Idoia Luzuriaga
Duela egun gutxi joan zaigu amama; bizitzaren legea. Azaroak bere lehen egunak hartzearekin batera, gure etxean denbora gelditu bailitzan moduan egon gara, haren arnasari so, bere logelan sartu-irten amaigabean. Eta ze motatako lezioa izan diren egun hauek, Tere. Batetik, bizitzaren eta heriotzaren zentzuaz, baina ez noa hemen horri buruz aritzea. Bestetik, eta nagusiki hori azpimarratu nahiko nuke, nere amamaren inguruan izan ditugun pertsonen gizatasunaz eta behar izan denean haien profesionaltasunaz; ez egun hauetan bakarrik, baizik eta azken urteotan.
Adinekoekin lan egiten dutenek merezi duten esker onik jasotzen ez dutela ez da gauza berria. Adin batetik aurrera behar ditugun arretak eta pertsona bezala ditugun mugak urte hauetan zuzenean ikusi ahal izan ditudalako esan dezaket lan hori oso gogorra dela. Gure gizartea zahartzen ari da, hori ere ez da albiste berria, iaz heriotz tasa jaiotze tasaren gainetik jarri zen, eta gero eta gehiago beharko dugu beren arreta eta jakituria. Guretzat ikaragarria izan da bai alor honetan zein osasun sisteman lan egiten duten pertsonen babesa, eta ahal den neurrian eta aurrez-aurre hala jakinarazi diegu. Ez dakit haiek bere lanaren ildoak administratiboki mugitzen dituzten eskuen babesa berdin sentituko ote duten. Hala beharko luke. Beste arrazoiak gutxi balira ere, bizitzaren azken txanpan nola edo hala, haien beharra izango dugu eta.
Tere Madinabeitia
Heriotz kontuak ekarri dituzu oraingoan Idoia, kontu tristeak. Zuk amama galdu duzu, nik gertuko beste bat… Baina gaurkoan nahiago dut alaitasun izpitxo batekin hastea gure jardun hau, eta gu biok, hirugarren lagun batekin, behin baino gehiagotan aipatu dugun etorkizuneko balizko pasartea aipatzera noa.
Gogoratzen al duzu Idoia, zenbat alditan esan dugun hemendik urte batzuetara zu, eta gure hirugarren hori, Zumarragako zaharren egoitzatik Legazpiko egoitzara ni bisitatzera etorriko zaretela? Parre algara edarrak egiten ditugu horren kontura, egoera horretan jartzen garenean umorea nagusitzen delako gure artean. Eta hobe, gainera, horrelako gaiak umore puntu batez hartzea.
Ni, eta baita zu ere ni baino gazteago izan arren, adinean aurrera goaz poliki poliki, eta oraindik asko falta bada ere, etorkizuna, zahartzaroa, nolakoa izango dugun pentsatzen eta irudikatzen hasiak gara. Nik, ia guztiak bezala, nahiago dut nere azken urteak nere etxean nere ingurukoekin igarotzea, baina argi daukat, aldi berean, nire ondokoak ezin ditudala behartu ni zaintzera gai ez baldin banaiz. Horregatik, eta aspaldidanik adinduen arretarako eta zaintzarako zerbitzuak gertutik ezagutzen ditudalako, ez dut baztertzen neu ere horrelako zentro batean egotea hemendik urte batzuetara. Zuk esan bezala, profesionaltasunez eta gizatasunez zainduko nauelakoan nago.