
Egun batzuetan etxetik kanpo ibili eta gero, herrira itzulita kalera jaitsi nintzen, ohitura dudan moduan paretetan itsatsitako kartelei erreparatzeko asmoz, horien bidez jakingo nuelakoan han-hemen zer egosten ari den eta hurrengo egunetan zer plan egin litekeen. Yoga eta ingeleseko klaseak, pintore eta etxeko garbitzaileen lan-eskaintzak eta horrelako hainbat paper topatu nituen, baina kultur eskaintzari dagokionez, panorama eskasa.
Ez da aurtengo nobedadea. Batzuek betidanik ezagutu dugu horrela: langileek udan hilabeteko oporraldia izaten zuten, umeek ia hiru hilabetekoa, denda askok pertsiana jaisten zuten abuztu hasieratik amaiera arte, diru pixka bat zutenek oporlekuetara alde egiten zuten, etorkin familiak “al pueblo” joaten ziren, eta herri osoak hartzen zuen halako parentesi antzeko bat, hibernatzen duten hartzen antzera baina alderantziz, udako letargoa, siesta luzerako garaia. Hor, lekuz kanpo zirudien kultur eskaintzak, liburutegitik ahal bezainbat irakurtzea ez bazen.
Gauzak asko aldatu dira urteekin. Jende ugari dago oporrik hartu ezin duena, lanik ere ez duelako; dutenek ere, hilabeterako ez baizik boladatxo baterako alde egiten dute; denda eta taberna gehienek ez dute astea baino gehiago egiten itxita; eta, turismo-leku jendetsua bihurtu ez bagara ere, kanpotik hainbat bisitari etortzen da Goierrira, gure bazterrak ikustera eta ezagutzera.
Egoera horretan, galdetzen dut, zergatik baztertu errotik kultur eskaintza? Herriko festak izaten dira hainbat herritan, bai, eta bertan nahi adina jolas eta kontu izango da: erromeriak eta patata-tortilla lehiaketak, txosnetako kontzertu eta kalimotxoak. Baina, parranda-girotik aparte, zergatik ez antolatu udan ere, bertako nahiz kanpotarrentzat, musika-saioak, antzerkiak, zine-emanaldiak, bertsolariak…?
Urteetan, inguru honetako salbuespen bakarra Lazkao izan da: barnetegira euskara ikastera datozenen aitzakiarekin, makina bat teatro, bertso-saio eta kantaldi franko entzundakoa naiz bertan. Zorionez, urte osoko programazioarekin jarraitzen dute ausart batzuek (Urretxuko Motz tabernako kontzertuak, esaterako), eta udan propio eratutako proposamen berriak ere ikusi ditut aurten: Beasaingo Ernaik plaza azpian emandako zinema-saioak, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak bere urteurrena dela-eta antolatutako festa…
Ea joera zabalduz doan, udako jai giroan ere kulturaz goza dezagun, eta ez kulturak jai hartu dezan.