Alex Areizaga
Azken asteetan, Cho Oyu aldera gertutik begiratzeko aukera izan dut, Pedro, Xabier eta Oierren begietatik. Gustatu zait ikustea, nola jaisten diren mendizaleak goi gailurretatik. Mendiari azken begiratu nekatu bat botaz, hankak minduta. Gordetako emozioak gailurrean lehertzen dira, eta gero bajoia, bajadaren bajoia dator; gainontzeko ornodunok igande goizetan sentitzen dugun hori, baina hainbat aldiz biderkatuta, eta ingelesez komunikatuz. Imajinatu. Pozaren resakak gogorrak dira, poz hori gozatu ezin dugunean; gozatzeko, hainbat kilometroz ibili behar dugunean, mendiari urrunetik begiratzeko. Baina orduan, liluratuta utziko zaituzte izarrekin hitz egitera igo diren hiru pertsonek; nola barre egin duten amaieran, mina disimulatu gabe; nola itzuli diren etxera, inguruko mendiak faltan botatzen zituenaren sentsazioarekin. Eta nola oroitu dituzten maite dituztenak. Politta. Pertsona bat ez delako hilko berataz oroitzen den azken pertsona hil arte. Eta bitartean, gogoratzea, mingarria izan arren, polita eta beharrezkoa ere badelako. Itzalen artean ikusi zaitut, eta banekien guri begira zeundela; gure pausoak zainduz, gure bidea babestuz. Hamar urte dira, urte bat, baina une bat izan da, haize bolada bat, zure izena dakarrena. Eta Cho Oyuren gailurrean zutik, bi pertsona, bi larrosa. Han, non oinak lainoen gainetik dituzun, eta eskuak izarrak ukitzeko bezain gertu. Non zuri begiratzea errazagoa den. Non beti gordeko dugun oroitzapen bat zuretzako eta beti gordeko duzun irrifarre bat guretzako, eta guk egin bezala, izarrekin hitz egitera igoko diren guztientzako.
Jon Plazaola
Pentsa mendizaletasuna zein kirol sakrifikatua den, noraino, ze muturreraino iristen den pertsona bere bizitza benetako arriskuan, amildegiaren ertzean jartzeraino, izarrengandik gertu une bat pasatzeagatik bakarrik. Luzaroan, hilabetetan, urteetan, landutako proiektua. Zenbat aldiz egoten ote dira proiektu horiek zaborrontzitik gertuago gauzatzetik baino? zenbat aldiz pertsona etsitzetik gertuago mendiko botak janztetik baino? Dena instant batez izarrengandik gertuago sentitzearren.
Mendizaleen pausoek ez dituzte egunero albistegiak irekitzen, ezta albistegietako kirol tarteetan egunero aipatzen ere. Mendizaletasunak ez du diru kopuru lotsagarririk mugitzen, ez ditu sponsor indartsuenen sosak erakartzen eta kalean, jendeak tabernetan ez du eztabaidatzen, beste bat errekara botatzera arte, ea “Urrezko pioleta” (balego) ze mendizaleri emango dioten aurten.
Gabonak gertu ditugu eta halako metaforatxo batekin amaitu nahiko nuke. Futbola kirol erregea da eta noski, monarkia guztiek bezela bere kaka guztiak agerian maiz uzten dizkigu, joandako asteburuan bezela. Baina txikitatik guri gustatu izan zaizkigun errege bakarrak gabonetan opariak ekartzen dizkigutenak dira, urtarrilaren 5 gauean euren edalontzietan pattarra eta euren gameluen katiluetan ura jarrita trukean opariak ekartzen dizkiguten hoiek. Eta hoiek bezela, izarrari segika bizi dira gure hiru erregeak. Pedro, Xabier eta Oier.