Azken hamarkadetan operak izan duen beherakadaren ondoren artisten ekimenez lirikaren mundua sustatzeko hainbat proiektu sortu dira; Opus Lirica da horietako bat.
Sortzaileen artean dago Ainhoa Garmendia (Legorreta, 1974), eszenatoki onenetan eta puntako zuzendariekin aritu den soprano ezaguna. Ordizian, Pello Ramirezek bultzatuta, Oroith Abesbatzan sartu zenean hasi zuen bere «abentura». Operak Alemaniako Leipzig hirira eraman du, hura du bizitoki. Ordizian kontzertua egingo du igande honetan Barroko Aire jaialdiaren barruan.
Berezia izango al da etxean aritzea?
Beti da berezia etxean abestea. Lagunak, ezagunak eta familia han izango dira eta horrek energia ona ematen du. Bestalde, nolabaiteko presioa ere sentitzen da; etxean gauzak ondo egin behar dira.
Zer entzungo dugu?
Kontzertua Barroko Aire jaialdiaren barruan egingo denez, barroko abesti eta aria batzuk abestuko ditugu. Batzuk tronpeta, ahotsa eta organoarekin;?beste batzuk ahotsa eta organoarekin;?eta baita organoarekin bakarrik ere. Oso kontzetu polita eta askotarikoa izango da.
Opus Lirica Donostian opera denboraldi egonkor bat sustzeko egitasmoa da. Zein egoera bizi du operak gurean?
Donostian ez da opera asko egiten eta zerbait egiten denean kalitatea falta da. Opus Lirican kalitatea ekarri nahi dugu. Ez dugu urrutira joan beharrik, bertako askok kalitate handia duelako, baina gauzak ondo egin behar dira: behar den bezala entseatu, ondo antolatu… Gaur egun ekoizpenak asko, azkarregi, korrika eta presaka egiten dira. Horrela ez dago modurik gauzak ondo egiteko.
Lehen ikusle zabala jasotzen zuen arren, gaur egun eskaintza elitista gisa ikusten dau?
Akats bat da opera elitista moduan ikustea. Askok ez dute opera ezagutzen eta informazio hori eman zaielako ez dute ezagutu ere egin nahi. Baina nik baditut hainbat esperientzia inoz joan gabe zeuden pertsonekin, operara etorri eta harrituta gelditu izan dira. Gainera, gaur egun opera asko egokitu da eta ekoizpen askotan teknologia modernoak ere geroz eta gehiago erabiltzen dira.
Ordizian ekin zenion musika eta kantua ikasteari. Betidanik datorkizu zaletasuna?
Oso gaztetatik. Pello Ramirez izan zen nere lehenengo akordeoi eta solfeoko irakaslea, eta klaseetan abesten nuenean esaten zidan ahots polita eta abesteko erraztasuna nuela. Berak gomendatu zidan Oroith Abesbatzan sartzea eta orduan hasi zen nire abentura.
Operan interpretazioa ere funtsezkoa da. Bietarako zaletasuna zenuen edo batak ekarri du bestea?
Hasieratik nuen bietarako zaletasuna. Oraindik gogoratzen dut Oroith Abesbatzarekin diru pixka bat ateratzeko antzerki obra txiki bat antolatu genuenekoa. Izugarri gustatu zitzaidan esperientzia. Geroago, nire lehenego opera ikustera Bilbora joan nintzenean kantua eta teatroa elkarrekin ikustean zoratuta geratu nintzen. 17 urte nituen eta ez dut inoiz ahaztuko Rigoletto hura Alfredo Krausekin. Egun horretan jakin nuen hori zela egin nahi nuena.
Nola eman zenuen operan aritzeko saltoa? Erronka zaila izan al zen?
Lan asko egin dut beti eta asko saiatu naiz; zorte handia izan nuen. Aldundiak, adibidez, beka bat eman zidan bi urtez Vienan ikasteko. Gero Parisen audizio bat egin nuen eta berehala hartu ninduten Marsellako eskola batean beste beka batekin. Henri Maier hango zuzendarietako bat Leipzigeko (Alemania) zuzendari egin zuten eta berarekin eraman ninduen lanera. Beraz, nere bidea, nahiz eta gogor lan egin, nahiko zuzen joan da.
Goi mailan aritzeak asko mugitzea dakar. Nola daramazu?
Urte asko daramatzat kanpoan eta bidaiatzen. Azkenean ohitu egiten zara; niri errutina ez zait gehiegi gustatzen. Lehen asko bidaiatutakoa naiz eta orain gutxiago bidaiatu behar badut ez zait axola.
Zein eszenatoki duzu amets?
Ez dut askotan halako ametsik egiten; baina New Yorkeko Metropolitanean abestea, adibidez, gustatuko litzaidake.
Opus Lirica konpainiarekin Elisir d’amore opera aurkeztu zenuen Kursaalean apirilean. Adinaren papelean aritu zinen.
Elisir d’amore esperientzia bikaina izan zen. Opus Liricarekin egindako lehenengo opera Kursaalean. Adinaren papera askotan abestu dut eta oso polita da, baina nire ahotsa asko aldatu da eta pixkanaka errepertorio hori uzten hasi behar dut.
Lan horrekin kritika bikainak jaso zenituen. Zenbateraino hartzen dituzu kontuan?
Kritikak beti dira subjektiboak. Denetik entzun dut 15 urte hauetan, eta geroz eta kasu gutxiago egiten diet. Ni naiz nire kritikorik handiena.
Luzea da zuk egindako lanen errepertorioa. Zein nabarmenduko zenuke?
Gehien abestu dudana Figaroren ezkontzako Sussanarena da. Asko gozatu dut, 60 funtzio eta 6 ekoizpen egin ditut. Hala ere, gehien markatu nauena Traviatako Violettarena da.
Nola izaten da gisa horretako papel bat prestatzea?
Lan luzea izaten da, hilabete batzuetakoa. Traviata duela gutxi debutatu nuen eta izugarrizko esperientzia izan zen. Lan asko egin nuen, baina merezi izan zuen. Oraintxe bertan nire paperik hoberena da.
Zein proiektu duzu eskuetan?
2015eko maiatzean Madrilgo Auditorio Nazionalean kontzertu eta CD baten grabaketan hartuko dut parte. Ilusio handia egin dit. Azaroan, berriz, Oviedon izango naiz Figaroren ezkontza abesten.
Etorkizunean, berriz, zein obratan ikusi eta entzungo zaitugu?
Traviata, Cosí fan tutte eta Boheme egingo ditut, baina oraindik ezin dut xehetasunik eman.