300 lagun kantari, Beasaingo kaleetan barrena. 300 lagun, euskara hutsean, Baratze bat nahi dizut egin, Xabier Leteren Habanera edota Oi Pello Pello kanta herrikoiak abesten. Ez da ohiko irudia; ez da ohiko egun batean edonork kalean ikus dezakeena. Etzi, ordea, itxura hori izango dute Beasaingo kaleek. Are gehiago, bertan parte hartzeko aukera ere izango da, Goierri Kantuz Eguna antolatu baitu Beasaingo Kantujira taldeak.
Goierriko Kantuzaleen I. Topaketa izango da. Dena den, Goierriko taldeez gain, Tolosako kantu taldea ere gonbidatu dute, ahalik eta jende kopuru handiena biltzeko asmoz. «Kantujirak alaitasuna ematen dio herriari; gero eta jende gehiago elkartu, gero eta giro alaiagoa izango dugu», adierazi du Maria Luisa Urdangarinek, Beasaingo Kantujirako taldekideak.
Goizeko hamaiketan hasiko dute eguna, Igartza Jauregian. Han bilduko dira kantuzale guztiak, eta hamaiketakoa egingo dute. «Kafea eta pasta batzuk, eguna pozik hasteko», esan du Karmelo Ezeizak, Beasaingo Kantujira taldeko musika zuzendariak. Liburuxkak ere banatuko dituzte denak elkartutakoan, abestien letrekin. Eta giroa berotzen joateko, Ekaitz Goikoetxea bertsolariak bertso batzuk botako ditu. «Guk prestatu diogu doinua, baita denon artean abestuko ditugun estrofa batzuk ere», adierazi du Ezeizak.
Edonork parte har dezake
Topaketaren mamia, hala ere, denek batera kantujira egitea da. Hortaz, behin Igartzan indarrak hartu eta motorrak berotuta, kalez kale kantatzeari ekingo diote 12:00etan. Igartzan hasi eta plazara bitartean, sei geldiune egingo dituzte guztira. Besteak beste, Fremap aurrean, Kale Nagusiaren hasieran eta Bideluzen geratuko dira.
Besaingo Musika Eskolako trikitilariak lagun izango dituzte ibilbidean. «Bidea alaituko digute, eta taldeari tira egiteko ere ongi etorriko dira», esan du Ezeizak. Gainera, nahi duen guztia elkartu daiteke taldera. Ekintza irekia da, eta parte hartu nahi duenak musika hotsari jarraitzea baino ez du. Alboan jarri, eta kantuan ekiteko modua du edonork, bakoitzak ahal duen bezala.
Hain justu, horixe nahi dute antolatzaileek: jendea erakartzea, eta parte hartzea. Beasaingo Kantujira taldeko Luis Mari Jauregiren esanetan, 50 urtetik gorakoak dira taldekide gehienak. «Gazteak ez zaizkigu batzen, eta ez dakigu zergatik; lotsagatik izango da akaso…». Etziko topaketarekin, Goierriko kantuzaletasuna indartu nahi dute.
Bi orduz ariko dira kantujiran. 14:00etan, Gernika pasealekuko frontoian batuko dira denak, eta kantu bazkariari emango diote hasiera. Bazkarian 300 lagunentzako lekua dute –izena emateko epea amaituta dago–, baina gune irekia denez, nahi duen guztia hurbil daiteke haiekin batera abestera.
Bazkalondoan jaialdia
Kantujira eta bazkaria gutxi balira, arratsalderako antolatu dute ekitaldi nagusia. Eszenatoki bat jarriko dute frontoian, eta abeslari ezagunak gonbidatuko dituzte bertan abestera. «Abeslariak taula gainera igoko dira betiko kantuak abestera, baina mahaietan gaudenok ere abestuko dugu», azaldu du Ezeizak.
«Kantujirak alaitasuna ematen dio herriari, gero eta jende gehiago, giro alaiagoa»
M. Luisa Urdangarin (Kantujira taldeko kidea)«Abeslariak taula gainera igoko dira, baina mahaietan gaudenok ere abestuko dugu»
Karmelo Ezeiza (Taldeko musika zuzendaria)«Hiru arau baino ez ditugu: euskaraz abestea, tabernan ez sartzea eta politikaz ahaztea»
Luis Mari Jauregi (Kantujira taldeko kidea)
Helburua denek batera abestea da, baina abeslariak erabili nahi dituzte jendea erakartzeko amu gisa. Batetik, «betiko abeslariak» gonbidatu dituzte: Xabier Barriola, Santos Ormaetxea eta Ezeiza anaiak. Berriagoak ere izango dira, ordea: Sugan taldeko Maria Amolategi eta Eli Bujanda. Aurkezlea, berriz, Maitena Salinas izango da.
Izan ere, Eitb Euskal Irrati Telebistak ekitaldia grabatuko du. Are antolaketa zorrotzagoa eskatzen du horrek Ezeizaren esanetan: «Grabatu egingo dutenez, abestuko ditugun kantak eta ekitaldiak iraungo duen denbora tartea oso zehaztuta izan behar ditugu aurretik». Hori dela eta, zehaztuta daukate dagoeneko kanta zerrenda.
Hogei bat abesti izango dira guztira, denak nahiko ezagunak. Igartzako ekitaldian banatuko dituzte liburuxkak, letrekin. «Liburuxka ez duena, dena den, gure alboan jar daiteke, eta kitto; hori ez dadila arazoa izan», esan du Urdangarinek.
Dagoeneko ongi gorpuztutako taldea da Beasaingo Kantujira taldea. Hilero ateratzen dira kalera, hileko azken ostiralean. Ezeizaren hitzetan, 60 lagun inguru biltzen dira, eta giro ederra izaten dute. Hileroko zita horretarako, ordea, astero-astero egiten dute entsegua. Astearteetan biltzen dira, 19:00etan. Horrez gain, noizbehinka zaharren egoitzara eta eguneko zentrora ere joaten dira abestera. Eta eguberrietan eta Santa Ageda egunean ere ateratzen dira.
Lau urtez, hobetzen
Urdangarinen esanetan, taldearen antolaketa oso ona da. Karmelo Ezeizak egiten ditu zuzendari lanak entseguetan. Eta instrumentuak ere badituzte: Jon Zubeldiak gitarra jotzen du, Juanjo Iturriozek soinua, eta Eneko Dorronsorok bateria. «Dorronsoro fitxaje berria da, eta, gaztea izan arren, oso gogotsu ari da lanean», adierazi du Jauregik.
Oraingo antolakuntza mailara iritsi aurretik, ordea, lau urte pasa dira, gutxika lanean. Izan ere, 2010eko apirilean sortu zuten taldea. «Ordura arte Tolosara edo Donostiara joaten ginen kantatzera, eta herrian taldea osatzea pentsatu genuen», esan du Jauregik.
Lau urte hauetan, taldea sendotzeaz gain, kantatzeko modua ere asko hobetu dute. Hori esaten diete, behintzat. «Hasi ginenetik %99,9 hobetu dugula esan zigun Tolosako taldeak», adierazi du Urdangarinek, pozik.
Garrantzitsuena, ordea, ez da ongi abestea. Lotsa galdu, animatu, eta kalera irtetea da helburua. Jauregiren hitzetan, hiru arau baino ez dituzte Kantujira taldean: «euskaraz kantatzea, politika alde batera uztea, eta tabernetan ez sartzea». Hori bai, kantujira amaitutakoan denek batera afaltzen dute. «Eta orduan bai, tabernetara sartzen gara».