
Ez da magia; esporak dira. Ekosetas kita da. Kafe hondarrak perretxiko bihurtzen dituen kita da. Erdi eta erdi ditu osagaiak: erdia kafe hondarrak eta erdia perretxiko hazia, eta nahasketa horretatik sortzen da Belarri Landua izeneko (Peurotus Ostreatus)onddoa.
Ordiziako azokara joaten hasi berriak dira Ekosetas etxekoak, euren produktua ezagutaraztera eta saltzera, eurentzat ere Ordiziako feria, nekazaritzaren mundu txikiko plaza handia baita. Olio erabilia berrerabiltzen duen Ekogras enpresaren etxe berekoa da Ekosetas ere, eta etxea Etxarri Aranatzen dute.
Bi aldiz hazten dira
Hamarretik hogei egunerako tartean ateratzen dira perretxikoak eta Boni Zelaiaeta Ekosetaseko saltzailearen esanetan, «azkar ateratzen dira, baina pazientzia behar da». Behin hazita daudenean, jaso eta nolabait bigarren aldi batez berpizten direla esan liteke, jaso eta beste hamar-hogei egunen artean berriro ateratzen baitira.
17-19 gradu zentigradu artean edukitzea komeni da kita, berogailuetatik urrun. Argiari dagokionean, berriz, ezin dio argiak zuzenean eman, baina zeharkako argia beharrezkoa du: beraz, onena, kit hori leihotik urrun dagoen txoko batean jartzea da, zuzenean argiak ez emateko.
Egunean bi aldiz ureztatzea komeni da, eta horretarako, Ekosetas kitaren barruan datorren lainoztagailua erabil daiteke, neurri egokian betez.
Kartoizko kaxa da kita biltzen duena. Hori moztu eta plastikozko edukiontzian gurutze formako mozketa bat egin behar zaio laban edo guraize batzuekin. Moztutako zulo horretatik bota behar da ura gero, aldioro.
Hiru helburu
Ekosetas kitak hiru ezaugarri ditu. Ekologikoa da alde batetik, tabernetan bildutako kafe hondarra birziklatzen dutelako sustratoa egiteko. Soziala ere bada, kit horien salmenta bakoitzeko euro bat Gureak erakundeari ematen diotelako. Eta hezitzailea ere bada, haurrak landareen munduan eta birziklatze ohituretan murgiltzen laguntzen duelako.
Gainera, behin bi aldiz ateratakoan ongarri edo konposta bezala erabil daiteke.