Goierrin askori boxeoa arrotz egiten bazaio ere, aspaldikoa da Ordizian kirol horretarako dagoen afizioa. Jaietan egiten den Ordizia Sutan jaialdia da horren erakusgarri nagusia. Goi mailako boxeolariak hartu izan ditu boxeo gauak, anekdota eta istorio ugariz inguratuta. Gaur gauekoa 62. jaialdia izango da.
36ko gerra baino lehen ere izaten ziren borrokaldiak Ordizian. Nahiz eta 50eko hamarkadan bizi izan zituen urterik oparoenak. Afizio sutsua zegoen Ordizian, ringean aritzen zirenak ere ugari.
Aldasoro taberna izaten zuten topaleku lehengo boxeozaleek eta 1950ean sortu zuten Boxing elkartea. Hasieran boxeoaz gain, txirrindularitza sustatzeko kluba ere bazen. Hortik datorkio Boxing Ciclo Club izena. Ordiziako Klasikoa antolatzen zuten, Txapel-Gorrikoekin batera. Nahiz eta geroago azken horiek jarraitu zuen txirrindulari probarekin.
Hitzordu klasikoa
Hasieratik Mariano Galarza izan zuten mezenas nagusia; elkartea sortu eta handik bi urtera antolatzen hasi ziren boxeo gaua ekonomikoki eusteko ezinbesteko laguntza ematen zuena. Boxeoa soilik egiten zen jaialdi haietan, bestelako modalitaterik gabe. Danborrada egunean egiten zen; «danborrada, fariasa eta boxeoa». Horixe izaten zen askoren plana; gizonezkoen plana.
«Huts egin ezinezko zita izaten zen uztailaren 24koa». Hala dio Pepe Caballero ordiziar boxeolari ohiak. Caballero bera Espainiako txapeldun izan zen, Madrilen (Espainia), Bartzelonan (Katalunia) eta beste hainbat herrialdetan ere ibili izan zen. «Boxeolari ugari geunden garai hartan hemen; asko eta onak», dio berak.
Kluba sortu eta handik hainbat urtera, 1978an eman zuten Filipineta kaleko lokala erosteko pausoa. Berez bi etxebizitza hartzen zituen lokala zen, lau milioi pezeta balio zituen orduan. Bazkide bakoitzak 4.000 pezeta jarri behar izan zituen; urteko kuota, berriz, 10 pezetakoa zen. Handik gertu gimnasioa ere irekita zegoen artean.
Urte guzti horietan uztailaren 24ko boxeo gaua mantendu zuten. Ordiziatik hiru munduko txapeldun pasa dira; lau edo bost Europako txapeldun ere bai. Bertan Espainiako txapelketak ere jokatu izan dira. Pedro Carrasco, Perico Fernandez edo Poli Diaz Ordizian izan direnetako batzuk baino ez dira. Jose Manuel Ibar Urtain Zestoako boxeolari handiak ere Ordizian egin zuen debuta 1968an; lehen round-ean KOz irabazi zion Toni Rodriri. Caballeroren arabera, orduan ez zuten boxeo jaialdiak antolatzeko beldur handirik izaten: «Ekonomikoki galerak izaten baziren, Galarzak berehala betetzen zuen txeke bat», dio.
Pedro Carrasko Ordizian aritu eta handik urtebetera omenaldia egin zioten elkartekoek. Ordiziara etorri zen Carrasko eta bitxikeria gisa bere emazte Rocio Juradorekin ez, beste emakume batekin etorri zela dio.
Gogoan du Caballerok Espainiako txapelketa bat jokatu zenean, Valladolideko boxeolari bat pistola eta guzti etorri zela. Ez zioten Guardia Zibilari deitu nahi izan boxeo gaua bertan behera utzi beharko zutelako. Haren prestatzaileari esanda konpondu zuten arazoa.
Beherakada
Hamarkada arrakastatsuen ondoren, beherakada etorri zen. Caballeroren ustez Goierrin zein Euskal Herrian, orokorrean, erreferente falta dago. Beretzat erosotasun kontua da, gazteek ez dute boxeoa aukeratzen. «Txapeldun izateko gosea pasa behar dela zioen txapeldun batek, eta ez zaio arrazoirik falta», dio berak.
60ko eta 70eko hamarkadetako arrakastaren ondoren, ikusleak eta zaleak gero eta urriago ziren urteak pasa ahala. Horren erakusgarri izan zen 2006an gertatua, 40 lagun eskas bildu baitziren soilik urteroko jaialdian.
2007an boxeo gaua egiteari utzi edo eraldatzearen arteko erabakia hartu behar izan zuten. Hala, boxeoarekin batera beste hainbat modalitate sartzen hasi ziren: kick boxinga, valetudoa, judoa edo jujitsua, esate baterako. Borrokaldien aurretik, blues musika kontzertuak ere egiten dira.
Garaietara egokituz
2011 urtean hasi ziren, bestalde, emakumeak ere kartelean sartzen. Beste hainbat kiroletan bezala, boxeoan gizonak izan dira nagusi, nahiz eta emakumeak ere itzalean horretan aritu. Gutxiengoak badira ere, aurten ere bi emakume arituko dira nor baino nor ringean.
Boxingeko zuzendaritzan ere bada emakumerik. Zortzi laguneko taldeak osatzen du zuzendaritza, eta guztien beharra dagoela diote. Orain zuzenean beharrean, promotore bidez ekartzen dira boxeolariak Ordiziara; eta babesleak dituzte.
Boxeo gauaren bezperetan lanpetuta ibili dira guztiak, eguna iritsi eta dena ondo ateratzeko gogoz. Boxeoan ohikoak izaten dira azken orduko lesioak. Gorka Lariz elkarteko zuzendariak aitortu duen gisan «behatzak gurutzatuta» dituzte azken orduan kartelean aldaketa gehiago izan ez daitezen.