Udako oporrotan gure mendi-basoetako bazterretan ibiltzea egokitu zait. Gogoak gonbidatu izan banindu bezala, txoko desberdinotara hurbildu naiz, eta zer ikusi izateaz gain, zer ikasterik izan dut, bai alajaina!. Asfaltu beltzetik porlan bideetara, porlanetik bidezidorretara abiatuz gertuko paisaietan, naturaren baitan bakeaz gozatzeko aukera izan dut, eta haren bakardadearen isiltasunean ere sakontzeko bidea aurkitu. Bidean, joanean nindoala, iturritxoak ikusi izan ditut, iturritxo xumeak, antoxin bat zutenak, tutu edo hodi batetik ura pol-polka zeriotenak; eta iturriok eraiki eta onbidea eginez itzalean egoten dakiten pertsona ezezagun horietaz oroitu naiz, musutruk mesede eginez era otzanean lanean aritu diren gizaki hauetaz; bejondeizuela zuoi, isilpeko ongileak, irakasbide jator zarete guretzat, hamaika zurrutada luze egiten jarraituko dut zuon alde.
«Gorputzaren, haragiaren egia, ogia/izpirituaren, adimenaren ogia, egia/arimaren, gogoaren egia eta ogia, ederkia», dio Joxan Artzek bere azkeneko liburuan, fin asko azaltzen du Usurbilgo poetak ogia, egia eta ederkia zer diren, baina, oraingoan neuk ogian jarri nahi nuke arreta. Aspaldi da ogiaren inguruko ekoizleen esku-lanean erreparatzen dudala, langile apal eta men hauen jardunean, egia esan, beren lanaren aldeko apustu gogorra egin dutela ohartzen naiz, plazaz plaza ibiltzen dira, batean zein bestean saltzen, eta, hurrengo baterako guri zer eskainiko diguten pentsatzen. Ezagunak dira Sagaspe, Berroeta baserrikoak, baita Hariztizabal-go Mailu eta Xabi, Goiti-ko Luis Mari eta Rakel, ogi ekologikoaren egile porrokatuak, eta Brinkola aldean, udara honetan, bere ilobari esker, ezagutzeko aukera izan dudan Igaralde baserriko Tibur, Artzain Egunean merezimenduzko omenaldia jaso zuena. Ez duzue guztiok meritu makala, zuon egite onak eta jarrera zintzoak badu, egiazki, hemengo honexen esker ona.
Lerro hauen bidez ere, zuri, Serafin Jaka, zendu ondoren, soinez joanda ere, gogoz guregan zauden lehengusu eta lagun jatorrari, honako hitzok eskaini nahi dizkizut. Zeuk apalki emandako hitzak, bizipenak, sentipenak modu berean itzultzen dizkizut, zurekin bat eginez, sinpleki eta dotoreki tximeletak bere hegoak taupatzen dituen bezala, plegatze bakoitzean hegoak itxiz eta irekiz, hala ikusten baitut zure aritzea, eman eta aritu, aritu eta aritu, bide eginez, bide izanez. Bat egite garbian egin nahi dut zurekin eta etxekoekin, bai Miren, Andoni eta Joanesekin, gizakiagotzen gaituen Maitasun horrekin, biziarekiko eredu zen eta den zure jakintza eta umiltasunarekin, ukitzen jarrai gaitzala eskatuz. Guztiagatik, eskerrik asko.
Azkenik, Arcelor Mittal-eko langile guztioi hurbiltasuna adierazi nahi nizueke hemendik. «Hitzak, beti, egiten du bide», zioen Joxe Miel Barandianek, ba, izan bitez hitzik egokienak, zentzuzkoak, irtenbidearen ate, ez handien mesederako eta xumeen kalterako, ez, apaltasunaren iturriak jario egokia isur beza nagusiengan langileen errealitatea ulertzeko eta langileek bermatzerik izan dezaten eguneroko ogia, ezinbesteko baitzaie berori. Josu eta Jokinek aspaldiko kantu batean zioten moduan: «Morroiak nagusiari zor dio gorantza, bainan sekulan ez dut galdu esperantza, batak eta besteak berdin izateko, nagusia morroiari belaunikatzeko», bat egite horretan, elkar hartzearen ezagutzan dago irtenbidea edo gakoa, guk makurrarazten dugu edo goratzen bestea, uraren antzera malgu izanez edo ogia bezala, gozo zein mamitsu agertuz. Beraz, zer ikasi badugu, eta honetan, beste zenbait egoeratan bezala, Ghandi-ren hitzak aproposak dira: «Egiten den oro hutsa izango da, baina egitea komeni da». Egin eta ekin dezagun, elkar hartze horretan elkarrekin bada, hobeto, erakutsiko dugun nortasun zintzoak egingo du bestea.