Herri erdigunetik urrun, komertziorik edo bilgunerik gabe bizitzea oztopo nabarmena izan daiteke adineko batentzat. Egunez kirola egiteko egokiak diren parke eremu zabalak, berriz, tranpa arriskutsu bihur daitezke gauez etxera bueltan doan neska nerabearentzat.
Jarduera ekonomikoa ardatz hartuta diseinatu izan dira herriak, herritar eredu zehatz baten beharrei erantzunez. Gizonezkoa, 18 eta 65 urte bitartekoa, ezintasunik gabea, seme-alaben zaintzaz arduratzen ez dena, eta etxetik lanera kilometroak autoz egiteko zailtasunik ez duena.
Errealitatea, ordea, bestelakoa da; eredu horrez gain, gizartea kolektibo ugariz osatua baitago: haurrak, emakumeak, nerabeak, etorkinak nahiz adinekoak, besteak beste. Beraz, biztanleen %85 ezegokia duen herri batean bizi da.
Konplexutasunaren lupa
Hirigintza egunerokotasunaren konplexutasunetik aztertzen eta lantzen aditua da Koldo Telleria (Segura, 1972). Hamabi urte daramatza hiri antolaketarako alternatibak lantzen; denen beharretara egokitutako herriak posible egiten. Eraikuntza eta hirigintza proiektuetan lanean aritzen da administrazio publikoarentzat nahiz partikularrentzat. Hita taldearen eta Hiria Kolektiboaren sortzaile eta parte izan da beste lau arkitektorekin batera. EHUn irakasle ere bada; eta bere kabuz hainbat proiektu garatu du.
Hain justu ere, Eguneroko herriak nola pentsatu hitzaldia eskaini zuen pasa den asteartean Legazpin. Gaur egungo antolamendua ulertzeko herriak nola sortu ziren ulertzea beharrezkoa dela uste du berak.
Lehenengo fabrikak erakitzen hasi zirenean, erreka alboetan egin zituzten herriak, lautadetan, lurrik onenetan. Ondoren, bertako langileentzako auzoak eraiki ziren lantegien ondoan. Lanera azkar joateko gizonezkoentzako auzoak ziren; etxean haurrak edo helduak zaindu behar zituzten emakumeen beharretan pentsatu gabe eraikitakoak. Trenak ere aldaketa handia ekarri zuen; baita errepideek edo gerora industria batu zuten industrialdeek ere.
Azken hamarkadetan herriak asko zabaldu dira, baina ez modu organikoan. Milaka etxebizitzako zabalgune berriak eraiki izan dira, era desorekatuan.
Oinarri horietan eraikitako herriak dira Goierrikoak. Ekonomiak edo jarduera produktiboak gidatu du antolaketa hori; lan erreproduktiboak edo zaintza lanak kontuan hartu gabe. Lehenbizikoa historikoki gizonen zeregina izan bada; erreproduktiboa, emakumeen ardura izan da eta hala da benetako berdintasuna lortu bitartean.
Gauzak horrela, egunerokotasunaren konplexutasun hori kontuan hartzea da gakoa Telleriaren ustez. Lan tresnak aldatuta, ekonomiaz gain, soziologiatik nahiz antropologiatik hartutako teknikak erabiltzen dituzte hirigintzan.
Parte hartzeen bidetik
Errepide, eraikin, kale eta espazio publikoen erabiltzaile nagusi diren partetik, herritarrak bihurtu dituzte hirigintza proiektuen protagonista. «Eguneroko adituak herritarrak dira; ezin dira hirigintza erabakiak udaletxe bateko bulegoan hartu», dio Telleriak.
Duela hamabi urte ekin zioten parte-hartze prozesuak martxan jartzeari Hiria Kolektiboa egitasmoaren barruan: «Orduan arraroak ginen gu herritarrengana galdetzen joaten ginelako; gaur egun, ordea, gero eta ohikoagoak dira».
Genero ikuspegia oinarri izan dute arkitektoek lan horretarako. Azpimarratzekoa da Koldo Telleriaren ustez emakumeek duten ezagutza: «Gizonezkoak lantegietan sartuta egon diren bitartean emakumeak izan dira kalean ibili direnak; erosketak egiteko, umeak eskolara eraman eta ekartzen nahiz adinekoak zaintzen. Inork baino hobeto ezagutzen dute».
Gaur egun lan merkatura sartzearearekin ezberdintasunak ez dira desagertu. Orain emakumeek lanaldi bikoitzari egiten diote aurre, lan produktiboarena eta erreproduktiboarena, beraz beharrek ezberdinak izaten jarraitzen dute.
Hirigintza gaiak erabakitzen diren eremuetan, ordea, emakumeen presentzia urria da. Horregatik, ezinbesteko da arkitektoaren ustez emakumeek esateko dutena entzutea eta kontuan hartzea.
Erabiltzaileengandik jasotako ezagutzari jakintza teknikoa gehitzen diote herritar guztien beharretara egokitutako eremuak diseinatzeko.
Herri txikien sarea
Aldundiarentzat edo tokian tokiko administrazioentzat, auzo elkarteentzat nahiz partikularrentzat egin izan du lan Telleriak. Urretxun eta Zumarragan, esate baterako, Herri Debekatuaren Mapa landu zuten emakumeentzat arriskutsu edo deseroso ziren guneak identifikatu eta egokitzeko asmoarekin.
Herri txiki asko dituen bailara da Goierri, egunerokoan batetik bestera mugitzea beharrezko duena. Azken 30 urteetako joera herrien zabaltzea izan da: «Lur asko erabili da, baina gaizki. Kalitaterik gabeko espazio publikoa sortu da». Hain justu ere, etxe bakar edo txalet ugari egin dira. «Estatu Batuetatik eredua hartu eta hausnartu ere egin gabe kopiatu da hemen. Etxe bakarrak elkarren ondoan. Bakoitza bere zelaiarekin, inork ez ikusteko hesi handiekin, bizilagunekin harremanik gabe».
Etxebizitza eredu horrek indibidualismora jotzen duela uste du: «Bakoitza berera, harremanik gabe». Topatzeko eta biltzeko lekuak behar dira arkitektoaren ustez, bizilagunak elkarrekin erlazionatu ahal izango dutenak. Egokitasun fisikoaz gain, kulturalki eta identitate mailan nola funtzionatzen duten zaindu beharko da.
Gertuko duelako Segurako kasua aipatzen du: «Erdi Aroko egitura du erdiguneak, komertzioak, bizitzak eta topatzeko lekuak konbinatzen ditu. Azken 30 urteetan, ordea, etxe indibidualizatu asko egin dira. Askoz hobeto egiten ziren lehen gauzak, orain baino».
Herri jasangarriak
Hirigintza egiteko orduan jasangarritasuna kontuan hartzea funtsezkoa dela dio arkitektoak; mugikortasun egokia diseinatuz nahiz naturaren presentzia bermatuz. Azken urteetan, adibidez, Goierrin hainbat herritan erdigunetik autoak ateratzeko hartutako erabakia egoki ikusten du. «Oinezkoentzat pentsaezinak liratekeen guneak ere autoak hartu ditu».
Hirigintza beste ikuspegi batzuetatik lantzea, beraz, beharrezkoa da denon neurrira egokituko bada. Gaiari ematen zaion garrantziak zerikusia izango du. «Hemen kostatzen ari da. Guk hamarkada bat daramagu honetan eta orain ari gara aldaketak ikusten», dio Telleriak. Poliki bada ere teoria hori errealitate bihurtzeko pausoak egiten ari dira.