Haztea eta zabaltzea oinarri duen sistema ekonomikoa izanda, kapitalismoak herrialde okupatuetako herritarrek migraziora jotzea ekarri du. Immigrazioari begirada sozio-ekonomikoa bota dio Miren Etxezarreta ekonomialariak.
Bizimodu hobea zuten jomuga Ameriketara joan ziren poloniarrek, italiarrek nahiz euskaldunek. Ogibidea behar zuten, lana. Itsasoz bestaldera joan behar izan zuen herrialdea izatetik, migranteak jasotzen dituena izatera pasa da Euskal Herria.
Agerian dauden elementuez harago, migrazioen fenomenoa sozioekonomiaren ikuspegitik aztertu du Miren Etxezarreta ekonomialariak. Ordiziarra da jaiotzez Etxeberria, baina ia 40 urte daramatza Bartzelonan. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Katedradun emeritua da Ekonomia Aplikatuan. Hain justu ere, Kapitalismoa eta immigrazioa: begirada sozio-ekonomikoa hitzaldia egingo du Ordiziako Barrena kultur etxean datorren ostegunean, azaroaren 6an, 18:00etan. Migranteen gaineko zurrumurruak geldiarazi eta aniztasunaren onarpena bultzatzea xede duen ZurrumurruEz! egitasmoaren barruko hitzaldia da.
Migrazioen kausez, herrialde hartzaileetan dituen ondorioez eta herritarren jarreraz aritu da Etxezarreta GoiBerrirekin.
Hazi eta zabaltzea beharrezko duen sistema ekonomikoa da kapitalismoa. Gero eta eremu gehiago bereganatzearekin batera, eskulana merkantzia gisa erabiltzen du irabaziak lortzeko azken helburuarekin. Herrialde gehiago okupatzen joan den heinean, bertako herritarrak aukerarik gabe gelditu dira, migratzea besterik.
Aldaerarik okerrenean
Migrazioa kapitalismoa baino lehenagoko fenomenoa da; historikoki batera eta bestera ibili izan da gizakia. Bizimodu bila, eta gerrarengadik edo gosearengandik ihesi. Garai bakoitzean pertsonen mugimenduek ezaugarri edo xehetasun ezberdinak izan dituzten arren, oinarria ber-bera da: bizi nahia.
Gaur egun, ordea, kapitalismoa bera da migrazioa derrigorrezko egiten duena, bere baldintzarik okerrenetan. Kapitalismoa inperialismoraino garatu denean migratzaileengan aurkitu du langile ahula, eskubide sozialak eta politikoak urratuta dituena.
«Gutxi batzuen mesedetan, txiroenen migrazioa ekarri du kapitalismoak»
«Gizakion antolaketa modu bat besterik ez da, ziur badela alternatibarik»
Miren Etxezarreta (Ekonomian aditua)
Antolaketa modu horrekin izaera berezia hartu du migrazioak: gaur egun kanpora jotzeko beharrean aurkitzen diren herritarrek ez dute inolako aukerarik euren herrialdeetan, eta herrialde hartzaileetan ere egoera txarrean aurkitzen dira.
«Mundu globalizatuan, mundu osoko langileak lehian dabiltzan sisteman, gutxi batzuen irabazien mesedetan txiroenen migrazioak ekarri ditu kapitalismoak», dio Miren Etxezarretak. Kapitalismoaren oinarrian dago pertsonak muturreraino ustiatzea.
Etxezarretaren arabera, ordea, okerra da hainbat hamarkadetako borrokaren ondoren lortutako eskubideak galtzen ari direla pentsatzea: «Alderantziz da —dio berak—, kapitalismoak inoiz ez du zentzu sozialik izan. Sistema honek oinarrietan du pertsonak muturreraino erabiltzea irabaziak aterako baditu».
1845ean publikatu zuen Federico Engelsek Langile klasearen baldintzak Ingalaterran lana; langileen egoera penagarria erakusten zuen. Etxezarretarentzat hori da kapitalismoaren berezko izaera, «horra itzuli nahi du neoliberalismoak».
Bigarren Mundu Gerraren amaieratik 1975erako tartea «ezohiko» garai gisa ikusten du ekonomialariak: «Orain Ongizate Estatuan atzera egiten ari garela uste dugu, eta hala da. Baina, kontua da denbora tarte hori ilusio hutsa izan dela. Kapitalismoa bere oinarrietara itzultzen ari da».
Kapitalismoarena gizakien ekonomia antolaketa den heinean, alternatiba baduela dio Etxezarretak. «Kontua da agintean daudenek aldaketa hori gerta ez dadin teknikak dituztela», dio ekonomialariak.
Herri mugimendu ugari 60ko hamarkadako egoerara itzuliz kapitalismoa gizakoiagoa egiteko ahaleginean dabiltzan arren, egoera errotik aldatzearen beharra nabarmentzen du Etxezarretak. «Kapitalismoa ezin da konpondu; suntsitu egin behar dugu, desegin», dio.
Eskuarten errezetarik ez duen arren, bide berriak eraikitzen lan egin beharra dagoela dio berak: «Ziur milaka alternatiba eraiki ditzakegula. Beti ez gara gizarte antolaketa kapitalista batean bizi izan».
Ikasketa maila handitu ahala, gora egiten dute jarrera baikorrek
Gipuzkoako Aldundiaren eskariz, Aztikerrek Euskal Herriko zazpi herrialdeetan orain gutxi egin duen azterketak erakutsi du belaunaldi gazteek eta ikasketa maila handiena dutenek adierazten dutela abegikortasunik handiena immigranteekin. Herrialde jakin batetik etorrien kopurua zenbat eta handiago izan eta bertan denbora gehiago eraman, baikorragoa da sinpatia maila. Esanguratsua da, adibidez, Marokoko herritarrekin zeinen jarrera ezberdinak agertzen diren Ipar Euskal Herrian eta hegoaldean. Iparraldean presentzia handiagoa eta aspaldikoagoa da; eta beraz, sinpatia indizea positiboa da. Hegoaldean marrokiarrekin erakusten da sinpatia gutxien. Haien ondoren, errumaniarrak dira erreparo gehien eragiten dutenak. Azterketa ikusirik, hala ere, Aldundiko Migrazio eta Aniztasun teknikari Itziar Pildain urretxuarrak ondorioztatu du euskal herritarrak ez direla arrazistak.
Belaunaldi gazteenek erakusten dute sinpatia handiena eta ikasketa mailarik apalenekoak direla migratzaileekin itxienak.
Eskubideen inguruan, herritarren %86,9k uste du herritar guztiek eskubide eta betebehar ber-berak eduki behar lituzketela. Herritartasuna lortzeko, berriz, %79,4k dio denbora batez bertan bizitzea nahiko behar lukeela.