Asteburu honetan legazpiarrek Agorreko Santikutzak ospatuko dituzte. Julian Auzmendik (Azkarate, Nafarroa, 1946) Gorostiagako erromerian eta kantu afarian parte hartuko du. Auzmendi txistularia, argazkilaria eta bidaiari amorratua
da.
Festa zalea al zara?
Urte askotan txistulari taldearekin eta dantzariekin jo dut herrian antolatzen diren festa guztietan. Horrez gain, txistu kontzertuak antolatu ditut, mikologi taldeko kidea naiz, Artzain Eguneko antolaketan parte hartu dut… Saltsa askotan egon naiz. Festa zalea naiz, baina ez parranda zalea.
Agorreko Santikutzak gustuko al dituzu?
Gehien gustatzen zaidana Gorostiagako erromeria da. Apur bat jaitsita dago, baina garai batean oso giro polita egoten zen. Dena den, eguraldiaren arabera gorabehera asko egoten dira. Kantu afaria ere oso gustuko dut. Oso giro polita sortzen da.
Bi ekitaldi horietan parte hartzeko asmoa duzu, beraz.
Hala da. Txistulari taldea utzi nuen (kontzerturen batera edo bestera bakarrik joaten naiz), baina Gorostiagara txistua eramaten dut. Gazteei lekukoa pasa nien eta txistulari talde polita igo dela ikusi badut, ez dut jotzen. Nire beharra dagoela ikusten badut bakarrik jotzen dut. Aurten ere txistua eramango dut: ez dut gehiegi erakutsiko, baina hor egongo da, badaezpada ere.
Zer diozu kantu afariaz?
Urtero parte hartzen dut. Aurten berezia izango da, gainera. Gure Esku Dago egitasmoaren barne Latxartegin jaialdia antolatu zuten eta abesbatza txiki bat sortu genuen egun horretarako. Kantu Afarian ere abesteko eskatu digute. Dena den, urtero joaten naiz, emaztearekin eta arrebarekin. Seme-alabak ere joaten dira. Ez dut asko balio abesteko, baina ondo pasatzen dut.
Dena den, gehien atsegin duzuna txistua jotzea da. Zer eman dizu txistuak?
Dirurik ez, baina poz asko. Nire gustuko gauza bat egiteko aukera eman dit eta lagun onak egin ditut. Oraindik, Eguberri eta Urte Berri egunean, maiatzaren 3an eta Gorostiagako erromerian jotzen dut. Ez dut nire burua txistutik urrun ikusten, beti inguruan edo barruan. Urretxuko, Zumarragako, Legazpiko, Oñatiko, Idiazabalgo eta Beasaingo kontzertuetan jotzen dut. Aitzakia horrekin, ez diot txistua jotzeari uzten. Izan ere, txistua jotzen ez da ahazten, baina urteekin baldartu egiten gara.
Bidaiatzea ere asko gustatzen zaizu.
Azken 16 urteotan furgonetarekin bidaia asko egin ditugu. Espainiar estatuko herrialde guztietan egon gara, Murtzian ez ezik. Duela gutxi furgoneta anaia gazteenaren seme-alabei saldu diet.