Azaroa hil emankorra du Nekane Munduate Urdangarin Mun artista ataundarrak (Lazkao, 1973). Lizarrustiko parketxean Ilintia erakusketa eduki du. Zeramika lanak dira. Bestetik, Uztaritzeko Ttirritta tabernan ere (Lapurdi), orain arteko ibilbidea laburbiltzen duten lanak ditu. Hilaren 30era arte, biak.
Lizarrustiko erakusketan zer motatako lanak bildu dituzu?
Zeramikazko lanak dira, muralak eta eskulturak. Eduki dut bolada bat mural zeramikoak egin ditudana. Baina nire ikas prozesua, Arte Ederretan ere, eskulturan izan zen, eta horretan lizentziatu nintzen. Azkenean, bakoitzari barrukoa ateratzen zaigu; eskulturetarako joera gehiago dut muraletakoa baino. Mural zeramikoak sartu ditut, barruko harra zeratzeko. Baina gehienak eskulturak dira.
‘Ilintia’ izendatu duzu, Sarrionandiaren testu batetik hartua.
Joseba Sarrionandiaren Munduko zazpi herrialdetako ipuinak liburua irakurri, eta hortxe azaltzen zen hitz hori. Ez nion zentzurik bilatzen, jakin nuen arte zen zen: sua itzalduta dagoenean, brasa horiek itzalduta daudela ematen du, baina oxigeno pixka horrekin berpiztu egiten da. Hori da ilintia.
Irudi horrekin jolastu duzu?
Bai. Askotan, putzada batek balantzaren alde batera edo bestera ekartzen gaitu. Nire lanetan beti identitatea lantzen dut, eta putzada horrek zer esan handia dauka. Gero, beti erabiltzen ditut sustraiak; emea ere bai, eme naizen aldetik; begiradak, amodioa, desamodioa… Nolabait, herriaren edo identitate kolektiboaren ikuspuntu eta ideia horiek hartzen ditut, putzada horrekin.
Euskara irakasle lan egiten duzu, AEKn. Baina arte munduan ere bazabiltza. Noiztik?
Dezente aspalditik. Arte Ederretan lizentziaduna naiz, eta karrera bukatu nuenean, lehenengo erakusketa 25 bat urte nituela jarriko nuen. Orduz geroztik, saiatu izan naiz bi edo hiru urtez behin nire lanak erakusten. Orain dela urte batzuk ere ibili nintzen AEKn, eta utzi egin nuen sormen lanagatik. Saiakera orduan egin beharra neukan, egitekotan; bestela, utziz gero okerrago zatekeen.
Erakusketak-eta egiten ibili nintzen, baina salmenta ez zen bideratzen, eta ogia ere jan beharra daukazu. Hitza banatzen nuen Lazkaon, eta horrekin uztartzen nuen. AEKtik deitu zidaten berriz, eta hala joan nintzen.
Beti zeramika landu izan duzu?
Egurrarekin hasi nintzen, baina unibertsitatean zeramika ezagutu nuen, eta hormigoiarekin bukatu nuen. Handik ateratakoan, gertuago sentitzen nuen material hau. Etxean ere lantzeko errazagoa zitzaidan. Formazio saio batzuk jaso nituen, eta gero neure kasa ikasi dut: liburuekin, besteen obrekin…
Zer izaera du zeramikak?
Oso plastikoa eta biguna da. Eta biguntasun hori oso sentsuala da. Gozoa da, era berean; positibo-negatiboak, erliebeak… erraz bilatzen den materiala da. Testurarekin batera —nik hori bilatu nahi izaten dut—, material benetan gertukoa izan zitzaidan. Denbora asko eskatzen du, pazientziako lana da. Bere prozesua du. Eta nahiz prozesuan ustez ondo joan, azkenean suak erabakitzen duela egia da, eta handik sorpresak ere jaso ditzakezu; ez askotan, baina izaten dira.
Zer iruditu zaizu Lizarrusti erakusketa jartzeko?
Egia esateko, ez nuen uste hainbeste mugimendu zegoenik hemen. Askotan esaten duzu, «mendi punta hartan…». Baina ez, mugimendu handia dago, eta beti dago jendea ikusten duena. Azkenean, inporta dizuna jendeak ikustea eta ikusten duenarekin hunkituta joatea da.
Zu hurrengo sormen lanarekin hasita zaude jada?
Bai, piezak pentsatuta dauzkat. Eskultura bidea jorratu behar dut; ez da muralik sartuko. Hurrengo erronka hori da. Eta dimentsioetan handitu nahi dut, eskalak handitu. Horrek esan nahi du fisika ere sartu behar duzula, eta ia beste kontzeptu batzuk dira.