Denborapasa bezala collage-ak egiten hasi zen Ane Irisarri beasaindar seguratua (1989). Taberna batean ikusgai jarri zituen soberan zituen lanak eta arte galeria bateko jabeak erakusketa bat jartzea proposatu zion. Urriaren 4an egin zuen aurkezpena.
Ane Irisarrik Publizitatea eta Harremanak ikasketak egin zituen eta marketing laguntzaile lanean ari da Böblingen, Stuttgarten bizi bada ere (Alemania).
Lanpostu berria lortu zuenean, hiriz aldatu zen eta pisu berria «oso hutsik» ikusten zuen. Paretak «biziz betetzeko» zerbait egin nahi zuen.
Egurrezko taulak
Bizilagunek egurrezko taula batzuk utzi zituzten zaborren gelan eta horiek ikustean, ideia bat izan zuen Irisarrik: egurrak etxera eraman zituen eta collageak egiteko mihise bezala erabili zituen. Koadro asko egin zituen aste gutxian, eta gelako bazter batean pilatzen joan zen lanak.
Orduan, bere lagunekin sarri egoten zen taberna bateko jabeari galdetu zion, bere tabernan erakusketa bat jarri nahiko lukeen. Irisarriren koadroen argazki pare bat ikusi, eta baiezkoa eman zion tabernako jabeak. Hilabete baten bueltan, koadro guztiak tabernan zintzilikatuta zeuden.
Tabernara joan zen arte galeria batetako jabeak, koadroen egileengatik galdetu zuen, eta Irisarrirekin harremanetan jarri zen, bere galerian erakusketa bat jartzeko proposatuz. «Denborapasa bezela hasi zena enpresa txiki batean bihurtu nuen: altan eman, webgune bat sortu (aneirisarri.com), online denda ireki, publizitate pixka bat egin sare sozialetan, eta abar».
Webgunea, erakusketa
Bere webgunean, bere lanak ikusteko aukera izateaz gain, denda bat ere badu, eta bertan berak diseinatutako poltsak, kuxinak, mugikorren babesgarriak, erlojuak, elastikoak eta koadroak ere badaude salgai.
Urriaren 4an jarri zuen erakusketa arte galerian. 19:00etan hasi zen ekitaldia. «Betidanik mirestu izan ditut artistak eta beraien lanak. Eta bat-batean ni neu izatea artistaren rolean dagoena, jendeari nire lanak erakusten, beraien txaloak jasotzen… oso sentsazio arraroa izan zen, baina polita ere bai, aldi berean», dio Irisarrik.
Aurkezpenaren ostean, bere mutilagunak abesti batzuk jo zituen gitarrarekin eta Anek erakusketako lanak lasaiago eta modu zuzenagoan erakutsi zizkien bertaratuei.
Erakusketara gerturatu zirenen artean, beste arte galeria batzuetako arduradunak ere bazeudela dio Irisarrik.