Musikaren arloan hainbat proiektu entzutetsu burutu ondoren, Lazkaoko musikariek beste talde bat sortu dute: Ladislao. Berez, orain dela lau-bat urte ekin zioten proiektu berriari. Estudioko lehenengo lana aurreko astean atera zuten, Pantailak (Bonberenea Ekintzak, 2014). Lau musikari beteranok osatzen dute Ladislao: Joseba eta Iker Artza anaia lazkaotarrek, Xabier Lekuona herrikideak eta Josu Errasti eskoriatzarrak.
Aspaldiko ezagunak eta kideak dira. «Duela lau-bat urte hasi ginen Ladislaorekin. Batez ere bertsioak joz hasi ginen. Anaia Joseba urte eta gehiago kanpoan ibili zen, Argentinatik bueltan, eta gure kantuak sortzen orain dela pare bat urte hasi ginen», gogoratu du taldearen ibilbidea Iker Artzak.
Helburua garbi daukate: gehien gustatzen zaiena eginez ibili. Musika joz, alegia. Irrika horri bide emanda, bertsioekin hasi zena disko propio bihurtu da. Tolosako Bonberenea gaztetxeko estudioetan grabatu dute Pantailak, Karlos Osinaga Txape-ren gidaritzapean. Denera 12 abesti bildu dituzte.
Beren estiloari fidel, punk-rock doinuetan jarraitu dute, «hardcore ukitu batekin». «Abestiak motzak dira, eta egur pixka bat badaukate. Hitzetan denetik azaltzen da. Kritika soziala, gaur egungo gaiak…», dio Iker Artzak.
Atez ate abestiarekin ireki dute diskoa, hondakinen inguruan sortu den polemika deitoratzeko. Bildumari izenburua, berriz, «pantailarekiko daukagun adikzioak» eman dio.
Gai «azkarrak eta zuzenak» ondu dituzte, punk-rockaren esentziatik eta ahots apurtuekin. Bonberenearekin atera duten lehenengo lana dute lazkaotarrek.
Biniloan ere aterako dute
Disko konpaktua banatzen aurreko astean hasi ziren. CD euskarrian atera dute lehenengo Pantailak, 11 kanturekin. Baina binilozko diskoa ere argitaratuko dute. Bi aste barru egongo da salgai, eta «opari bat» ekarriko du, gainera: 12. kantua.
«Binilo zaleak gara, betidanik kontsumitu izan dugu guk, aspalditik. Eta, horregatik, biniloan ere aterako dugu. Fabrikan izugarrizko ilarak sortu dira, pixka bat berandutu egin da, baina hemendik bi astera ailegatuko zaigu», azaldu du Iker Artzak.
Aurkezpen kontzertua
Bost kontzertu hitzartuak ditu dagoeneko Ladislaok. Pantailak diskoaren sehaskan joko dute lehenengoa, Tolosan, bihar. Bonberenea gaztetxean izango da emanaldia, 22:30ean hasita (8 euro). Ladislaorekin batera Willis Drummond talde lapurtarrak ere joko du, Joseba Baleztena bosgarren kidearekin egin duten hamar saioko biraren barruan.
Ladislaoko kideentzat leku berezia da Bonberenea. «Han grabatu dugu diskoa, beti erraztasun guztiak eman dizkigute, eta etxekoak bagina bezala sentitu gara. Aurreneko kontzertua han egin nahi genuen», dio Iker Artzak.
Hurrena, larunbat honetan joko dute, Gasteizen. Ekainean Bermeon (6an), Etxarri Aranatzen (7an) eta Ziburun (21ean) dituzte kontzertuak, oraingoz. «Ari dira gauzak ateratzen», poztu da Artza.
Bestetik, diskoa erosteko Goierriko hainbat herritan banatu dituzte dagoeneko. Lazkaon (Oker, Giroa eta Antsoategi tabernetan), Beasainen (Irizar eta Arrano), Ordizian (Herrikoa eta Orlegi) edo Arrasateko eta Eskoriatzako tabernetan aurkitu ahalko da. Bestetik, Zabaltzen banatzailearekin ere iritsiko da dendetara.
Ladislao taldeak euren zaletasunari bide emateko beste helbururik ez duela argitu du Artzak. Bien bitartean, publikoarentzat eta zaleentzat Pantailak goxokia ateratzeko detailea izan dute.
Ibilbide luzeko musikariek osatu dute proiektu berria, olatuan segitzeko gogoz
Denboran erlatiboki talde berria da Ladislao, baina mila gerratako esperientzia biltzen du. Artza anaiak, Lekuona eta Errasti hamaika taldetan jotakoak dira. Proiektu askok ospe handia lortu zuten, aurreko hamarkadan. Ibilbide luzea dute orain arte ere musikagintzan. Brigada Criminal (1999-2006; hiru disko), Captain Nemo, Los Rockinson, Fist Fucking, Señor No eta Eskoriatza taldeetan aritutakoak dira, bestea beste, lau musikariak.
«Captain Nemo eta Brigada Criminal antzeko garaian utzi genituen. Beti hitz egiten genuen elkartu eta zerbait egin behar genuela, besterik ez bada bertsio batzuk jo. Horrelaxe hasi ginen Ladislaorekin. Besterik gabe atera zaigu. Ezagunak gara eta jotzea gustatzen zaigu. Gure zaletasuna da, eta ondo pasatzeko eta musika jotzeko aukera», dio Iker Artzak.