Amaia Erbina (Ordizia, 1997) 7ko errugbian aritzen da. 16 urte bete arte, Ordizian aritu zen mutil taldean,alabaina, araudia dela eta, egun emakumeekin jokatu behar du, eta azken denboraldian, Hernaniko taldean aritu da.
Nolatan hasi zinen errugbian jokatzen?
5 bat urte nituenean hasi nintzen. Nire bizitzan errugbiak beti izan du pisu handia; nire aita jokalaria izandakoa da, eta anaiak ere jokatzen du, beraz, beti izan dut errugbiaren erreferentzia. Aita izan zen, hain juxtu ere, entrenatzera eraman ninduena.
Espainiako selekzioarekin, Gazteeen Joko Olinpikoetan izan zara Txinan. Zer nolako esperientzia izan da?
Oso denbora gutxirekin abisatu zidaten, hilabete lehenago. Aurretiko aukeraketa moduko bat egin zuten, 25 nesken artetik 12 aukeratu zituzten, tartean ni. Une hartatik aurrera benetan sinestezina izan da. Txinan egonda ere ezin nuen sinetsi. ikusgarria izan da. Errugbiari dagokionez, sekulako selekzioen aurka lahiatu gara, Hala nola, Australia edota Kanadaren aurka, munduko selekzio onenetakoak. Gainera,errugbiaz harago, beste kultura batzuk ezagutzeko ekintza ugari antolatu dituzte. Benetan aberasgarria izan da zentzu guztietan.
7ko errugbian lehiatu zarete, eta 5. postua lortu duzue.
Bai hala da. 7ko errugbia etorkizuna duen modalitatea da. Era honetako txapelketa laburretan errugbiak ez du lekurik izaten; 15ekin jokatzen den errugbiak txapelketa luzeagoa eskatzen du, aldiz, 7koan, zati bakoitzak 7 minutu irauten du, eta 7 jokalarirekin jokatzen da; hori dela eta, askoz azkarragoa izaten da norgehiagoka.
Zein helburu dituzu?
Errugbian jarraitzea da helburuetako bat, jakina. Ikasketei dagokionez, ikastera kanpora joatea gustatuko litzadake, mundua ezagutzea eta bidaiatzea izugarri gustatzen baitzaizkit. Edonola ere, ikasketei eutsiz bada ere, nire bizitzaren %80a izango da errugbia. Nire ametsa Espainiako selekzio nagusian jokatzea da.
Nola ikusten duzu emakumea errugbian?
Orain dela gutxira arte emakumeen errugbia ia ez zen ezagutzen. Niri ere esan izan zidaten zer egingo nuen 16 urte betetzean, ez zegoela emakumeen errugbirik. Baina, badago, noski. Zorionez, orain, gero eta gehiago ari da ezagutzera ematen.
Zer esango zenioke errugbian izena emateko zalantzak dituen norbaiti?
Probatu egin behar duela.Jendeak gauza asko esango dizkio, astakilo kirola dela, kasu. Baina ausarta bazara, eta gauza berriak probatzea gustuko baduzu, ezagutu egin behar duzu; harrapatu egingo zaitu, ziur. Oso kirol osoa da, fisikoa, burua abiadura, denetik behar da, eta edozein pertsona izan daiteke baliagarria, lodia, txikia, altua zein argala izan.