Udazkena eta hego haizea eskutik lotuta doaz, baita hego haizea eta hegaztien migrazioa ere. Iparraldeko herrialdeetatik hegoaldeko herrialdeetara negua pasatzeko janari bila joaten diren hegaztiek eskaintzen duten hegaldien ikuskizunaz gozatzeko aukera dago egunotan. Aste honetan milaka eta milaka hegazti ari da pasatzen Goierriko zerutik.
Dena den, hegazti guztiek ezin izango dute bizileku berrira iritsi, Goierriko ehiztariek prest baitituzte eskopetak eta kartutxoak. Gipuzkoan ehiza xehe denboraldia urriaren 12an ireki zen eta oilagorrak, birigarroak, eperrak eta pagausoak ehiztarien helburu dira.
Pagausoen ehizak arrakasta handia du Goierrin; horren lekuko dira Goierriko mendilerroetan eta mendixketan dagoen ehiza postu kopuru handia. Aizkorri aldeko Partzuergo Orokorra eta herrietako ehiza elkarteak arduratzen dira postu horiek kudeatzeaz.
Mugimendu handia
Gaintzan eta Altzagan, adibidez, mugimendu handia izaten da ehiza garaian, iluntzero, 20:00ak aldera, ehiza postuen zozketak egiten baitira. Gaintzan Basati elkarteko kideak eta Altzagan Altzamendi elkartekoak arduratzen dira zozketez eta herriko postuak egoki mantentzeaz.
Partzuergo herrietan izan ezik, gainerako herrietan, berezitasunak berezitasun, antzekoa da zozketaren mekanismoa. Gaintzan, adibidez, ehiztari bakoitzak zenbaki bat erosten du, lau euroan (postua egokituz gero euro bat gehiago). Bi zenbaki ateratzen dituzte; lehenengo unitatea eta gero hamarrekoa. «25 zenbakia ateratzen bada, adibidez, 25 zenbakia duenari lehenengo postua egokitzen zaio, 26 zenbakia duenari bigarrena… horrela bukatu arte», dio Xanti Garmendiak. Postu bakoitzean bi ehiztari egon daitezke.
Altzagan, bost euro balio du zozketak. «Lehenengo ateratzen den zenbakiak berak nahi duen postua aukeratzen du; bigarren zenbakiak berak nahi duena, bukatu arte», argitu du Joseba Garmendiak.
Guztira, 40 ehiza postu daude Gaintzan «%20 jabetza pribatukoak dira eta bat Basati elkartearentzat uzten du Federazioak, elkarteko kideek txandaka erabiltzeko». Garmendiak dioenez, «usotarako ez dira oso postu onak, baina birigarroetarako bai». Batez ere jende «helduxeagoa» joaten da Gaintzara, «gazte gutxi». Altzagan 23 postu daude, eta «postu altuak direnez», jende «gaztexeagoa» hurbiltzen da Altzagara.
Normalean, denboraldiaren hasieran eta bukaeran postu adina ehiztari azaltzen da, baina «urriaren 20tik azaroaren 9 tartean, postu halako bi ere bai», diote.
Postuak txukun egokitzearen ardura da ehiztariena, baina baita ehiza elkarteena ere. «Postuak ahal den hobetoen jartzen saiatzen gara. Andamioetan daude postuak, pinudian, eta eskilarak jartzen saiatzen gara zozketan lortzen dugun diruarekin». Denboraldi amaieran, ehiztariek bildu ez dituzten kartutxo azalak ere bildu behar izaten dituzte: «Gero eta kontzientzia gehiago dago, baina oraindik ere batzuek ez dituzte kartutxo azalak biltzen, nahiz eta derrigorrezkoa den. Denboraldi amai-eran, federaziotik postuak eta inguruak ikuskatzera etortzen dira».
Partzuergo Orokorra
Goierrin famarik handieneko postuak Aizkorri inguruko Partzuergo Orokorrekoak (Zerain, Zegama, Idiazabal, Segura, Donemiliaga eta Asparrena herriek osatua) dira. Guztira 99 ehiza postu daude Aizkorri inguruko mendixketan. Horietatik 50 enkantera ateratzen dituzte. Segurako udaletxean egiten dute enkantea, irail erdi aldean. Diru gehiena ordaintzen duenak denboraldi osorako ehiza postua izaten du. Enkantean parte hartzeko ez dago Partzuergo Orokorreko herrietako bizilaguna izan beharrik. Aurten diru gehien ordaindu duten postua Apota 8 izan da (lehengo Apota 10): 7.901 euro ordaindu dituzte.
«Aurten jendeak diru gutxiago ordaindu du», dio Aratz Urkia Partzuergoko Orokorreko ehiza batzordeko kideak. Aurten, gainera, bederatzi postu saldu gabe geratu dira eta «horiek Partzuergoko herrien artean banatu dira». Krisialdi ekonomikoaz gain, beste faktore batek ere eragin du jaitsiera horretan: «Azken 3-4 urteak txarrak izan dira usotarako». Ehiza postuekin enkantean lortzen den dirua, Partzuergo Orokorreko aprobetxamendurako erabiltzen da: «Urbiko txabolak berritzeko, hesiak jartzeko, askaren bat egiteko, aska egiteko…».
Gainerako postuak Partzuergo Orokorra osatzen duten herrien artean banatzen dira etaherri bakoitzeko elkarteak egiten ditu zozketak herriko ehiztarien artean. Zeraingo, Zegamako, Idiazabalgo eta Segurako ehiztariek «pribilegiotxoa» daukate Partzuergo Orokorreko herriak izateagatik.
Dena den, Zegaman egunero 19:00etan postuak zozkatzen ditu Karraztorre elkarteak, Mordoxka tabernan. Bertan parte hartzeko ez dago Partzuergo Orokorra osatzen duten herrietakoa izan beharrik.
Postu gutxiago
«Partzuergoko ehizaren kalitatea hobetzeko» 23 ehiza postu kendu edo lekuz aldatu dituzte aurten. «Postu batzuk elkarrengandik oso gertu zeuden eta askotan haserreak ere sortzen ziren usoa nork bota eta nork jaso zuen erabakitzerakoan». Partzuergo Orokorreko postuetan, Gipuzkoako gainerako postuetan ez bezala, postu bakoitzean hiru eskopeta egon daitezke, «besteetan bi da muga».
Ehiz postuaren ingurua garbi eta munizioa mugatuta Partzuergoan
Ehizarekin lotuta beste bi berrikuntza ere badira aurten Partzuergo Orokorrean. Batetik, mendia garbi izatearen mezua zabaldu nahi dute ehiztarien artean. Foru aldundiko basozainak eta Partzuergoak berak kontratatu duen beste bat, postuz postu ibiliko dira zein egoeratan dauden ikuskatzen, «botilak, latak, paperak edo kartutxo azalak biltzen ez dituenari isunak jartzeko». Urkiak ohartarazi duenez, «lehenengo abixua jasoko du ehiztariak».
Munizioaren neurrian ere arau berriak finkatu dituzte Partzuergo Orokorrean. Batetik, erabili ahal izango den «perdigoirik handiena 6koa» da; «hau da, 5,4, 3, 2 eta 1ekorik ezingo da erabili». Gramoei dagokienean, berriz, gehienez, 36koa.