Esklerosi anizkoitzak nerbio-sistema zentralari eragiten dio. Garuna eta muina hazi egiten dira espontaneoki, arrazoi jakinik gabe, alegia. Nerbioak galdu eta babesten dituen mielina gantza ere galdu egiten da. Nerbio-sistema orbanez betetzen da.
Asier de la Iglesia zumarragarrari orain urte eta erdi diagnostikatu zioten. Gaixotasunaren aurreko azalpen medikuari bestelako azalpena gehitu dio De la Iglesiak: «Buruan kable elektriko sistema bat daukagu. Garunak seinale elektrikoa bidaltzen die mihiari edo zangoari mugitu daitezen. Esklerosi anizkoitza duzunean zeure gorputza sistema horren kontra doa, eta kableari eraso egiten dio. Seinalea ez bada iristen errenka ibiliko zara eta kablea puskatzen bada ezingo duzu aurrerantzean zangoa mugitu».
Azalpena zeharo argia da. Esklerosi anizkoitza endekapenezko gaixotasuna dela ere agerian uzten du. Izan ere, hautsitako kableak konpontzeko modurik ez dute orain artean aurkitu. De la Iglesiak agertu duenez, «indartsuena izan zaitezke, eta akitu arte saiatu, baina kablea apurtzen bada, ez duzu berregingo».
Agerraldiak
Esklerosi anizkoitza agerraldien bidez azaltzen da gehienetan. Agerraldiek ondorioak utzi ditzakete edo ez. Gazte jendearen artean zirkulazio istripuen ondotik minusbaliotasun gehien sortzen dituen eria da. Gaixotasun kronikoa da, hau da, ez da sendatzen, eta bizitza baldintzatu dezake agerraldien ondorioen arabera. Edozein kasutan, gaixo beste esklerosi anizkoitza dago eta ez dago errezeta unibertsalik. Goierrin zazpi gaixo zenbatu ditu Ademgi Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren elkarteak, Gipuzkoan 600 pertsonek daukate eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2.000 lagunek. Esklerosi anizkoitza ez da kutsakorra, ez dute hereditarioa denik frogatu eta ez da hilkorra.
«Esklerosi anizkoitza nuela jakitean
irria ez zitzaidan ezabatu ezpainetatik»«Norberak on egiten dion bidea hartu behar du,
eta sinistu. Garunak erantzungo du»
Asier de la Iglesia (gaixoa)
Telebista ikusten ari zen gau batean urrutiko agintea sakatzen saiatu zen Asier de la Iglesia, eta hatz lodia lokartuta zuen. Hiru ordu igaro eta hatza esnatu gabe zegoen. De la Iglesia saskibaloi jokalari profesionala izan da 19 urte zituenetik eta fisioterapeutara nahiz osteopatara jo zuen, baina hatza ez zen lozorrotik atera. Gau batez esnatu zen eta zutik jartzerakoan hanka batek ez zion erantzun, hura ere lokartu egin zitzaion. Famili medikuak neurologoarengana bidali zuen eta hark eman zion albistea.
Azkar asko onartu zuela dio, «neurologoa haserretu egin zen; ez zuen sinesten onartzen ari nintzela gaixotasuna, baina onartu nuen eta ez dut irria ezpainetatik ezabatu». Agerraldi bat baino gehiago izan du, doble ikusten eman zuen hilabete bat eta bestelako arazoak ere izan ditu. Hala ere, bere bi metroko altuerako gorputzean ez da esklerosi anizkoitzaren ondoriorik antzematen.
Gaixotasuna kontatzerakoan behin eta berriro errepikatzen duen hitza bat da: ziurgabetasuna, zalantza, duda, ezbaia. Noiz azaleratuko da agerraldia? Zein ondorio izango ditu? Betirako izango al dira? De la Iglesiasek dioenez, «zurekin hitz egiten ari naiz orain, altxatu eta akaso agerraldi batek zangoa geldiaraziko dit eta erori egingo naiz…». Ez jakite horrek egonezina sortzen die. Medikuarengana joan eta zalantzak erantzunik gabe geratzen dira: «Bost urte barru umea altxatu ahal izango dut?».
Norberaren errezeta
Gaixotasuna drama bihurtzeko arrazoi bat baino gehiago dago. Ez da, halere, De la Iglesiak duela urte eta erdi «diagnosi-oparia» jaso zuenean hartu zuen bidea. De la Iglesiak kirol profesionala utzi du, baina ez du kirola utzi. Hori da, hain zuzen, bere sendabidea. «Medikazio bat daukagu agerraldiak saihesteko. Agerraldiak azalduz gero, ondorioak minimizatzeko kortisona jartzen digute. Egunerokoan gehiago zaintzen gara. Batzuek makrobiotikara jotzen dute, beste batzuek kirola egiten dugu. Norberak sinestea da inportanteena». Gaixo daudenei eta gaixo ez daudenei balio dien zerbait gehitu du De la Iglesiak: «Norberak on egiten dion bidea hartu behar du, eta sinistu. Garunak erantzun egingo du».
Ademgi elkarteak bi adar ditu, batak gaixoekin zuzenean egiten du lan hala errehabilitazioan nola esparru sozialean, bestea gaixotasunaren gizarteratzean datza. Urretxun Aterpe jubilatu etxekoek boluntario lanak egiten dituzte. Ordizian ere badute nork lagundu eta Legazpin lehenengo urtez egingo dute Busti zaitez kanpaina.
Kanpainak esklerosi anizkoitza gizarteratu nahi du. Asteburuan informazioa banatzeko mahaiak jarriko dituzte hiru herrietan eta igerilekuetan gaixoak gogoan izango dituzte igerilariek. Elastikoak eta bestelako materiala salduko dute. Horrekin guztiarekin gizakion barruko kable sistema matxuratu daitekeela jakitera eman nahi dute, eta gogoratu.