Guztira 103.589 sinadura aurkeztu zituzten urriaren 3an Gasteizko Legebiltzarrean fracking-aren aurkako herri mugimenduko kideek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lurrazpitik gasa ateratzeko haustura hidraulikoaren erabilera debeka dezaten eskatzeko.
Ia sinaduren erdiak Araban bildu ziren arren, denak ez. Izan ere, frackinga Arabako proiektu gisa ezagutu dugu, baina errealitatea da hego Euskal Herriko lau herrialdeei eragingo diela. Gipuzkoa ere mehatxupean dago; baita Goierri ere. Itsasondon, Legorretan, Ezkio-Itsason, Zumarragan, Urretxun eta Partzuergo Orokorrean emanda daude esplorazioak egiteko baimenak. Lehen bi herriak Landarre eremuan daude; Goierri garaikoak, Sustraian; eta Partzuergoa, Usoa eremuan. Guztira, Gipuzkoako lurren %40 aztertzen ari dira.
Baimen horiekin enpresek informazio geologikoa nahiz sismikoa jaso ahal izango dute. Nagusienetakoa den enpresa Hidrocarguros de Euskadi da, Gasteizko Gobernuak finantzatzen duena diru publikoz. Goierrin Petrichor Euskadi Coöperatief ariko da. Hala ere, ugari dira horretan dabiltzanak: SHESA, Cambria, Trofagás Hidrocarburos, Frontera Energy Co, Union Fenosa…
Fracking Ez! plataformako kidea den Jabier Martinez de Roblesek azaldutakoaren arabera, azterketetatik harago zundaketekin hasi nahi badute, Espainiako Ingurumen Ministerioaren aldeko txostena behar dute. Epe zehatzik ez dagoen arren, Arabako Enara Handia proiektua martxan jartzean, gainontzekoak atzetik etorriko direla uste du Martinez de Roblesek.
Nork du eskumena?
AEBtako eredua kopiatuz haustura hidraulikoa Europara ekartzeko aukera ireki zenean, hainbat herrialdek, Frantziak kasu, kontrako jarrera hartu zuten. Europako Ingurumen Komisioak hainbat txosten ibili zituen esku artean, haustura hidraulikoaren arrisku larriez ohartarazten zutenak. Ordurako baziren Europan euren energia kudeaketan frakinga erabiltzekotan zeuden herrialdeak; Polonia eta Erresuma Batua ziren horietako bi, esate baterako. Herrialdeen nahiz gas ustiatzaileen presioen ondorioz, 2013an Europar Komisioak sistema debekatu beharrean, gomendio soil batzuk egin zituen.
Eskumena estatuen esku geratu zen, beraz. Espainiako Gobernuak hasieratik esan zuen mendekotasun energetikoa zuenez, erregaiak eskuratzeko edozein teknika aztertuko zuela. Energia kudeaketaren ardura Sustapen Ministerioak duen arren, proiektu berriak erraztu edo oztopatzeko erakunde bakoitzak baditu bere jokamoldeak; ingurumen arlotik batez ere.
Egitasmoari ezezkoa
Ugari izan dira haustura hidraulikoaren aurka agertu diren autonomiak nahiz udalak. Nafarroa, Kantabria eta Errioxa dira batzuk. Hala ere, Konstituzio Auzitegiak eskumena gobernu zentralak duela ebatziz atzera bota ditu hainbat lege.
Duela urtebete Eusko Legebiltzarrak Eremu Naturaletan frackinga debekatzeko aukera izan zuen, Arabako Batzar Nagusien lege proposamen bat aintzat hartuta. Natura Babesteko Legean aldaketa egitea zen kontua, baina azken orduan haustura hidraulikoaren aipamena kanpoan utzi zuen.
Fracking Ez! herri plataformak sustatutako Herri Ekimen Legegilearen bidez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haustura hidraulikoa debekatzea da lortu nahi dutena. Urtarrilean edo hartuko du erabakia Legebiltzarrak.
Alderdi politikoen artean jarrerak ezberdinak dira, hainbat hara eta hona ibili direlako. Equok, EH Bilduk nahiz Ezker Anitzak hasieratik eman zioten ezezkoa gasa ustiatzeko ezohiko teknika horri. Juan Jose Ibarretxek lehen ahaleginak egin ondoren, Patxi Lopez izan zen Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan frackinga sustatu zuena; PSEk kontrako jarrera ere agertu izan du. EAJrekin, berriz, «zalantzan» daude plataformako kideak. Lehendakaritzarako azken hauteskundeak irabazi berritan desadostasuna azaldu zuten, ez omen zuelako ingurumen segurtasuna bermatzen. Gipuzkoako Batzar Nagusietan Bilduren, Aralarren, PSEren eta PPren botoekin onartu zen moziotik kanpo gelditu zen, ordea, EAJ. Egia dena da, Hidrocarguros Euskadi enpresa finantzatzen jarraitzen duela EAJren Gasteizko Gobernuak.
Aroa amaitzear
Lurrazpiko erregai fosilen iturria agortzen ari da pixkanaka. Urterik oparoenak pasa ondoren, gero eta konplexuagoak dira teknika berriak, ingurunearekin are eta bortitzagoa. Horregatik, energia trantsizio baten beharra ikusten dute Fracking Ez! plataformakoek. Erregaien diktadurari uko egin eta etorkizun garbiagoan pentsatzen jartzeko garaia iritsi da.
Zer da frackinga?
Petrolio nahiz gas naturala lurzorutik erausteko teknika da frackinga edo haustura hidraulikoarena.
- Eredua. Estatu Batuetan hidrokarburoak ateratzeko azken 10 edo 15 urtetan garatu den teknika da.
- Teknika. Ura erabiltzen da, presio handiz, lurrazpiko harkaitz geruzak apurtzeko. Prozesu industrial horretan, hondarra (%98) eta gai kimikoak (%2) gehitzen zaizkio urari. Bertikalean 5.000 metroko luzeran zulatzen da, ondoren horizontalean 2 edo 3 kilometro.
- Kalteak. Erabiltzen diren gai kimikoek lurra, ura eta airea kutsatzen dituzte. Gainera, teknikak zulo asko egitea eskatzen du. Landa eremuak industrializatzea dakar, uraren kontsumo izugarria edo kamioi trafikoa. Arabako Enara Handia deituriko eremuan 2.000 putzu aurreikusten dituzte.
- Errentagarritasuna. Lurrazpian hidrokarburo asko egon behar da errentagarri egiteko; Europan ez dago horrelakorik. Gero eta sakonago zulatu behar da, itsasoan, artikoan eta prozesua garestitu egiten du horrek.
- Burujabetasuna. Europako lurrazpian egon daitekeen gasa kontuan hartuta, haustura hidraulikoak ez du burujabetasun energetikorik ekarriko.
- Lanpostuen sorrera. Enplegu gutxi eta oso kualifikatua sortuko du. Gainera, dagoeneko teknika menperatuta duten herrialdeetatik ekarriko dituzte langileak enpresek.