Ekainaren bukaeran eta irailaren hasieran durundi sorgortzailea ateratzen dute Irungo eta Hondarribiako alardeek. Guda ekintza jakin batzuen oroimena gordetzen dute. Baina, behinola, herriaren arma erakustaldiak izaten ziren alardeak, foru milizia herrikoiak osatu eta urtean behin, gutxienez, defentsa indarra erakusteko betebeharra.
Goierrin ere egiten zituzten arma alardeak. Gaur egun, Legazpin dute ohitura, 1994an berreskuratu ondoren. Baina, zenbait ikertzaileren iritziz, Zumarragako, Legazpiko eta Beasaingo ezpata-dantzak ere garai bateko alardeen aztarna dira, armak (zuriak, kasu horietan) erakusten diren heinean.
XVI. mende hasierakoak dira Goierriko lehen aipamenak alardeei buruz, nahiz eta agindua 1397tik aurrera jarria izan daitekeen, Gipuzkoako hiribilduak Anaitasunean elkartzen hasi zirenean, hain zuzen, jauntxoen botereari aurre egiteko.
1506an, Legazpin borrokarako gai ziren herritarrek («160 gizon baino gehiago», agiriek diotenez) Segurara joateari muzin egin zioten, bide luzea zegoela eta. Garai hartan Seguraren administraziopean zegoen Legazpi, eta han aurkeztu behar zituzten armak, gainontzeko herriek bezala. XVI. mende osoan etengabeko eztabaida eragin zuen auzi horrek, harik eta 1608an Legazpi udalerri beregain bihurtu zen arte.
Adibidez, 1516ko otsailaren 14an, Legazpi bezala, Zegama, Idiazabal, Ezkio, Gabiria, Ormaiztegi, Mutiloa, Zerain, Astigarreta eta Gudugarreta ere Segurara deitu zituen alkateak, armak erakusteko. Legazpiarrek uko egin zioten, Segurako alkateak beren herrira joan behar zuela argudiatuta. Segurak auzitara eraman zuen Legazpi.
Herriaren indar erakusle
Alardeen helburua «herriaren indarra» erakustea zen, Jose Luis Ugarte ikertzaileak dioenez. Herri, auzo, bailara edo komunitate bakoitza bere banderapean biltzen zen. Milizia militarki hierarkizatua zegoen, kapitaina (alkatea), alfereza (hark eraman ohi zuen bandera, agintean bigarrena zenez), sarjentuekin eta soldaduekin. Herritarrek zeuzkaten armak eraman behar zituzten.
Agerraldietan parte hartzea nahitaezkoa zen. 1614an, Legazpiko Udalak gai ziren bizilagun guztiei dei egin zien. Hurrengo urtean, Frantziako erregina Ana Austriakoak Legazpi zeharkatu zuen, eta 18 eta 56 urte arteko gizon guztiak ekitaldian parte hartzera derrigortu zituen.
Normalean urtean behin egiten ziren alardeak, Pazko igandean. Egin, eta ez ospatu, ez zeukatelako jai kutsutik ezer. XVIII. mendean, Legazpin urtean lau alarde egitera iritsi ziren: Santikutz egunez (maiatzak 3), Korpus Kristi festan, Zortziurrenean eta San Joan egunean. Udaletxe berria eraiki eta plaza berritu behar zutenean ere, 1730ean, «plaza berria armak erakusteko ekitaldietan erabiltzeko modukoa» egiteko baldintza ezarri zuten.
Ugarteren arabera, XVIII. mendearen bukaeran, Euskal Herrira iraultza-ideiak iritsi zirenean, herrietako miliziek erakustaldi militar hori zalantzan jarri zuten, eta handik aurrera festa modura hasi ziren ospatzen, gehiago. Euskal foruak indargabetu zituztenean, 1876an, alardeak egiteari utzi zitzaion.
Bere gaintasunaren ikur
Indarra erakusteaz gain, herri baten burujabetasunaren ikurra ere bazen armen alardea. Ezkio, esate baterako, 1661ean bereizi zen Seguratik. Urtebetean pikota eta kartzela eraiki (zigor jurisdikzio boterea) eta alardea antolatu zituzten. 1663an, beregaintasuna garesti irteten zela ebatzita, ondoko bi udalerrirekin batu zen, Gabiria eta Zumarraga (Argisaoko Gurutze Santuaren batasuna), baina ez hiribildu batekin.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek 1796an Seguran bertan egin zuten bileran, oraindik udalerriei gogorarazi zien urtero alardeak egin beharra zeuzkatela, eta kontu eman.
Seguraren menpe zeuden herriek gastuak ere ordaindu behar zituzten
Erdi Aroaren bukaeran, bailarako bi hiribildu (Ordizia eta Segura) nagusietara bildu ziren herriek, armak han erakutsi behar izateaz gain, hiriburuaren defentsaren gastuetan ere parte hartu behar izaten zuten. Seguraren menpeko ziren Idiazabal, Zegama, Zerain, Mutiloa, Ezkio, Ormaiztegi, Gabiria, Astigarreta eta Gudugarretari 1470ean ezarri zioten betebehar hori.
Segurak honako gastuak ordaintzeko partea eskatu zien: hiribilduko itxitura, harresi, dorre, ate, lubaki eta kartzelak konpontzearenetan; alkate, fidel, eskribau, erregidore, prokuratzaile, herriko pregoilari, morroi, mezulari eta probintziako batzar nagusi, berezi eta partikularretara bidalitako ordezkarien soldatena; Seguran gauero zaintza egiten zuten lau goardien eta ofizialaren soldatena; ekaitz aldietako gaueko zaintzaren kostuarena.
Menpeko herriek erantzun zioten inoiz ez zituztela gastu horiek ordaindu, eta aurrerantzean ere ez zeukatela asmorik. Salvatierra de Iraurgiko (Azpeitia) Juan Perez de Bikuña batxilerra jarri zuten epaile, eta hark ordaintzeko betebeharra zeukatela agindu zien menpeko herriei, 1.000 doblako isunaren mehatxupean.