Inazio Usarralde
Joxepa, topa eta topa gabiltzan aste hauetan. Hau dun martxa! Hasteko, eskoziar whiskiarekin topa egin geninan, askok nahi bezain pozik izan ez bazen ere. Nolanahi ere, oraingoz ezezkoa atera dun, baina, ia denek diotenez, ate asko zabalduko omen zizkien eskoziarrei prozesu honek. Ezer ez omen dun lehengoa izango. Hala bedi. Guri behinik behin ikasgai eder askoak utzi zizkigun hangoak: kanpainako giro lasaia, aurkakoen eta aldekoen eztabaidarako patxada hori, emaitza onartzeko modu dotorea…
Kataluniar cava ere freskatzen jarrita zeukanat azaroaren 9rako. Ez zekinat zer gertatuko den, baina han ere ez dun lehengoa izango aste hauetan biziko dutenaren ondoren. Lerro hauek idazten ari naizenean Auzitegi Konstituzional espainolak lortu din galdeketaren kanpaina bertan behera uztea, oraingoz, eta herritarrak ari ditun horren gidaritza hartzen. Ikusiko dinagu noraino iristen diren.
Hauek horrela, hemen oso sostengu eskasa erakusten ari gatzaizkiela iruditzen zaidan. Euren beroa behar izan dugunean beti hor sentitu ditinagu (Egunkariaren auzian, esaterako) eta eurak beharrean daudenean, zer? Gainera, erabakitzeko eskubidearen edo independentziaren bidean eurek lortzen dutena guretzat ere baliagarri izan dakiguke. Halere, gu lasai. Adierazpenen bat egin, geure burua zuritu eta bapo!
Eta guri zer? Noiz helduko ote zaigun sagardoarekin edo ardoarekin topa egiteko eguna? Gure esku ote zegon?
Joxepa Madariaga
Mama goxo ugari eta onak, kategorikoak! dizkiagu Euskal Herrian, herri txiki baina zabal honetan: ardoa, sagardoa, txakolina. Baina topa egiteko unea, etorkizuna baino gehiago landu beharrekoa diagu oraina, bidea, prozesua, estrategia.
Sinetsi beharra diagu euskaldunak garela, espainiar eta frantziarretatik desberdinak; gure hizkuntza euskara dela, gazteleraz eta frantsesez (eta hizkuntza gehiagotan) hizketan jakin arren; guk ezagutu ez dugun baina hain urruti ez dagoen garai batean independente izan eta konkistatuak izan ginela; herri armaz okupatua, konkistatua, zapaldua, dela gurea. Beraz, ez gaituk gauza berriak eskatzen ari, ez diagu orain arte existitu ez dena buruan, gogoan, ez gabiltzak ametsetan. Geure geurea dena, izan garena berreskuratu nahi diagu. Gure lehena ezagutu, benetako historia, izan ginena sinetsi eta indarrez kendu zigutena berreskuratzeko aukera nahi diagu eta horretarako oinarrizko tresna duk erabakitzeko eskubidea. Gure esku dagoen? Noski, egongo ez duk, bada!
Elkarrizketa bitartez, politika erabiliz, inurri lana eginez, festa giroan eta umorez ari gaituk saiatzen; iraultza egin, gerra deklaratu, armak hartuta ere saia gaitezkek, dagokiguna lortzen, baina… ez duk garaia, ez duk momentua, ez diagu indarrik, ez gaudek prest.
Dagokiguna, lortzeko eskubidea diagu eta horretan ari gaituk saiatzen. Segi dezagun bada, etsi gabe, lanean, geure gazte eta haurrak janzten eta lanerako prestatzen. Bizimodu erosoak ez gaitzala irentsi; horixe izango geniake arriskurik handiena. Gora gu ta gutarrak! kataluniarrak eta eskoziarrak!