Jon Plazaola
Exkalibur. Arturo Erregearen ezpata gotor, zorrotz eta dizdiratsua. Britainiar nahiz frantziar literaturako heroi guztiahaldunak justizia banatzeko erabilitako herraminta. Horixka koloreko liburu zaharretatik baino lehenago ezagutu genituen guk ETB-ko marrazki bizidun mitiko haietatik Arturo, Exkalibur bere ezpata eta mahai borobileko zaldun leialak.
Exkalibur ezpata harkaitz batetik atera omen zuen Arturok. Eta horrek gauza bat baino ez zuen esan nahi. Ezpata hura harkaitzetik ateratzen zuenak guztiz garbi, guztiz puru baino ez zezakeen izan eta hura eskuetan zuela gerratean nahiz bake garaian gobernatzeko gai den errege, heroi bihurtuko zen. Heroiak, erregeak, zaldunak eta Exkalibur. Ez nuen pentsatuko izen sonatu hori bera zuen hurrengo gauzarik famatuena txakur bat izango zenik. Eta Exkalibur txakurra bihurtu da, bere jabe Teresarekin batera, azken egunetan bizi izan dugun egoera erridikuluaren protagonista, nahi gabe.
Baina Exkalibur hau ez dute harkaitz batetik atera. Bere jabea eta bera kakatan sartu dituzte, orain denok hain gertu ikusten dugun Ebola gaitz beldurgarriaren kakatan. Eta hor sartu dituzte inork hortik aterako ez dituzten esperantzan. Gaur egun ez baitago hortik aterako dituen agintari, Arturoren moduan monarka edo ez, puru edo guztiz garbirik. Denak daude kutsatuta. Denak kakaztuta.
Alex Areizaga
Arrazoia duzu Araquistain gaztetu horrek; Exkalibur eta Arturo Mas-en kapituloak berrargitaratzen dituzte eta Ebroz bestaldeko egunkariak gutaz ahazten dira. Ez dago eskubiderik. Literatur iturri garrantzitsu bat galtzen ari gara, eta norbaitek kanpaina egin beharko luke Facebooken horren kontra. Protesta, klik bakarrarekin. Aklikatu zaitez zu ere!
Afrikan milaka batzuk hil dira gaixo; hainbat gerra piztuta munduan, eta Espainia alde horretan jendea elkar joka dabil txakur bat akaba ez dezaten. Haragitarako balitz sikira. Emile izeneko ume bat izan omen da gaixotasunaren berpizkundeko lehen hildakoa (ezin ahaztu farmazeutiken lan oparoa gure mixerian), baina guztiok txakur baten izena ikasi dugu, ez Emilena. Bi urte omen zituen, eta bere atzetik, bere familia osoa hil zen, gaixotasuna zabaltzen hasi aurretik.
Teresa Romero, edo Euskal Herrira ekarrita, Teresa Erromero: goierritarrez, enfermerea. Ikusi nahiko nuke orain, edonora joaten denean eta izena eman behar duenean parekoak jarriko dion aurpegia. Terrorista izan edo enfermerea, Hispaniak errudunak behar ditu; seinalatuak; plaza publikoan ejekutatu beharrekoak. Ezin diete lepoa moztu gaiztoei, eta guztien aurrean seinalatzen dituzte, norbait animatuko ahal bada.
Demia honek zerbait erakutsi badigu, hori Ebola ibai baten izena dela da, eta ziurrenik Urola baino garbiagoa egongo da.
PD: Aurkitu zazpi desberdintasunak Ibarretxe planaren eta Arturo Masen ezpata zorroztu gabeen artean. Penaz gelditu naiz gai honetaz ez hitz egitean.
PD2: Eta gogoratu, ez gaude denok!