Ostiral iluntzea da, eta herritar gehienek lan astea bukatutzat eman dute. Azkeneko erosketak egiten edo tabernetan zerbait hartzen lasai dabil jendea Lazkaon. Lau lagunek, hala ere, oraindik badute zeregin bat: euskaraz hitz egitea. Euren borondatez, lagun artean elkartu, kafe bana eskatu, eta mihiari herdoila kentzeko prest dira. Mintzalagunak dira.
Egitasmoan urte batzuk badaramatzate Anun Varak, Axun Apaolazak, Ana Isabel Iglesiasek eta Jone Valerok. Talde berria osatu dute aurten, ordea, eta ez dute denek elkar ezagutzen. Euskaraz esan dute aurreneko hitza, eta euskaraz hasi dira harremana eraikitzen.
Mintzalagunen egitekoa, sinplea bezain erraza da, itxura batean: astean ordubetez nonbait elkartu euskaldun zahar bat eta hiru euskaldunberri, eta euskaraz aritu. Edozertaz, edonola, edozeinekin. Baina euskaraz. Eta emaitza ematen du.
«Ni orain dela hiru urte hasi nintzen euskara ikasten, Maizpiden. Baina online egiten nuen, eta zaila iruditzen zitzaidan hitz egiteko. Irakasleak proposatu zidan Mintzalagunera etortzea, eta bi urte daramat. Egia esan, lehenengo lotsa handia ematen du, ez dakizu zer esan, eta gainera esaldi bat esatea zaila egiten zitzaidan. Baina esperientzia oso ona da», dio Ana Isabel Iglesias beasaindarrak, euskara jorian eta etenik gabe. Bi urtean aurrerapen handia egin du.
Anun Vara duela «urte asko» hasi zen Maizpiden. Haurrak izandakoan utzi zuen, baina heldu dio berriro. «Mintzalaguna oso komenigarria da niretzat, zeren etxean ez dugu euskaraz hitz egiten. Euskaldun zaharrekin hitz egiten ez badut, akabo».
Jone Valero erizain laguntzailea ere borondate indar izugarriarekin bildu da mahaira. Gaua lanean igarota dago, eta hiru ordu besterik ez du lo egin. Baina euskaraz egin nahi du. «Hitz egiten ez bada galdu egiten da», dio. «Kaleko jendearekin oso desberdina da. Konplexuak eta beldurrak sortzen dira. Mintzalagun taldeak aukera oso ona dira, jende berezia da eta: bihotz oneko pertsonak, pazientzia handikoak… Beren kultura maite duen jendea da, eta edozer egiteko prest daude aurrera ateratzeagatik. Hori eskertzekoa da; gaur egun jende hori behar dugu».
Astean behingo jardun horrek, gainera, mihia askatzeko ez ezik, ausardia hartzeko ere balio die. «Lagun batzuk euskaldunak dira, baina harremana gaztelaniaz eginda dugu. Orduan, oso zaila da hizkuntza aldatzea, nahiz eta orain hitz egin dezakedan. Baina beste batzuekin dena euskaraz egiten dut. Baina nintzalagunekin, adibidez, beti euskaraz aritzen gara, eta gaztelaniaz zaila da», dio Iglesiasek.
Ohiturak aldatzea, zaila
Hain zuzen, «betidanik» aritu izandako hizkuntzak mugatzen du harremana gaztelaniaz edo euskaraz den. Ohiturak pisu handia du, eta pertsonak hizkuntza batekin lotzen dira. «Niri esaten didate semeekin hitz egiteko. Baina betidanik erdaraz egin dugu, eta ez zaigu ateratzen. Etxean, jaio garenetik hizkuntza gaztelania da. Jendearekin, agian, ohitura falta zaigu. Mintzalaguna oso aproposa da beldurra kentzeko», dio Valerok.
«Betiko lagunekin aldatzea oso zaila da, baina harreman berriak direnean bai, saiatzen gara euskaraz hasten», gehitu du Iglesiasek.
Hala eta guztiz, euskara kalean «gero eta gehiago» erabiltzen dute: «Arrandegian, Kutxan… hasi gara. Baina ez da berdina, han elkarrizketak oso motzak dira», dio Valerok.
Anun Varak errezeta aurkitu du: «Onena beldurra kentzea da. Kutxara joaten baldin bazara eta zer nahi duzun euskaraz esan, beldur hori jada kendu duzu».
Mintzalagunean, jakina, erosoago ari direla diote. «Desberdina da, zeren Mintzalaguna laguna da, azken batean. Harremana eta konfiantza sortzen da», argitu du Valerok.
Irratian edo telebistan belarria jartzen dute, eta aukera guztiak baliatzen dituzte. «Lanean, ospitalean normalean adineko jendea da, eta haiek asko eskertzen dizute euskaraz zuzentzea. Oso erosoa da nire lanean», dio Jone Valerok.
Edozein mailatakoentzat
Apaolaza da taldeko euskaldun zaharra. Lazkaon Mintzalaguna sortu zenetik dabil, duela lauzpabost urtetik. «Oso aberasgarria da. Pozgarriena da ikustea urrian hasten garenetik ekainera zer aldea dagoen». Konfiantza eta elkarrekin hitz egiteko erraztasuna dira gakoak.
Hizkuntza irakaslea da lanbidez. «Badakit hizketa egiteak zer garrantzia daukan hizkuntza bat ikasteko garaian. Jendea behar zela eta kartelak ikusi nituenean, segituan eman nuen izena, duda egin gabe», dio Apaolazak.
Baina garbi utzi du Mintzalagunean ez dela irakaslea; ez direla lezioak, ez klaseak. Erakuslea da, agian. Lagun bat.
Egokitasuna, berriz, maila guztietarako hiztunentzat ikusten dio Mintzalagunari. «Hasi berrientzat konfiantza lortzeko, eta gero ere beti daude dudak; azterketetarako, esamolde bat nola esaten den…».
Lehen hitza euskaraz egiteak zenbat balio duen, Mintzalagunetan ikusten da garbi. Euskaraz mintzatzeko gogoa izanda, lagun arteko komunikazio hizkuntza bihurtzeko bidea irekitzen du. Lazkaoko mintzalagun talde honetakoak euskararen eta euskarazko lagun dira jada.