Baztertuta, gutxietsita sentitzen dira ziklo krosean aritzen diren neskak; Lazkoaoko Maite Murgia da horietako bat. Mutilen eta nesken artean desberdintasun ugari dauzkatela salatzen dute: «Txirrindularitza, gizartearen isla da, aurrera goazela egia da, baina oraindik ere ez da egoera normala. Beste modalitateetan bezala ziklokrosean bizi dugun egoera gogorra da: irteera propiorik ez, toki zehatzik ez, sari berdinik ez… Baina guk ere duintasunez korritu nahi dugu. Ez gaude besterik gabe egoera hau onartzeko prest. Gauzak aldatu arte ez dugu etsiko», diote emakume txirrindulariek. Berdintasunaren alde sinadura bilketa abiatu dute.
Txirrindularitzan ere berdintasuna aldarrikatzen duzue. Tratu berdina eta eskubide berdinak.
Txirrindularitza aipatzen dugu, baina, batez ere, ziklo krosean bizitzen ari garenetik abiatu gara. Lasterketetan ez gaituzte berdin tratatzen neskak eta mutilak. Adibidez, ziklo kroseko karrerak kategoriaka ateratzen ari dira; ordu bakoitzean maila ezberdinekoak. Baina neskek ez dakite zein mailatan sartu, jubeniletan, masterretan… Ez dugu jakiten zein ordutan ateratzen garen. Askotan sentitzen dugu soberan gaudela. Aurten hobetu da, normalean jubenilekin ateratzen gara eta hori errespetatzen ari gara.
Sarietan ezberdintasun handiak izaten direla diozue.
Bai, handia. Adibidez, lehenengo mutilak lehenengo neskaren hirukoitza jasoko du saritan. Joan zen asteburuan Asturiasen (Espainia) lehenengo aldiz, sariak berdindu egin zituzten. Baina Euskal Herrian oraindik ez. Igorreko karrera abenduaren hasieran izango da. Bertako antolatzaileekin hitz egin dugu eta esan zigun 60 neska joanez gero, saiatuko direla sariak berdintzen. Kopuru hori biltzeko aukera ikusten dugu, azkeneko lasterketetan 40 bat neskek parte hartu izan baitugu. Baina uste dut antolatzaileak atzera bota direla.
Kategorien arloan ere baduzue aldarrikapen bat.
Bai. Mutiletan jubenilen hurrengo kategoria 18-23 urte bitartekoena da, eta gero eliteena. Neskatan, ordea, jubeniletatik zuzenean elitera pasatzen gara. 23 urtez azpiko kategoriarik ez dago eta kategoria hori finkatzea eskatzen dugu. Orain arte ez geunden asko, baina orain jubeniletan dezente dabiltza eta nahiko jende gaude kategoria hori finkatzeko.
Arazo horiek Euskal Herri mailan bakarrik bizi dituzue?
Ez, Espainia mailan ere bai.
Triatloietan ere ibiltzen zara. Alde hori ba al dago?
Ez, triatloietan sariak berdinak izaten dira eta karrerak ere guretzako propioak ditugu. Ziklo krosean ez daukagu irteera propiorik. Bi minutu lehenago edo beranduago ateratzen gara.
Gizartean berdintasunaren aldarrikapena hitzetik hortzera dabil.
Bai, eta guk ez dugu ikusten berdintasunik. Iaz Facebookean taldea sortu genuen, idatzi bat egin genuen federaziora bidaltzeko… Baina aurten gaiari seriogo heltzea erabaki dugu, sinadurak bilduz.
Zeintzuk abiatu duzue kanpaina hori?
Ziklo krosa korritzen urte batzuk daramagun neskak elkartu gara gure aldarrikapena egiteko, baina mutilak ere ari zaizkigu laguntzen. Karreratan berdintasunaren aldeko pankarta jartzen dugu eta mutilak ere pankartan jartzen dira.
Hainbesteko sakrifizioa egin ondoren, inpotentzia ere izango da zuentzat, ezta?
Mutilen sari berdinak ez emateko argumentua, neskak gutxiago garela da. Baina gure errua ere ez da. Horrelako desberdintasunak daudenean, neskak gero eta gutxiago animatuko dira. Zirkulu bat da.
Non sina daiteke zuen idatzia?
Goierrin bi herritan egin daiteke: Beasainen Trigune eta Jokin Mujika dendetan, eta Lazkaon, kiroldegian eta Kemenen.
ESKAERAK:
Espainiako ziklo kros federazioaren abenduko proposamenak prestatzen ari dira neska ziklo kroslariak, «txirrindularitzatik gizartera, berdintasun haizeak bidaltzeko». Ondorengoak dira aldarrikapen batzuk:
- 23 urtez azpiko kategoria eta irteera propioa. Mutiletan bezala, 23 urtez azpiko kategoria eskatzen dute, jubeniletatik elitera artean dagoen tartea hain handia ez izateko. Era berean, neskek beraien irteera propioa izatea ere aldarrikatzen dute.
- Atzerrira joateko aukera berdina. Gizonei zein emakumeei atzerriko lasterketetara joateko aukera berdinak ematea. «Aipatzekoa da, gainera, horrelakoetan normalean emakumeek emaitza hobeak lortzen dituztela gizonezkoek baino».
- Sarietan berdintasuna. «Emakumeok lizentzia mutilek beste ordaintzen dugu, izerdia berdin botatzen dugu eta baita berdin sufritu ere. Zergak gizonek bezain beste ordaintzen ditugu baina gero, diru publikoa tartean den ekintza askotan, ez gaituzte berdin tratatzen».