Eneritz Gorrotxategi
Goierriko zeru gainean, izar berri bat dir dirka, dantzan hasi den asteburua zinez berezia izan da. Katalunia aldera begiratuz gero, aspaldi iristear zen eguna iritsi da; azaroaren bederatzigarrena. Zer gertatuko ote zen ez zen garbi izan azken uneraino. Oztopoak oztopo eta trabak traba, herritar asko eta askoren oroimenean geratuko den egun historikoa zela azpimarratzen zen.
Ez bat eta ez bi; adin, pentsakera eta herri ezberdinetako bi milioi eta hirurehun mila lagun inguru izan dira euren iritziaz bat, papertxoa bete eta hautestontzietan bozka eman zutenak. Euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea eurena dela aldarrikatu dute.
Jende askoko ilada luzeak ikusi ahal izan ziren; goizean goizetik arratsalderaino, baina bada arreta piztu didan beste irudi bat: Generalitateko presidentearen eta Cup alderdiko buruzagiaren arteko besarkada. Euskal Herrian egunen batean, horrelako galdeketaren bat egiteko aukerarik izanez gero, noren arteko besardaka izango ote litzateke bi hauen artekoa? Kataluniako azaroaren bederatzia, zein data izango ote da Euskal Herrian? Zenbat herritarrek beharko lukete eskubide hori gauzatzea aldarrikatu, zilegitasuna irabazi ahal izateko?
Ion Muñoa
Gustatuko litzaidake, Eneritz, zure galderei zenbakiak eta datak zentzuz jarriz erantzutea; baina inolaz ere ez dut nire burua horretarako gai ikusten. Bizirik dagoenak eta ikusi nahi duenak izango du aukera orain egindako aurreikuspenak (pertsonal zein kolektiboak) denboraren lerroan eta gertakarien sekuentzian zer-nola kokatzen/gauzatzen diren ikusteko.
Besarkadarenari, ordea, bai heldu nahi nioke. Artur Mas-en eta David Fernandez-en arteko besarkada «ikusgarri» (eta mediatiko) horrek ez dakit zenbat denbora iraun zuen, baina lehengoan irakurri nuen besarkada batek benetakoa izateko, gutxienez 6 segundo iraun behar dituela. Eta 20 segundotik gora luzatzen bada, eragin terapeutikoak ere ba omen ditu. Harrapazan!
Kataluniako besarkada horrek seguruenik, askori Urkulluren eta Otegiren artekoa irudikatzeko balio izan zien inbidiz. Kontua da, besarkada bi pertsonen artekoa bakarrik izaten dela, eta beraz, besarkada batekin gure etorkizun kolektiboko kontuak konpontzea nekeza ikusten dudala, ia-ia udazkenak adina kolore badituen gure herri honetan. Imajinatzen hasita, Euskal Herriko (edo herrietako) balizko galdeketaren amaieran demokratikoki Urkulluk eta Rajoyk elkar besarkatzea ere ez legoke gaizki; edota Urkulluk eta Europar Batasuneko ordezkari Juncker-ek. Zer dakit nik!
Herri honetan ere besarkadek badute historia; Bergarako besarkada famoso hartatik pasa dira urteak, baita Txillida eta Oteizaren artekotik ere. Eta besarkadak etxe barrurako utzi eta plazan korroa eginda, arin-arina dantzatzen badugu elkarren oinei begira, erritmoa partekatuz, 20 segundo baino gehiagoz, eta izar dirdarien argitan?