Ion Muñoa
Ikusi al duzu azkenaldian inor gora begira? Zeru aldera begira? Ortzimugatik zeru infinitura arkero finenaren begirada zorrozten duenik? Hego haizearen nahieran hodeiak eta zuhaitzetako hostoak zakar nahiz dotore, leun nahiz basati, dabiltzan udazkeneko garaiotan, ohikoa izaten da nire ingurunean behintzat, etengabe zeru aldera bista luzatzen duen jendea topatzea. Ez dira astronomoak edo metereologoak, ezta izarrei begira amesten duten poetak ere. Haize epelak gidaturik iparraldetik hegoaldera doazen usoen esperantzan zain dauden ehiztariak dira.
Askorentzat mendiko kutsatzaile (akustiko nahiz fisiko), edota naturaren etsai diren horiek animalia espezieen artean arriskutsuena, basatiena, krudelena eta bihozkabeena osatzen dute. Beste batzuk, txikitatik gertuan ikusi ditugulako-edo, pertsona normaltzat hartzen ditugu: mendian, basoan, naturarekin jolas eginez gizakiaren harrapari instintoari bide ematen saiatzen direnak, joko-arau batzuen barruan.
Ez da nire asmoa ehizaren aldeko edo kontrako eztabaidan sartzea, baina hain justu ere gure inguruko ehiztariak urteko garai garrantzitsuenaren atarian dauden egunotan, ezpata baten izena zeraman txakur baten sakrifizioa eragozteko protesta jendetsua ikusi berri dugu komunikabideetan. Eta zer pentsa ematen dit horrek! Ez ote gara gure bizimoduan naturatik urruntzen goazen neurri berean animalien (ustezko?) eskubideen izenean, giza-zentzua ere galtzen ari?
Eneritz Gorrotxategi
Giza-zentzuna aspaldian galduta dugula esango nuke nik! Ehiza sasoia orain hasten dela diozu, baina aspaldi hasi zen. Gizarte honetan ehiza modu bat baino gehiago ezagutu ditugu dagoeneko; animalienaz gain hortxe izan da sorgin ehiza esaterako, izaera jakin baten ehiza, pentsakera nahiz jarrera batzuen kontrakoa…
Gora begiratzeko hamaika arrazoi daude, ez pentsa: batek arnasa hartzeko gora begiratu dezake, besteak gora begiratu dezake handik irtenbiderako bidea zein den galdetuz bezala, beste batek behera begira denbora asko daramagula eta lepoa altxatuta mundua ez dela bukatzen sinisteko begiratu dezake gora…
Baina, ezpata izena zuen zakur horrenak, eman du bai buruhauste bat baino gehiago. Txakurrarekiko arriskuak ekiditeko hiltzea beste irtenbiderik ez dute topatu. Gizakiak, ordea, batak bestea ez kutsatzeko zein erabaki eta neurri hartu dituzte? Nora begira egon dira arduradunak? Azken egunotan Estatu Batuetan beste pertsona bat kutsatu da. Esango nuke Espainian eskuak igurztzen hasi dela bat baino gehiago, hangoa albiste izango baita eta Espainiakoa pixkanaka ahaztuko ote den esperantzan. Zer da oraingoa ere, langilearen aurkako ehiza?