Zenbaki borobila da 10. Hamarkada bete. Eta iraupen horretakoxea da, hain justu, Goierriko Hitzak egindako ibilbidea ere. Gorabeherak izan dira urte hauetan guztietan; tartean, gizarte osoa gogor zapaldu duen krisialdia. Baina kolpeak kolpe, geure berri jaso eta ematen duen berripapera irakurri ahal izan dugu goierritarrok egunero. Gure inguruan gertatutakoaren berri izan dugu, bertatik bertara, eta garrantzizkoena dena, euskaraz. Zortekoak gara horregatik, baina esango nuke ez dela ustekabeko zerbait izan.
Ustekabekoa ez dela diot, batetik, horren premia handia zegoelako gurean. Berria egunkariak nazio mailakoak ederki jasotzen badizkigu ere, etxekonean, auzoan zer gertatu den jakitea beharrezkoa genuen. Eta horixe eskaini digu Hitzak. Ez da ustekabekoa, bestetik, ez delako ezerezetik eta zentzurik zein helbururik gabe sortua. Lan talde handia dago atzetik, zeregin eskerga egin duena. Goierri osoko udalerrietako gizarte eragileok ere jarri genuen geure aletxoa hasiera hartan, baina eguna joan eguna etorri orri zuriak albistez jantzi dituzten kazetari, argazkilari eta zuzentzaileek egin dute funtsezko lana. Horiek eman diote forma egunkariari eta horiek egin dute, ahal moduan, Goierriko bi eremu geografikoak, tamalez tartean arraila bat daukatenak, batzeko saialdia.
Egongo da, ziur asko, zer aldatua eta zer hobetua. Izango baita, ziur asko, alderdi positiboei baino gehiago, hutsuneei begiratzen dien begi zorrotzik. Baina onar dezagun, horixe da geure-geureak ditugun kontuez euskara idatzi jantzian hitz egiten digun hedabide bakarra (euskaraz, moldaera idatzian zein ahozkoan, diharduten gainerako hedabide guztiei diedan begirunea bazter utzi gabe).
Joan den igandean, urriak 5, bete ziren 10 urte Goierriko Hitzak lehen alea argitaratu zuenetik, eta zapatuan jai giro paregabean izan genuen ospakizuna, Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Goierri osoko 28 eragileetako kideok Ane Piratarekin eta Irrien Lagunekin elkartu ginen. Hura zen dantza giroa! Hura festa! Hura umore ona! Pilotalekua pirataz ez ezik, euskaltzalez, hitzazalez ere josi zen, eta hantxe sortu zen euskaraz idatzi eta irakurri nahi dugun guztion mundutxoa, puxika urdinek osatutako zeru azpian.
10 urte, hamaika kontu dio gure adiskide Mattinek egindako logotipoak. Ezin hobeto deskribatzen ditu, nire ustez, ibilbide honen nondik norakoak. 10 urtean historiaren zati bat osatu baitaiteke. 10 urtek askorako ematen baitute. Euskal kazetaritzan 10 urte betetzea ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez baita erraza gutxienen hizkuntza bat ardatz hartuta aurrera egitea. Eta are gutxiago, garaiotan.
Eta horregatik, pozik gaude euskaltzale goierritarrok. Hamarkada hau izan dadila abiaburu egonkor, atzetik etorriko diren belaunaldiek ere euskaraz irakurtzen eta euskaraz bizitzen jarrai dezaten. Honela zioen Bittoriano Gandiaga handiak: «Hemen, euskaldun izatea bezalako gudaririk ez dago. Hemen, euskaraz irakurri eta euskaraz idaztea bezalako iraultzailerik ez dago». Izan gaitezen iraultzaile, izan gaitezen gudari, izan gaitezen euskaldun. Bete ditzala Goierriko Hitzak beste hainbeste urte. Edo gehiago.