Hamar urte darama Beasainen bizitzen Jordi Tripianak (Torrelló, Katalunia, 1980). Berak ezagutu zuen Katalunia jada ez dela existitzen dio. Independentzia zalea beti izan dela dio. Azkeneko lau urteotan, «bat-batean» jende uholde handia batu zaio korronte horri.
Zer sentimendu izan duzu zuk Kataluniaren estatusarekiko?
Ni beti independentista izan naiz. Han bizi nintzenean gutxiengoa ginen, ezkerrekoak. Convergenciak, nire ustez, independentista izan gabe jarraitzen du, baina behartu egin zuen gizarte ia osoak.
Kataluniako prozesuaren ezaugarria hori izan da, ezta? Herriak piztu duela txinparta.
Duela lau urte, Vignemal mendira joan ginen lagun batzuk. 3.000 metroko bat igotako bakoitzean bandera estelada (izarduna) ateratzen nuen, eta lagunei sinatzeko ematen nien. Jendeak harrituta galdetzen zidan ea independentzia zalea nintzen. Mendi horietan bakarrik adierazten nuen. «Nolakoak zareten independentistak», esaten zidaten. Handik bi urtera, Bartzelonako Diada ospetsu hartan denak manifestazioan zeudeneko argazkiak bidaltzen ari ziren. Talka izan da, bat-batean hainbeste jende independentziazale izatea; baina, bestetik, harrotasuna ere bai.
Independentziaren aukera ez zen aintzat hartzen orain arte?
Ez genuen hitz egiten. Utopikotzat jotzen genuen. Aldiz, Diada haren aurretik zurrumurrua bazebilen. Krisi ekonomikoa izan da eragilea. Nire osaba batzuk, independentziaren justu kontrakoak zirenak, manifestazioetara joaten hasi ziren. Nire aita Granadakoa (Espainia) da, nahiz eta sei hilabeterekin joan Kataluniara. Haiekin katalanez hitz egin dut beti, baina haiek haien artean gaztelaniaz.
Hizkuntza hain bereizgarria izan da?
Bai. Independentziaren aldeko ekitaldietan katalanez hitz egiten ez duen bat ikustea harrigarria da. Kulturalki ere desberdinak sentitzen gara. Orain, gainera, espainiar gehienek duten Espainiak estandarraren barruan ez dut tokirik nik. Beraz, ez banaiz egokitzen, ez dut ezer egiten barruan. Egokitu banaiteke, ez daukat arazorik ere.
Zure gurasoek eta aitona-amonek, jatorriz espainiarrak diren aldetik, zer pentsatzen dute?
Gurasoak ez dira inoiz independentista izan. Orain aldekoago dira. Aitona granadarra da, eta Real Madrilekoa… Baina azken Diadetan, bandera errepublikarra eta estelada balkoian jartzen dituenean, beste unibertso batera joan naizela pentsatzen dut. Etxean, hala ere, ez dugu politikaz sekula hitz egin.
«Mendian bandera ‘estelada’ atera eta ea
independentista nintzen harrituta galdetzen zidaten»«Hauteskundeena era okerrena da; %80 alde
aterata ere utopikoa eta egin ezina dateke»
Lagunek-eta zer diote?
Nire lagun artea gehien bat katalanista da, independentziaren gaian sartu gabe ere. Kataluniako gizartearen eta Euskal Herrikoaren arteko desberdintasuna da, euskal herritarra nahastuagoa dela, batik bat gizarte-klase desberdinen artean. Katalunian klaseak gehiago bereizten dira. Orduan, toki batzuetan —ikastetxe kontzertatuetan, adibidez— sentimendu nazionalista gehiago dago; eskola nazionaletan espainola edo katalanista lausoagoa; igeriketan jendea abertzalea zen… Baina, azken urteetan, denak frente baten alde ibili dira.
Kataluniako kaleetan ikusten denagatik, hura irauli da.
Inoiz abertzaletzat eduki ez dudan jendea, nahiz eta «zortzi abizen katalanekoak» izan, independentziaren alde atera da.
Zer da; independentzia nahia, ala erabakitzeko edo bozkatzeko eskubidea gauzatu nahia?
Asko erabakitzeko eskubidearen alde daude. Izan ere, nik ez dakit independentzia aterako litzatekeen. Inkestek hala diote. Kontsulta, gainera, ez zen loteslea. Hori PPren hankasartzea izan da; Aznarren garaitik kaka egiten ari da, 1993tik. Ordutik independentziazaleak ugaldu dira.
Igandean, kontsulta bai?
Azken urteetan ilusio handia piztu da, bozketa egingo zelako. Azken hilabeteetan erabateko konfrontazioa izan da Espainiako Gobernuarekin. Kataluniako taldean ere errealitate anitzegiak daude, eta zatitzen ari da… Ez dakit egingo den.
Bestela, hauteskunde plebiszitarioez ari dira. Zer iritzi?
Hori egin dezaketen okerrena da. Independentziaren alde %80 aterata ere, utopikoa izango litzateke, eta gertatuko ez den zerbait. Alde bakartasunez independentzia aldarrikatuz gero, horrek zuzenean Europatik kanpo utziko luke. Baina politika, azkenean, ez dira legeak, borondatea baizik.
Edonola ere, bide guztiek ez daramate haustura egoera batera? Herriak, modu batera edo bestera, independentzia babesten badu, biharamunean zirt edo zart egin beharko da.
Kontsulta egiten bada, esaten den bakarra da hainbeste herritar independentziaren alde dagoela, eta Espainiak hitz egitera eseri besterik ez du edukiko.