Ana eta Irene Usabiaga ordiziarrek primerako lana egin dute Galapagarren (Madril) egin den Espainiako pistako txirrindularitza txapelketan. Euskadiko selekzioak lortu zuen lehen postua elite mailan, 7 urrezko domina, 6 zilarrezko eta 4 brontzezko erdietsita.
Ordiziarrek emaitza bikainak lortu zituzten bertan. Irenek banakako jazarpen proban eta puntuazioan urrezko dominak erdietsi zituen, eta Anak, berriz, taldekako abiadura proban eta scratch probetan. Halaber, lehen postua lortu zuten elkarrekin taldekako jazarpen proban.
Txapelketari bakarkako jazapenarekin ekin zioten, oso proba baliagarria norberaren eta gainontzeko lehiakideen maila ikusteko. «Proba horretan erreferentzia objektiboa lortzen da, eta benetan, erritmo sendoa eramateko gai zaren, eta besteak ere nola dauden ikusten da», azaldu du Irenek.
Lehen proba horretan Irenek egin zuen denbora onena, baina Ana ere ondo moldatu zen hirugarren denborarik onena lortuta: «Gure denborak onak zirela ikustean konfiantza handia eman zigun hurrengo probetara begira», adierazi du Anak.
Txapelketako emaitzak agerian uzten dute zer nolako maila duten bi ahizpek pistan; alabaina, ordiziarrak errepidean ere ibiltzen dira. Nolanahi ere, Anak, behinik behin, argi du bere helburuak pistan dauzkala: «Errepidea nik batik bat entrenamendu moduan planteatzen dut , nire denboraldia pistara begira planteatzen dut».
Irenek, berriz, oraindik ez dauk oso argi zein modalitate aukeratuko lukeen «biak ditut gustuko, egia da pistan emaitza hobeak lortu ditudala, baina errepideko txirrindularitzak denbora gehiago ere eskatzen du, eta oraindik ezin izan diot eman. Datorren urtetik aurrera, denbora gehiago izango dudanez, hobeto ikusi ahal izango dut».
Etorkizuna airean
Bi ordiziarrek oso barruan daramate txirrindularitza grina, eta gainera, maila gorenean dabiltza. Ana Eustrak Euskadi pistako taldean dabil, eta Irene Lointek errepideko taldean.
Baina, profesionaletan dabiltzan arren, zailtasun ugari dituzte, pistako modalitateak oraindik ez baititu laguntza asko; «gauzak ez daude ondo, eta oso gogorra egiten da», aitortu du Anak.
Ireneren kasuan, diru-laguntza bat jasotzen du, 23 urtetik beherakoei ematen zaiena. «Oinpiar jokoetara joateko aurrez nazioarteko lasterketetan puntuak lortu behar izaten dira, eta horietara joan ahal izateko dirua behar denez, laguntzatxo bat ematen dute»
Hain juxtu ere, horixe du xede Irenek, 2016ko joko olinpikoetan parte hartzea. Anak, berriz, dagoeneko lortuak ditu munduko kopara joateko puntuak, eta bere erronka, orain, kopan lan ona egin eta munduko txapelketarako sailkatzea izango da.
Etorkizuna nahiko ilun ikusten dute, egun, ordiziarrek. Pistan jarraitzeko bidea bientzat Eustrak Euskadi taldea da, baina desagertzeko zorian dago; horrenbestez, une honetan etorkizuna «beltz» ikusten dutela airtortu dute. Edonola ere, euren esku dagoen artean argi dute jarraituko dutela.