Ezinezko. Ba ote, ate edo aukera gehiago itxiko dituen hitzik? Iluntasun haundiagorik sortzen duen hitzik? Ba ote hitz desegokiagorik?
Hitzek edo hitzen erabilerak, pentsamendu bat dakar atzetik. Eta pentsamenduak jarrera bat. Eta jarreraren arabera, bizitzaren bidegurutzeetan aukera ezberdinak irekitzen edo ixten dira. Irekitzen edo ixten ditugu, hobeki esanda. Aukera ugariko garai batean bizi omen gara. Ustez, garai ezberdinek duten eraginez harago, aukerak-bidegurutzeak guk sortzen ditugu.
Baditugu milaka adibide munduan. Makina bat gure herrian. Garai oso-oso ilunetan sortu, garatu eta gaur egunean bai hemen bai munduan dizdira handitzen doazen adibideak. Adibideez gain, sortzaile hauen testigantza zuzenak edukitzeko ohorea eta aukera ere badaukagu. Are gehiago, egindako lana eskertzeko aukera ere.
Adibideekin Ezina, Ekinez, Egina harkaitzean zintzelkatu zuten belaunaldia. Debeku eta etsipenen gainetik, berez «ezinezko» ziruditen proiektu asko sortu, hauspotu eta sendotu zituzten herritarrak. Ameslariak. Amelari libreak. Nola bestela.
Gure hizkuntza debekatua zegoen garaian, hezkuntz sistema frankista aukera bakartzat zegoela zirudien garaian, euskal hezkuntza sistema propioa sortu eta gaurdaino sendotu zutenak.
Muga mentalez gain, muga fisikoak zeuden garaian, langileek sortutako kooperatibak, gaur egun munduko edozein txokotan hemen sortzen den produktuak eramateaz gain, lan harreman eredu bat zabaltzen dutenak.
Euskal kultura, arlo ezberdinetan piztu edo berpiztu eta indartu zutenak,…
Ameslari haiek, hauek, 50-60 hamarkadan elkarrekin sortutako inertziak eragindako uhinaren aparrak iritsi zaizkigu gaurdaino. Egindako lanarekin ireki zituzten bideetan goaz gu pausoak ematen. Maiz hori horrela izateak zenbateko lan eta izerdi kostatu denaren perzepzioa galduta. Guzti horiek berezkoak edo oinarritzat direla sinistuta.
Sortzaile horien oinordekoak izanik, herentziz jasoak ditugu eredu, adibide, irakaspen eta balore guzi horiek. Eta utzi diguten lekukoaren, zein eskertuta eta harro gauden nahikoa eskertu ote diegun dudarekin.
Esango nuke, ziklo baten oinarri garrantzitsuenetariko bat, herritarrak zegokien ardurak bereganatzea izango litzatekeela. Eta baturak sortzen duen indarraren adierazgarri, tresnatzat auzolana. Herritarrak biltzea, elkartzea, ahalduntzea, ardurak hartzea, gure bizitzen protagonistak bihurtzea… Azken finean, herritarrak Gure Esku Dago jarrera barneratzean dago ziklo oso baten oinarria. Katalandarrek barneratu duten jarrera adibidez.
Hor dago koxka. Zain egon gabe, pausoak emanez bila irtetzea. Kanpora begiratu partez, barrura begiratzea. Besteek zer egin beharko luketen esan gabe, geuk egitea.
Igo gaitezen gure barneko atalaiara. Eman diezaiogun perspektiba gure bizitzei. Irudikatu dezagun utzi nahi dugun eredua, adibidea, baloreak… Uzta jasotzeko eta biltzeko garaiak izan ditugu. Baina hartzeak badu segida: ematea.
Lurra landu, hazia landatu, ureztatzeko garaia iritsi da. Guk egin dugun gisara, ondorengoek harrotasunez eredu baten uzta jaso dezaten. Zintzotasunez elkartzen, batzen, borondateak ehuntzen hasi gaitezen. Denak gara mosaiko erraldoi honetan beharrezko piezak.
Txikitik haundira pausoak emanez.
Ameslari izanez. Ustezko «ezinezko» horiek egi bihurtuz.
XXI. mendeko gure hitzak idazteko: Etorkizun, Elkarrekin, Erabaki. Unea iritsi da. Har dezagun bidea.