Gaurkoan gertutik bizi izan dudan gai baten inguruan hitz egin nahiko nuke. Gertutik esatean, 20 urtetan zehar nirekin eraman dudan egoera batez ari naiz; eraman dudan eta tentuz ibiltzen ez banaiz bueltatu daitekeen gaixotasun batez. Ez da erraza gai honetaz hitz egitea, gaixo gaudenok ezkutatu egiten dugulako eta inguruan daudenak erabat galduta sentiarazten dituelako.
Bizi izan dudanari aurrez, burua tente izanda begiratuz, infernu horretatik pasatzen ari direnekin eta beraien familiekin gutun bat elkarbanatu nahiko nuke. Duela 18 urte idatzitakoa den arren, oso ondo adierazten du ama batek bizi duena, eta, era berean, gaixo dagoen horri ere lagun diezaiokeela pentsatzen dut. Norbaiti balioko diolakoan…
«Nire pentsamenduak,
…garai honetan, zuk pisua hartu beharra duzu, derrigorrezkoa da. Aurrera pausoak emateko beste erremediorik ez duzu. Pisua lortzen duzunean, markatuko dituzu beste helburu batzuk. Zuk ondo dakizu bizitzeko gutxieneko baldintza batzuk behar direla. Elikadura aldetik ere derrigorrezko neurri batzuk daude.
Etxe batek ere, ez baditu zimentu egokiak, erori egiten da. Zure zimentuak erabat ahuldurik egotean, ganbararaino kolokan duzu. Zimentua sendotu gabe ezin duzu beste ezer tinko jarri. Gainera zimentu horren itxurak badu garrantzia, baina bere indarrak eta egonkortasunak gainditzen du garrantzia hori. Ni ez noa orain zu konbentzitzera argala zaudela esanez, zuk egin behar duzu hori. Gaur egungo taulak hor daude, ez dira nire asmakizunak, adituak eginak baizik.
Ispilura begiratu ordez, tauletara begiratu. Bestela, nola ikusten gaituzu gu? Mitxelin-eko propaganda egiten ari den jende multzoa ala? Oraindik behe puntatik kanpora zaude, hori da errealitatea! Behe puntaraino iristen zarenean, zimentuetan juxtu-juxtu behar duzun indarra izango duzu, ez bestela.
Hori egiten duzunean, lehen solairua, bigarrena eta ganbara zuzentzen izango duzu lana. Lan horretan zu izan behar zara enkargatu. Gu zure laguntzaile izateko prest gaude, ez zaude bakarrik. Ez ahaztu, gainera, besteon etxeetako lehen solairuaren parte zarela; zure beharra dugu irauteko!
Badakit egungo egoera oso larria dela. Gaindituko dugu/duzu; laguntza eskatu, horretarako gaude hor. Laster etorriko zara etxera, animo!
Amatxo”
Ez da erraza, baina gutunak dioena erabat erreala da. Gaixo zaudenean ikusten ez duzun arren… aurrera egiteko etxearen zimenduak erabat sendo izatea oinarrizkoa da. Hau lortzean, etxe osoaren sendotasuna bera bakarrik lortuko baita… etxearen sendotasuna eta ganbararen osasuna.
Nireak 20 urte izan dira, 20 urte gora behera askorekin, 20 urte poz baino tristura une gehiagorekin. Baina zimenduak sendotzea lortu dut, etxea seguru dago (momentuz) eta ganbara argi.
Nik lortu dudan bezala zeuek ere lor dezakezue. Ziur nago.