Munduko toki desberdinetatik datoz. Ameriketatik, Errumaniatik, Afrikatik… , batzuk pateretan, besteak pasaporte faltsua eginda, bestelako batzuk autobusetan, kamioietan… arrazoiak arrazoi, beti, ezkutuan edo ezkutuka, helburua: aukera berriak eskainiko dizkien leku batera abiatzera. Toki arrotz horien inguruan esan zaienaz fidatzen dira, eta haiek beren larrutan atsegin hori ikusi, aztertu eta bizi nahi dute. Dena den, usain gozoz lurrrindutako bidea katramilatutako sarea egokitzen zaie, buruhauste astun, arrisku ilunen sare; tratu txarren esker gaiztoa ezagutzen dute, babes eza, harrera kaskarraren besarkada garratza. Bide gaitzaren aldapan nekea dute senide, ezinegona adiskide, ziurgabetasuna lagun. Itsasoaren kresala ahotik kendu eta gazituta zegoen larrua gezatzen zaie, bizi dugun hemengo egoera ez da gozoa. Urruneko Afrika, haien lurralde maitea, aberatsa da, bai, multinazionalek badakite hori, hargatik majo zupatzen dute haren bularra, haurrek negar egiten dute, gosez hiltzen dira, baina hori zer? Bost axola haiei, bost axola guri? Afrikatik Espainiara, Espainiatik Euskal Herrira, beti joanaren joanean, nomada gisa, batetik bestera, bidearen urratsak bihotzean, bihotzaren bidea urratsetan, bidearen bihotza taupaz taupa.
Hala egokitzen zaigu Goierri aldeko herri askotan etorkinak ikustea, egonaldi luzeko jardunean dabiltzanen pertsonen presentziaz ohartzea. Guztiok ezagun ditugu, ezagunak dira guretzat, gure biziaren zati dira, jakina, biziak ekarri dituen bizidunok gure bizitzetan onartzen, ongi hartzen baditugu. Ziur naiz gogoan duzula joanean zoazelarik, etorrian zatozelarik inortxoren aurpegia, beharbada norbaiten izena ere bai. Nire kasuan, Yusufa, Best, Modu, Bap, Yup bezalako pertsonak ezagun ditut, lagunak dira, lagun egin ditut, eta haien hitz, bizipen eta esperientzietatik aberastasun betea jasotzen aritu naiz, haiek beraien bihotza parez pare irekitzen irakatsi didate bostekoa ematean, irribarrea eskaintzean, agur gozoaren abaroan zoriontasunaren ostadarra eraikitzen lagunduz. Haien hitz bakoitzean, parez pareko leiho ireki horren freskotasuna somatu dut, eta benetan, kilikagarria izateaz gain, hitz, ele bakoitzaren solasean gogoa bera elikatu didate.
Kantu batek aspalditxo honakoa zioen: «Isiltasuna urrea da, baina nire begiek ikusten dute»; halaxe gabiltza bihotzak ikusi beharko zukeena begiz estaltzen, erraza baita ikusmen ona izan eta itsua izatea, edo bi begi osasuntsu izan eta gandurik gabe ezikusiaren eta bekaitzaren gaixotasunak izatea; gaitzok guregan izanda, aurrez aurre duguna, pertsona ezezagun hori, etorkina, baztertzen dugunean, gure barrua kaltetzen ari gara, gure benetako izana ezkutatzen. Begietatik estalki kaltegarri horiek desestaltzeko ezinbestekoak gertatzen dira honakook: arazoaren ulermenaz jabetzea, gizakiei egiten diegun harrera nolakoa den kontuan izatea, guk besteekiko izan beharko genukeen arreta, zinezkoa den ala ez hausnartzea, eta batez ere, gauza guztien gainetik, gure buruari eman behar geniokeen maitasuna eta besteei eskaintzen ari gatzaizkiena zuzena den konturatzea. Gizasemeak, gizalabak, bere eraikitze jardunean, errepide on askoren eraikitzaileak izan dira, aurrerakoi izaten jakin izan dute, baina, zoritxarrez, oraindik, ez dute bihotz-biderako errepide motzik asmatzen jakin, lasterregi biziz azal, arraza, kultura desberdinen iturrietatik edan baino, mugen, liskarren pattar makatzaz mozkortu nahiago izan baitute, bilintzi-balantzan, sarri, iparra galduz. Etorkinak arazo direla diotenek jakin bezate gu ere arazo izango ginatekeela beste askorentzat bestelako lurralde batean, desherrian, haientzat ezezagun, arrotz eta etsai. Hori nahiko genuke guretzat?
Bi ibaiek topo egitean, muin emanez, muin izan daitezke itsasoaren bihotzean. Halaxe, guk besteari muin ematen diogunean itsasoaren bihotza zeharkatzeko aukera paregabea irekitzen zaigu, ez dago nola egin dezakegun galdetu beharrik, keinu batek, hitz batek osatzen du batasunaren itsaso zabala, horrexegatik guztion tantak beharrezkoak dira, tanta horien taupetan marraztua baitago itsasoaren bihotza. Gazi-gozo horren atsegina dastatu nahi duzu? Zeurea da hitza, ekin lan bikain horri, zure ekimenak guztiok zipriztinduko gaitu. Aldez aurretik, nire bihotzaren desherritik, eskerrik asko.