea eman eta publizitatea egingo du trukean errugbi elkarteak. Ane Irastortza elkarteko kideak GoiBerriri azaldutakoaren arabera, Altamirako zelaian ‘.eus’ egitasmoaren logoa jarriko dute egun hauetakoren batean, elkarlanaren ikur gisa.
Egitasmoaren hedapena eta publizitatea egingo dute zeraindarrek ere. Herriko elkarteak, taldeak eta eragileak biltzen dituen www.zerain.com web ataria, www.zerain.eus ere izango da aurrerantzean. «Ohorea» izan da beraientzat egitasmo honetako partaide izatea. Hala dio, Arantzazu Muñoa Zeraingo udal taldeko kideak.
Aintzindarien Programa martxan jartzera zihoazela ikusi zutenean euren proposamena egin zuten. «Herri txikia izan arren, gu ere euskal kulturaren erakusgarri izan gaitezke. Herri lanean ari garen komunitatea gara, artzainak, nekazariak, turismo agentzia… biltzen dituena», dio Muñoak. ‘.eus’ egitasmoaren hedapenaz gain, espezietan egingo du domienuaren ordainketa Zeraingo Herriak ere, bisita turistikoekin, esate baterako.
Ordizia Rugby Elkarteak eta Zeraingo Herriak beste 90 entitaterekin batera osatzen dute aitzindarien zerrenda. Izaera, dimentsio eta jatorri ezberdinetako entitateak dira. Tartean daude AEK, Aranzadi Zientzia Elkartea, Bertsozale Elkartea, Euskaltel, Kutxabank, ELA eta LAB sindikatuak edo EH Bildu, adibidez. Bakoitzak bere beharren arabera, egokitzapen teknikoak egin ahala edo komunikaizo estrategien arabera jarriko dute martxan helbide berria; irailera arteko epea izango dute aintzindariek domeinua indarrean jartzeko.
PuntuEus Elkarteak eman duen azken hau, urrats handia izan da domneinuaren ibilbidean. Dagoeneko euskal domeinuaren erabilerarena errealitate bihurtzen hasi delako.
Abenduaren 3ra arte, Euskararen Nazioarteko Egunera arte, ‘.eus’ domeinuaren aintzindariak izango dira aktibatuta egongo diren bakarrak. Irailetik aurrera, ordea, edozein elkarte, enpresa, erakunde edo norbanakok bere web atariarentzako eskaera egin ahal izango du. Horiekin eta gerora begira egitasmora batzen direnekin abenduaren 3tik aurrera abiatuko dute fase irekia.
Komunitatean kokatuta
Bilboko Kafe Antzokian egin zuten aurreko larunbatean abiarazte aldia irudikatu zuen ekitaldia. Bertan Iratxe Esnaola egitasmoaren koordinatzaileak eta Joan Mari Torraldai PuntuEus Fundazioaren lehendakaria gustura agertu ziren egindako lorpenarekin.
Esnaolak azaldu zuenez guztira 113 domeinu-izen ezberdin proposatu ziren, 92 entitateren eskutik. Erabaki bat hartu zuten, entitate bakoitzak soilik domeinu-izen bakarra eska zezan. Egitasmoaren garrantzia goraipatzen du Iratxe Esnaolak: «‘.eus’ domeinuak Interneten komunitate baten baitan kokatzen gaitu. Komunitate hori gero eta ikusgarriagoa den heinean, komunitate horren kideak zein diren argi ikusiko da», dio. «92 horiek dagoeneko kokatu dute bere burua komunitate horretan, beraz, aintzindariek komunitate hori ikusgarriago egiteko konpromisoa dute».
Aurrerantzean ere, ’eus’ domeinuak berak dituen irizpideengatik ez dio edonori emango luzapena, eta baldintza batzuk bete beharko ditu. Baldintza horiek ekarriko dute egitasmoaren helburuak betetzea; euskal kultura eta euskarazko edukiak sarean gero eta gehiago izatea, alegia.
KRONOLOGIA
Ibilbide luzea egin du PuntuEus Fundazioak 2008an jaio zenetik. Pazientziaz zain egon ondoren iritsi zen ICANNek domeinua onartu zuen eguna.
- 2008. PuntuEus Elkartea jaio zen. Tamaina eta jatorri ezberdineko 60 elkartek eta erakundek baino gehiagok egin dute bat elkartearekin; 26.500 atxikimendu pertsonaletik gora ere jaso dituzte.
- 2011ko ekainak 20. Lehen mailako domeinu orokor berriak eskatzeko aukera irekitzea erabaki zuen ICANN erakundeak Singapurren egin zuen bere 41. bileran.
- 2012ko ekainak 16. ICANN erakundeak ‘.eus’ domeinuaren eskaria onartu zuen; eskaria ebaluatzeko bete beharreko baldintzak betetzen zirenez, hurrengo fasera pasa ziren.
- 2013ko ekainak 14. ICANN erakundeak ‘.eus’ domeinua onartu zuen.
- 2013ko urriak 5. Puntu Eus Elkarteak domeinuak erregistratzeko pausoak zeintzuk izango ziren argitu zuen.
- 2014ko apirilak 15. www.domeinua.eus web ataria aktibatu zuten.
- 2014ko apirilak 26. Aintzindarien Programari hasiera eman zioten.
- 2014ko ekainak 28. 92 aintzindarirekin abiaratze aldiari hasiera eman diote.
- 2014ko abenduak 3. Fase irekiari ekingo diote.