Harrituta nauka azken urtetan teknologiak hartu duen abiadurak. Itzela.
Harrituta baita ere adinarekin, urteen poderioz nola alderatzen garen aldaketetaz eta nola pasiboki begiratzen diegun «hobekuntzei» edo azken garapenei.
Tira, jada badakizue sakelakoetaz ari naizela edo Facebook eta abarrez noski.
Orain urte batzuk sakelakorik gabe bizi ginen eta nire ustetan, aurrera pausoa izan da sakelako telefonoa, bai horixe.
Hemendik aurrerakoak, Internet, argazki eta bideo kamerak, watxap-a, shazam, wi-fi, facebook, jokuak eta asmatu ezin ditzakedan hainbat gauza. Puffff amatxo maitea. Hori aukera pila eta komunikaziorako erraztasunak.
Ideia hori buruan, kuadrilkak antolaturiko afari batetara joan nintzen elkartera, eta elkar besarkatu ostean afaria prestatzen hasi ginen.
«Begira ze bideo pasa didaten. Ikusi al duzu argazki kamerak egin dezakeena? Joe Interneten ikusi dut kriston bizikleta salgai dagoela eta merke gainera, begira. Etxoin watxapa bidali didate. Joeeeee nere emaztearen kuadrilla da ta…»
Izugarria sakelako telefonoak ematen dituen aukerak. Hori da hori, eta kanpoan dagoen jendearekin kontaktua ere erreza da oso. Batek atzerriko lagun batekin eta besteak kanpoko familiarekin edo etxean utzi duen emaztearekin…
Nik ere antzerako telefonoa dut gaur egun eta orain 15 egun, oporraldia gozatzen ari nintzela emaztea eta semearekin, bizikleta hartu eta Urkirekin joan nintzen Chillidaren «Haizearen orrazia» ikustera.
Argazkia atera eta lagun eta familiari bidali, klik! Erantzunak bat-batekoak izan ziren. «ze ondo zaudeten. Zein leku ederra. Zelako eguraldia. Ze guapo Urki….» Jajajaja. Erantzunak bidali eta beste argazki batzuk izan ziren bueltan. Bakoitza punta batean bazen ere gertutasun ederra somatu nuen, aupa!
Berriro bizikletak hartu ta Groseraino, Sagueseko parkean utzi genituen kulunpioen ondoan. Pipi! Pipi! Pipi! 17 watxap. Ño! Hortxe neraman ez dakit zenbat denbora Urki gerturatu zitzaidan arte.
– Aitatxi! Utzi hori, goazen jolastera.
– Ointxe Urki, zaude pixkat.
Beste 5- 10 minutu joanak ziren eta berriro etorri zitzaidan.
– Aitatxi…
– Esan dizut ba oriantxe noala… –erantzun nion, ez umore goxoz.
Orduan, begiradak eskaini zidanak tristetu ninduen. Nire inguruko guraso denak sakelakoarekin ari ziren, jo ta su. Urkiren begirada ere tristea zen eta amona gazte bat ikusi nuen kulunpioten bere bilobarekin jolasean. Aitona bat baloiari ostikoka eta … lotsa sentitu nuen.
Zutitu eta semearekin jolastea erabaki nuen, pelotatxo batekin ea burnizko hesia nork gaindituko, alde batetik bestera zeinek eramango… Gero baloia atera genuen eta izerdi patsetan iturrira hurbildu ginen, freskatzeko asmoz.
Handik ikusten nuen jendeak sakelakoa erabiltzen jarraitzen zuela, edo maizegi begiratzen ziola, apurtuta balego bezela.
Emaztea gerturatu zitzaigun eta sakelakoa non ote nuen galdetu zidan. Gertatutakoa azaldu nion eta ordundik, Interneteko sarrera, watxapa-a eta besteak egunean bi aldiz pizteko ohitura hartu berri dugu.
Komunikazioa ez al dugu bihurtu jada inkomunikazio? Norbaitekin edo lagun taldean gaudenean, ez al gara beste nonbaitera joaten gure sakelakoen bidez, eta ez al dugu une hori galtzen beste komunikazio baten truke? Eta komunikazio horrek, argazki edo bideoak, agurrak edo galdera erantzunak, ezin al dezake itxaron ordu bete edo egun bat? Noski baietz, eta zaude ziur zerbait garrantzitsua izanez gero, deia jasoko duzula.
Aupa ni! 3.000 lagun dauzkat facebook-en… baina, bakarrik nago nire logelan.