Alexander Allendek (Durango, 1984) aurten atera du sorosle titulua eta Urretxuko udal igerilekuan estreinatu du.
Nolatan etorri zara Urretxura?
Durangoko gimnasioan lan egiten nuen. Bertako kiroldegia Jaso Kirol Zerbitzuak enpresak kudeatzen du eta iazko udan Urretxuko igerilekua hartu zuen. Mantenu lanak egitera ekarri ninduten.
Zer iruditu zaizu Urretxu?
Etorri aurretik ez nuen ezagutzen eta oraindik ez dut asko ezagutzen. Kiroldegia eta
igerilekua bakarrik ezagutzen ditut.
Zer iruditu zaizkizu bertako kirol instalakuntzak?
Instalakuntza onak dira, baina apur bat zaharkituta daude.
Nolatan sorosle?
Titulua aurten atera dut, nagusiak eskatuta. Egia esan, mesede egingo dit. Izan ere, hala lan ordu gehiago edukiko ditut. Gimnasia entrenatzaile profesional titulua ere badut.
Sorosle ikasketak gustatu al zaizkizu?
Asko gustatu zaizkit. Gainera, ondo igeri egiten ikasi dut. Aspaldi ez nuen igeri egiten. Desfibriladorea erabiltzen ere ikasi dut. Lehen laguntzak egiten lehendik ere banekien.
Zenbat sorosle zaudete Urretxuko igerilekuan?
Egunero bi sorosle egoten gara, baina udan zehar lauzpabost lagunek egingo dute lan hori.
Lan asko al duzue?
Gorabehera asko egoten dira. Alde batetik, eguraldiarengatik eta, bestetik, jendearen ohiturengatik. Ekainean oporrak hartu berri dituzten gaztetxoak etortzen dira batez ere. Jende gehien uztailean etortzen da. Ondoren, abuztuan, pixkanaka geroz eta jende gutxiago etortzen da. Abuztua bukaeran, poliki-poliki kanpora joan direnak itzultzen dira.
Urretxuarrak eta zumarragarrak ondo portatzen al dira?
Bai. Arazo gehien ematen dutenak gaztetxoak dira. Batzuk elkarri bultzatzen ibiltzen dira, beste batzuek ez dute txanoa jarri nahi… Neskek, adibidez, ez dute txanoa jarri nahi orrazkera ez hondatzeko.
Ez al da lan aspergarria?
Jende asko dagoenean ez gara aspertzen. Inor ez dagoenean bakarrik aspertzen gara.
Hondartzan lan egitea gustatuko al litzaizuke?
Bai, zergatik ez? Igerilekuan aritzea baino zailagoa da: eremua zabalagoa da, itotzen ari dena urrutiago egon daiteke, harriekin kolpeak har daitezke….