Tere Madinabeitia
Familia handitu dugu azken asteotan. Tiroekin beldurtu egiten delako ehizerako ez duela balio eta, gure etxean amaitu du Lur izeneko txakurrak. Zintzoa da, maitagarria eta aginduak betetzen dituena. Baina ez du ehizerako balio, eta horretarako erosi eta hezi zuten. Gure etxean ez dugu horretarako nahi, eta, orokorrean, ongi etorria izan da eta maitatua izango da. Etxe berria eta família berria aurkitu ditu, etorkizuna ziurtatuta dauka. Ez ordea bere jabe zaharrak gurekin topo egin ez balu, txakurtegira eramateko asmoa zuen eta. Lur gure bizitzetan agertu zenean puri-purian zegoen txakurtegien gaia; gure lurraldeko bat itxi egin behar zutela eta, hango animaliak adoptatzeko kanpaina martxan zegoen (denok dakigu zer gertatzen den adoptatuak izatea lortzen ez dutenekin). Gurea zorteduna izan da.
Baina arazo bat dago: neri ez zaizkit txakurrak gustatzen. Familiako guztiak pozik ikusten ditut, animalia bera ere pozik ikusten da… baina ni ez nago hain pozik. Oraindik ez diot behin ere jaten eman, ez dut sokarekin lotuta paseora atera, ez dut garbitu… ez dut ikutu ere egin. Eta bera bere begi triste horiekin begira jartzen zait, nere ikutu eta hitz goxoen zain. Nik, ordea, beste batzuendako ditut horiek, hiru katu ere baditugulako: Mimo, Narantxi eta Rayito. Katuzale amorratua naiz, eta ez dut uste inoiz txakurzale bihurtuko naizenik. Ala bai? Zuk ba al duzu animalirik etxean Idoia?
Idoia Luzuriaga
A ze zortea izan duen Lurrek zuekin! Nahiz eta, oraindik, zuk ez duzun ikutu ere egin. Ziurrenik hemendik aste batzuetara lortuko duzu gerturatzen baina bestela ere, eta hori da animalien birtuterik handienetakoa, garen bezalakoak maite gaituzte, eta Lurrek ere maite zaitu dagoeneko, ziur egon. Ez zaitu epaituko. Egokitu egingo da. Zure esentzia eta izatea somatu eta onartu egingo du, aurreritzirik gabe. Guk ere badugu animalia bai: Xerpa, lau urteko txakurra. Hura gurera etorri eta hurrengo egunean ikusi nuen guk etxetik kanpo ordu asko pasatzen ditugula eta ziurrenik ez ginela gu Xerparentzat familiarik aproposena.
Baina denborarekin, bera gugana egokitu da eta guk ez dugu gure bizia bera gabe imaginatzen. Aitona-amonen etxean ere baditugu animaliak, txakurtegitik ekarritakoak gainera: Argi eta Lur. Haiek ere, bakoitza bere historiarekin, bere izaerarekin, bere iraganarekin, guretzako eta gu haientzako, eta pozik. Nik uste dut animaliekin harremana edukitzeak asko laguntzen duela gizakiago izaten, kontraesana dirudien arren… hainbeste dago haiengandik ikasteko! Ez galdu itxaropena txakurzalea bihurtzearekin. Nire kasua kontrakoa zen eta aurtengo udan Leo, Lizzie eta Metak, gure etxeko katu gazteek, betiko adiskidetu naute haien kideekin, lehentasuna txakurrenganako badut ere. Bitartean, partituko ditugu animalien unibertsoko aholkuak!