Uda garaiko produkturik preziatuenetako bat da bertako tomatea. Santiago egun alderako, uztailak 25, bertako baratzeetako tomateak jan ohi izan dira, baina aurten ez da horrelakorik. Banaka batzuk gorritu badira ere, udako eguraldi hotzaren eta bustiarenn eraginez, gorrinak jo ditu baratzeetako tomate landareak. «Nahiz eta botikarekin lagundu, tomate asko galdu da», diote Beasaingo azokako baserritarrek.
«Orain berotuz gero, tomate landareak saneatu eta beharbada udazkenean emango dute», dio.
Piper berdeekin ere gauza bera gertatzen ari da; eguzkiaren beroaren zain daude piper berdeak ere. Orokorrean, atzeratuta datoz baratzeetako udako barazkiak.
Negutegiari esker
Dena den, baserrietako negutegiei esker, hain preziatua den bertako tomatea jateko aukera dago. «Negutegiko tomateak oraintxe jo du kolpea», diote. Azoketako baserritarren postuak dira horren lekuko. Tomate ona eta zaporeduna da negutegikoa ere. «Sanoagoa askotan, botikarik gabe, bakarrik etortzen baita». Udazkenari begira, tomate landare berriak landatu dituzte negutegietan.