2009 urtean sortu zen D-Pintxos talde legazpiarra. 2012an lehen diskoa kaleratu bazuten ere, bigarren diskoa grabatzen ari dira jada. Beñat Galparsoro (bateria), Oier Gabiria (baxua), Asier Mediavilla (tronboia), Mikele Gurrutxaga (tronpeta), Joseba Gurrutxaga (abeslaria), Joseba Larrea (gitarra), Jokin Zabala (saxo-tenorea) eta Iker Azpeitia (gitarra) musikariek osatzen dute taldea egun.
Mutrikuko AME estudioetan ari dira grabazioak egiten, Axular Arizmendiren gidaritzapean. Punk-rock musika egiten du taldeak, tronpetarekin eta tronboiarekin nahastuta, metal puntu batekin.
«Landuagoa»
Disko berria lehenengoaren desberdina izango dela aurreratu dute. Iker Azpeitiaren esanetan, «gitarrek indar gehiago izango dute disko berrian eta aurrekoa baino landuagoa izango da: melodiak landuagoak izango dira».
Aldaketa horiek egitea nola bururatu zaien galdetuta, Azpeitiak dio taldean kide berri bat dutela orain, Jokin Zabala, eta «ideia berri asko eman» dizkiola taldeari.
«Elektronika sartuko diogu abesti batean, biolinen bat ere bai oso modu kañeroan…», dio. Abesti berezi bat ere sartu dute, dultzaina, trikitixa, panderoa eta bertsoak sartuz: «Bederatzi abesti eginda genituen, eta diska biribiltzeko hamargarrena egitea pentsatu genuen; zerbait berezia», dio Azpeitiak.
Diskoaren izena oraindik zehazteko badute ere, diskoak biltzen dituen kolaboratzaileei erreferentzia eginez, Ahotsak izan daitekeela aurreratu dute. «Abestietako letrak jende ezberdinak egin dizkigu: bertsolariak, irakasleak, kazetariak, ekonomialariak, preso politiko ohiak, tabernariak, gidoilariak, Arrieta ahizpetako Mentxuk, euskal filologoak… eta guztien ahotsak biltzen ditu nolabait diskoak».
Ahotsen bilgune
Hitzak idatzi dituzte lagun horiek, eta kasu askotan, hitzak abestiekin ondo egokitzeko, Ibon Sotilek testuak egokitu ditu.
Gure Esku Dago egitasmorako egin zuten abestia ere disko horretan sartuko dute. «Abestiak oso harrera ona izan zuen herritarren artean», diote taldekideek.
Urrirako, prest
Disko berria ekaina eta uztaila bitartean grabatu dute, baina, irail amaierarako edo urri hasierarako amaituta egotea aurreikusten dute taldekideek.
Grabazioetako irudi gehiago ikusteko aukera dago taldearen webgunean.