Perretxiko biltzaileari onddoak nahiz perretxikoak non biltzen dituen galdetuta harik eta erantzunik zabalena emango du, esaterako: basoan. Edonola ere, perretxikoen unibertsoa jakituria esparrua dela uste dute Legazpiko eta Urretxuko Asteburu Mikologikoen antolatzaileek. Bihar eta etzi Legazpin egingo dute perretxiko asteburua, eta Urretxun datorren asteburuan izango da.
Legazpin Lekanazpi elkartean eta Urretxun Aldirin urte asko dira Mikologia Asteburuak egiteari ekin ziotela. Egun, Beti Gazte Animakzio taldeko gazteek lekukoa hartu diete Lekanazpikoei. Hala ere, Lekanazpikoek egoitza eta bestelako baliabide ugari gazteen esku jartzen dituzte asteburuaren antolaketan laguntzeko. Urretxuko Aldiri desagertu zen jada, eta Lekaioko kideek hartu zuten lekukoa. Dena dela, Daniel Arrizabalaga kideak dioenez, «egungo antolatzaile taldea Lekaio bera baina zabalagoa da».
Legazpiko zein Urretxuko udalek ere laguntzen diete asteburuok antolatzen.
Lehenengo eta behin perretxikoak biltzen dituzte. Andoni Zabaleta legazpiarraren hitzetan, bihar, larunbata, perretxikoak biltzera joango dira. «Nor bere kasa joango da, baina guztiok toki berera ez joateko antolatzen gara.
Bestalde, neurriz jasotzea ere inportantea da; bakoitzak espezie bakoitzeko ale bat edo bi jasota nahikoa da». Urretxun bilketa modu berberean egiten dute –bihar zortzi egingo dute–.
Behin basoak emandakoa bilduta Lekanazpi elkartera eraman, eta han sailkatuko dute. Aranzadi zientzia elkarteko adituak joaten dira sailkapen lanetan laguntzera, hala Legazpira nola Urretxura.
Etzi, igandea, erakusketa egingo dute Legazpiko Euskal Herria plazako arkupeetan. Erakusketaz gain, biltzen denaren araberako dastaketa izango da; perretxikoak tortillan edo plantxan prestatuko dituzte. Ardoarekin batera borondatearen truke banatuko dituzte mokaduak.
Perretxiko saskia
Iaz, Legazpin, aurten errepikatuko duten ekintza berria jarri zuten martxan: perretxiko saskiak zenbat pisatuko duenaren apustua. Iaz 150 apustu egin ziren, euro bat apustuko. Otarrearen pisua asmatzen edo gehien hurbiltzen denak jasoko du saria: perretxiko saskia, makila eta aiztoa, hau da, «kit mikologikoa», Zabaletaren hitzetan. Arrizabalaga urretxuarrak Legazpin izandako harrera ona ikusita aurreratu du, litekeena dela «Urretxun ere tankera bereko apustua egitea».
Legazpin haurrentzako jarduerak egingo dituzte eta biharko perretxiko bilketa haurrekin egiteko aukera ere badago. Perretxikoen inguruko tailerrak egotea aurreikusi dute.
Legazpin urtetako etenaldi baten ondoren, Asteburu Mikologikoa berreskuratu dute. Duela hiru urte berreskuratu zutenean Urretxuko kideen laguntza jaso zuten, eta Urretxukoek, aldi berean, bertakoa martxan jarri zutenean orain 24 urte, Legazpikoen laguntza jaso zuten. Legazpi eta Urretxu, horrenbestez, eskutik joan dira perretxikoen xendan.
Urretxun, Daniel Arrizabalaga ez da aspaldi perretxiko bila atera osasunak hala behartuta, baina Jose Antonio Otxoa aditua da. Perretxiko denboraldiari maiatza aldean hasiera ematen diola dio, udaberriko zizekin, eta amaiera azaroko lehenengo izotzekin.
Mendian perretxikoak behar bezala ezagutzen ez dituen jende asko dabilela dio: «Jakin gabe ezin da basora perretxiko bila joan, arriskutsua baita». Ibiltzen ikasten dela gehitu du, «denborarekin eta eskarmentuarekin». Bestelakoan, perretxikoak aurkitzeko «formula magikorik ez» dagoela dio; «nahi dutenean ateratzen dira».
Asteburu Mikologikoan ikusi, ikasi, dastatu eta basoan barrena ibiltzeko aukera egongo da; ibili eta, ahal dela, neurriz jaso.
Azken hamarkadan perretxiko beherakada egon dela dio Aranzadik
Legazpiko zein Urretxuko Mikologia Asteburuetan Jose Manuel Lekuona Aranzadi elkarteko mikologia saileko bazkideak parte hartuko du. Behin perretxikoak jasota sailkapen lanetan lagunduko die, hain zuzen. Lekuonaren hitzetan, «azkeneko hamarkadan beherakada egon da basoetan dagoen perretxiko kopuruan». Jaso dituzten datuetan eta egin dituzten inbentarioetan oinarritu du adituak baieztapen hori.
Aranzadiren barruan gaiari buruzko eztabaida izan dute eta herriz herri ugaldu diren Mikologia Asteburuak onuragarriak ote diren ez dakite: «Erakusketetarako mendira doan bakoitzak hiruzpalau ale hartzen baditu, ondoren gehienak zaborraren zakura doaz». Perretxikoen beherakada faktore askori egotzi dio, besteak beste: aldaketa klimatikoa, basoetako egur moztea edota neurri gabeko jasotzea.