Bertsolaritza euskara eta ahozko komunikazioa lantzeko primerako tresna da. Hori dela eta, duela 24 urte Bertsozale Elkarteak Bertsolaritza Irakaskuntzan egitasmoa martxan jarri zuen. Egun, zazpi herrialdeetako 21.000 ikaslek parte hartzen dute proiektuan. Horietatik 1.114 goierritarrak dira.
Egitasmo horrek, hasieratik, ikastetxeen babesa jaso du. Egun, mota guztietako 410 eskola dira partaide: publikoak, ikastolak eta kristau eskolak.
Ikasturte honetan, Gipuzkoan, lau ikastetxek bat egin dute egitasmoarekin. Araban, finantziazio arazoak medio, Añana eskualdeko hiruk utzi egin behar izan dute. Gasteizko bik, berriz, bat egin dute. Bizkaian aurreko ikasturtean baino hamahiru eskola gehiago daude eta Iparraldean 25 ikastoletako 24ra hedatzea lortu dute.
Nafarroari dagokionez, orain arte Hezkuntza departamentuak proiektuaren zati handi bat finantzatzen zuen, baina 2014an babesa ukatu dio. Hala ere, bost ikastetxe berritara heltzea lortu da.
Nagusiki, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. maila egiten ari diren haurrek parte hartzen dute. Bertsozale Elkarteko 38 irakaslek, astero edo bi astez behin, bertsolaritza eskola ematen dute ikasgelan. Eskola orduetan joaten dira, gehienetan euskara irakasgaiari dagokion orduan. Erabiltzen duten materialari dagokionez, 2011n Eusko Jaurlaritzaren Ixaka Lopez-Mendizabal saria jaso zuen Gu ere bertsotan da euren lanaren oinarria.
Gainera, ikasturtean zehar egindako lana ikastetxetik kanpo erakusten dute: gurasoentzako jaialdiak antolatzen dituzte, irratsaioetara joaten dira…
Bertsozale Elkarteko Ixiar Eizagirrek egitasmo horrek hainbat helburu dituela azaldu du. «Haurrek bertsolaritzan oinarrizko ezagutza bat lortzea nahi dugu. Bertsolaritzak indar handia du euskal kulturan eta gizartean eta asko du emateko: euskara maila hobetzeko, hizkuntzarekiko atxikimendua handitzeko eta ahozko komunikazioa lantzeko balio du».
Bertso eskolen iritzia
Bertso eskoletako kideek ere ekimen ona dela uste dute. «Egitasmo honi esker haurrek bertsolaritza ezagutzen dute. Lehen iragazkia egiteko balio du. Bertso eskolara datozen haurrek badakite bertsolaritza zer den, eskolan ezagutu dutelako, eta gustatzen zaielako etortzen dira», aipatu du Urretxu eta Zumarragako bertso eskolako Gorka Azkaratek.
Goierritarrak
Goierriko zortzi herritako hamahiru ikastetxek parte hartzen dute Bertsolaritza irakaskuntzan egitasmoan.
- Beasain ……………… 186
- Alkartasuna Lizeoa ……. 94
- Beasaingo ikastola …….. 24
- Murumendi LHI………… 68
- Lazkao ………………. 121
- San Benito ikastola …… 121
- Legazpi ………………. 151
- Domingo Agirre …………. 58
- Haztegi ikastola …………. 93
- Ordizia ………………. 212
- Jakintza ikastola ………… 88
- Urdaneta ikastetxea ….. 124
- Segura ………………… 29
- Laiotz herri eskola ……… 29
- Urretxu-Zumar. ….. 386
- Gainzuri ikastetxea ……. 114
- La Salle-Legazpi ……….. 100
- UZ Ikastola ………………. 172
- Zaldibia ………………. 29
- Lardizabal …………………. 29