Izaro Intsausti eta Eñaut Arretxe Argentinan izan dira
Necocheako Euskal Etxean. Hator Hona proiektuarekin
euskal dantzak eta euskara erakusteaz gain,
euskal diasporarekin harremanak sendotzea izan dute helburu.
Ahaztezinezko esperientzia bizi izan dute Izaro Intsausti ordiziarrak eta Eñaut Arretxe segurarrak aurtengo udan. Uztailaren 18tik abuztuaren 8ra, Argentinako Necochea herriko Euskal Etxeak sortutako Hator Hona proiektuan parte hartu dute.
Hator Hona egitasmoa 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako egitasmoa da eta Euskal Herriko beste zazpi gazterekin batera, argentinarren neguko oporrak aprobetxatuz, hiru astez, euskara, dantza, trikitixa, panderoa, herri kirol eta gastronomia eskolak eman dizkiete argentinarrei. Hiru astez, astelehenetik larunbatera, arratsaldetan, Euskal Etxean bertan eman dituzte eskolak.
Adin desberdinetako taldeak izan dituzte Arretxek eta Intsaustik. Arretxek, euskara eskoletan, 14-16 urte bitarteko talde bat eduki du, adibidez. «Interes handia zuten euskaraz eta Euskal Herriaz. 14-16 urte bitarteko gazteak girotzen badira, adibidez, jarraipena ziurtatuta dago».
Euskal Etxera gerturatzen diren gehienak euskal jatorrikoak badira ere, denetarik dagoela diote. «Batzuk lehenengo hiru abizenak italiarrak dituzte eta euskal abizena ez dakite non daukaten. Baina ikaragarria da nola bizi duten hau dena».
Dena den, helburu akademikoa baino harago doa Hator Honaren helburua: gazteen arteko harremanak sortzea eta euskararen eta Euskal Herriaren harra piztea. «Euskal Etxekoek badakite Hator Hona programarekin hiru astean inork ez duela euskararik ikasiko edo trikitixarik jotzen ikasiko. Baina helburua, euskal kulturaren harra piztea da, eta Euskal Herriarekin lotura mantentzea», azaldu du Eñaut Arretxek.
Euskal komunitatea
Hator Honako gazteek hegaldia bakarrik ordaintzen dute eta Necocheako familietan eman diete ostatua gazteei. Arretxe, gabiriar jatorria duten Antonio Alustizaren eta Ignacioren (ikus 12.orria) etxean egon da. Intsausti, berriz, Hator Hona proiektuaren sortzaileetako baten etxean.
Euskal komunitateak Necochea hirian duen indarra bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. «Hego Amerikako euskal etxerik handienetakoa da Necocheakoa. Gu harrituta gelditu ginen. Eraikina bera oso handia da eta urtean zehar ekitaldi asko egiten dituzte. San Sebastianak, Inauteriak, Sanjoanak, Saninazioak… Oso aktiboak dira eta ekintzak antolatzeko prestutasun handia dute», dio Intsaustik.
«Hunkigarria da 12.000 kilometrora Euskal Herria
eta euskara nola bizi duten ikustea»
Izaro Intsausti (Dantza irakaslea)«Euskal kulturaren harra piztea eta Euskal Herriarekin
lotura mantentzea da helburua»
Eñaut Arretxe (Euskara irakaslea)
San Inazio egunean, adibidez, ekitaldi handia egin zuten: 300 lagun elkartu ziren afarian. «Necocheako euskal komunitateak indar handia daukala ikusten da. Herriko plazan, Gernikako arbolaren kimua daukate, el retoño deitzen diote beraiek», gaineratu dute.
2016ko azaroan Argentinako Euskal Aste Nazionala antolatuko du Necocheako Euskal Etxeak. Urtero, Argentinako euskal etxe batek antolatzen duen festa handia da.
Harremanak sendotu
Euskal Herritik 12.000 kilometrora Euskal Herria eta euskara nola bizi duten ikustea hunkigarria dela diote. «Indarra ematen du», gaineratu dute. «Lehenengo egunean izugarrizko harrera» egin zieten. «Agurra dantzatu ziguten, afaria antolatu zuten… Afalondoren, Otxote deituriko gizonezkoen taldekoek Boga Boga abestu ziguten. Hunkigarria zen benetan, hura antolatzeko zer nolako sentimentua jarri zuten ikustea. Ilusioz betetzeko esperientzia ona izan da».
Bizitako esperientziaren ondotik, Euskal Herriko gazteentzat aukera ona dela diote. «Luxua da, hainbeste kilometrora euskal kultura nola bizi duten bizi eta ikusi ahal izatea. Hemen euskal munduan gabiltzanok ikusten dugu kosta egiten dela, beti tiraka ibili behar dela. Argentinara joan eta pilotari buelta ematea bezala izan da. Jendeak han gehiago eskatzen du».
Garbi daukate Intsaustik eta Arretxek: «Ezagutu beharrekoa da. Gazte guztiei gomendatzen diegu. Gu ere itzuliko gara». Hori bai, neguan ezagutu dute Argentina, «eta udan ezagutu beharra dago. 2016ko euskal astea ez da aukera txarra izango», gaineratu dute.
Ezezagutza
Argentinako egonaldiarekin «euskal diaspora zeinen gutxi ezagutzen dugun» konturatu dira goierritarrak. «Munduan zehar euskal etxeak badaudela bai, baina hortik aurrera ez nekien askoz ere gehiago. Euskara ikastea, txiki-txikitatik euskal dantzak ikasten hasten ikustea… izugarria da. Hemengo askok baino hobeto egiten dute dantza. Eta hori dena hemen ez dugu ezagutzen. Gure Esku Dago egitasmoarekin ere giza katea antolatu zuten Necochean. Askotan ez daukagu hangoen berri», dio Arretxek.
Harremanak saretu
Euskal diasporaren eta Euskal Herriaren arteko harremana saretu beharra ikusten dute goierritarrek. «Diaspora ondo saretzeko lanean jarraitu behar dugu. Haiek badaukate gure berri. Interneta aldaketa handia izan da beraientzat eta gaur egun Internetarekin baliabide asko dituzte Euskal Herriko informazioa jasotzeko. Baina kontrakoa falta da: diasporan egiten dutenaren berri Euskal Herrian ezagutaraztea eta kanpoko babes hori sentitzea».
«Euskal Herrian ez da ondo ezagutzen diasporaren egoera, eta pena bat da»
Ignacio Alustiza (Necochea, Argentina, 1991)gabiriar jatorriko argentinarra da. Gabiriako Oñatibi-Haundi baserriko Antonioren semea. 1956an, Antoniok bi urte zituela joan ziren Argentinara bizitzera. Familian euskararik gorde ez bazuten ere, bilobak euskaraz ikasi du eta Necocheako Euskal Etxeko kideetako bat da.
Zure aitak euskararik ikasi ez bazuen ere, zuk zeuk euskara ikasi duzu.
Bai, ikasi dut bai eta ikasten ari naiz oraindik ere. Euskara familian galdu egin zen. Garai hartan, beste herrialde batean hizkuntza mantentzea zaila izan zen. Argentinara etortzean aita oso txikia zenez, bere hizkuntza beti gaztelera izan da. Gainera, aitonaren eta aitaren anai txikia hona etorri eta urte pare bat geroago hil ziren. Harrezkero, amonak eta aitak beti erderaz hitz egiten zuten etxean.
Nik amona ezagutu dut eta txikitan, honelaxe kantatzen zigun anaiari eta bioi berarengana goxokiak eskatzera joaten ginenean: Saltzen, saltzen, txakur txiki baten karameluak…. Gaur egun, zorionez, Argentinako euskal etxeetan eta unibertsitatean euskara ikasteko aukera dugu, eta saltzen eta txakur zer diren ikas dezakegu.
Necocheako Euskal Etxeko kide zara. Kide asko al zarete?
Necocheako euskal etxean kide asko gara, bai. Ekintza asko egitera joaten da jendea, eta ez da beharrezkoa euskal jatorririk edukitzea. Ateak irekita daude bai euskara ikasi nahi duenarentzat, bai euskal dantzak gustatzen zaizkionarentzat, baita lagunekin tragotxo bat hartzera joaten denarentzat ere.
Euskal Etxeak zein funtzio betetzen du?
Historian zehar, Argentina izan da munduan euskal etorkin gehiena jaso duen herrialdea. Euskal kultura mantentzea eta zabaltzea dira euskal etxearen funtziorik garrantzitsuenak, baina ez dago isolatuta. Hau da, Euskal Herrian ez gaudenez, lur honen kultura ere sartzen da, noski.
Eta Hator Hona proiektuak?
Orain dela 10 urte sortu zuten Hator Hona proiektua. Asmoa da Euskal Herriko gazte talde bat eskolak eta tailerrak ematera etortzea (euskara, trikitxixa, panderoa, txalaparta, euskal dantzak, herri kirolak, euskal gastronomia). Hiru aste pasatu eta gero, oso harreman politak sortzen dira euskal etxeko jendearen eta Euskal Herritik etorritako gazteen artean. Zorionez, hemendik hara ere joan dira hiru talde.
Nolako harremana duzue Euskal Herriarekin?
Euskal etxeko helduekin hitz egitean konturatzen gara Hator Hona proiektuari esker Euskal Herriarekin harremana berpiztu egin dela. Eta urtero ikus dezakegu, adibidez, aitona-amonak euskararekin eta dantzarekin hasten direla. Eta beste aldetik komunikazio berriek, sare sozialek, Euskal Herriko eguneroko albisteak ematen dizkigute. Harremana geroz eta indartsuagoa dela esan daiteke.
Euskal sentimendua gordetzen al dute belaunaldi berriek?
Bai, dudarik gabe. Argentinan 100 euskal etxe daude, gutxi gorabehera. Guztietan ikasten da euskara, eta ia-ia guztiek dute dantza talde bat. Ekintza gehiago ere egiten dira, baina hizkuntza eta dantza dira nagusienak. Ikusgarria da nola interesatzen zaien gazteei Euskal Herrian gertatukoa. Euskal jatorririk ez dutenei ere gertatzen zaie gauza bera. Nik uste dut Euskal Herrian ez dela ezagutzen ondo diasporaren egoera, eta pena bat da.
2016an Euskal Aste Nazionala egingo duzue Necochean. Zer izango da?
Argentinan urtero egiten da festa handi bat, euskal etxe guztiak biltzen diren festa: Euskal Aste Nazionala. Hitzaldi politikoak, euskara tailerrak, dantza emanaldiak, liburu aurkezpenak, erromeriak… denetik egiten da. Normalean Euskal Herritik etortzen dira musikariak, dantzariak, politikariak. 2016an necocheatarrei tokatzen zaigu euskal astea prestatzea. 2011n Goierriko talde bat etorri zen bere musikarekin festa animatzera, Drindots taldea. Animatzen bazarete, ongi etorria emango dizuegu.