Beasain kirol elkartearen helburuetako bat lehen taldean goierritarren presentzia indartzea da eta dagoeneko eskualdeko sei jokalari daude taldean: Aritz Imaz, Xabier Jimenez, Iñigo Izagirre eta Jon Iglesias beasaindarrak, Lander Iparragirre legorretarra eta Aratz Garmendia ordiziarra. Gainera, bigarren taldeko Raul Cobo, Mikel Diez, Andoni Arruabarrena, Arkaitz Torres eta Ander Goikoetxea beasaindarrak eta Idiazabal taldeko Josu Aranburu aurredenboraldia lehen taldearekin egiten ari dira.
Garmendia, Izagirre eta Iglesias berriak dira lehen taldean. Garmendia aurrelariak 22 urte ditu eta Ordizia taldetik itzuli da Beasainera. Izagirre atzelaria da eta 20 urte ditu eta Iglesiak erdilariak 22 urte ditu. Hiruek jokalari «saiatuak eta borrokalariak» direla eta Hirugarren Mailan jokatzea erronka «polita» dela aipatu dute. Euren helburua ahalik eta partida gehien jokatzea da. Izagirre eta Iglesias itxaropentsu ageri dira, Urtzi Arrondo entrenatzailea iaz bigarren taldeko entrenatzailea baitzen eta ondo ezagutzen baititu.
Iglesiasek eta Izagirrek beasaindar batentzat herriko taldean jokatzea «ohorea» dela diote. Ordizian, ordea, ez dute ohoretsutzat Beasainen jokatzea. «Adarra jotzen ari zaizkit», aitortu du Garmendiak.
Bai beasaindarrak eta bai ordiziarra lan txukuna egiten saiatu behar dira. «Denboraldia ondo hastea da helburua. Gero, gerokoak».