Urte sasoi honetan hondartzetan eta igerilekuetan elkartu ohi gara askotan auzokoak. Baina gurean badira jendaurrean arropa eranzteko ohitura ez duten bizilagunak: emakume musulmanek neguan zein udan ez dute zapia edo hiyab-a soinetik kentzen, ezta igerilekuan ere.
EAEko hiru hiriburuetan udalek igerileku publikoetan kaleko arroparekin bainatzea debekatu dute, higiene arrazoiak direla-eta. Aginduak bereziki eragiten die emakume hauei, baina baita bainujantziaren azpian galtzontzilloak jantzita bainatzen diren gazteei ere, esate baterako. Urteak dira ez naizela Urretxuko igerilekura joan; Zumarragako kiroldegian badakit gizonezko musulmanak barruko arroparekin dutxatzen direla.
Frantzian hain justu, 2011 urtean, leku publikoetan burka eta nikab-a erabiltzea debekatu zuten, segurtasun neurriak direla medio. Eta orain, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arrazoia eman dio estatu frantsesari emakume pakistandar batek aurkako helegitea aurkeztu ondoren. Emakumeak dio sinesmenak, kulturak eta tradizioak bultzatuta janzten duela burka, askatasun osoz. Emakume musulman askori zapiaren erabileraz galdetuta, argudio berberak emango dizkizue; are gehiago, askok esango dizute Mendebaldeko gizarteak inposatutako kulturarekiko erresistentziaren ikurra ere badela zapia.
Horrenbestez, igerilekuetako neurriak gurean ere sortu du eztabaida eta zenbait taldek emakume hauek bertan bainatzeko duten eskubidea azpimarratu dute: «Oinak garbitu gabe uretara sartzea bezain higienearen aurkakoa da kaleko arroparekin bainatzea» esan dute, adibidez.
Ez dakit gurean gaia eztabaidagai den, edozein modutan, ezer arautu aurretik, udalei eskatuko nieke emakume zapidunei galdetzeko zergatik daramaten zapia, gogoko al duten, erosoa den, eder ikusten al duten euren burua, igerilekura joatea gustuko duten… Nik behintzat jakin nahiko nuke.
Edozein modutan, Donostian emakume musulman bat, legeari aurka egin gabe eta bere sinesmenari eta tradizioari eutsiz, bainatu izan da igerileku publiko batean. Burkini-a jantzita sartu da uretan. Burkini-a emakume musulmanentzat bereziki diseinaturiko bainujantzia da: aurpegi zati bat, eskuak eta oinak bakarrik uzten dizkie agerian. Behingoagatik eskubideak eta tradizioak bat egin dute.
Honek guztiak gogorarazi dit tankerako auzi propioak baditugula konpontzeke. Irun eta Hondarribiko alardeetan eskubideak eta tradizioak etengabeko talkan daude, auzo-lotsa sortzen duten portaerak agerian utziz. Bururatzen zait Euskal Herrian fedeak eta sinesmenak garai batean betetzen zuten lekua betetzen dituztela gaur egun tradizioaren indarrak eta eskubideen zuzentasunak. Nire ustez biak ala biak egiten gaituzte gatibu, muturrera eramanez gero.
Bukatzeko aitortuko dut, depilatzeko lana hartu behar dudanean, gustura jantziko nukeela burkini-a igerilekura joateko; eta buruan zapia, ile zuriak nabarmentzen hasi eta ile-apaindegira joan behar dudala gogorarazten didatenean. Gure artean bizitzea tokatzen zaizkigun tiraniak, batzuetan burka bat bezain presondegi zurrunak dira eta ez gara ohartzen.
Zorionak burkini-aren asmatzaileari.