
Ion Muñoa
Abendua, datorrenaren hilabetea dugu. Latineko adventus horrek abendu forma hartua du gure hizkuntzan, eta gaur egun gure arteko gehienentzat kristau tradizioko abendualdi (edo adviento) zentzua baino gehiago izan arren, datorrenaren hilabetea izaten jarraitzen duela esango nuke.
Etortzeko dagoenaren artean, naturari begiratuz gero, negua eta elurra dauzkagu. Eta naturako denbora harrapatzeko gure grinari erreparatzen badiogu, abenduaren hondarrean datorkigu urte berria ere. Baina hori baino gehiago ere bada abendua. Gero datorrenerako prestatzeko garaia den heinean, azoken (Durango, Santa Lutzi, San Tomas…) garaia ere bada. Eta neguak, gau luzeek eta egun motzek duten iluntasunari argi egiteko hilabetea denez, argiz janzten ditugu kaleak eta etxeak.
Eta Olentzeroren etorrerarako garaia ere bada. Hilabete gehiena haren etorrera (geroz eta maizago Mari Domingirekin) prestatzen joaten gara, etorriko denaren esperantzan eta esperoan. Eta antzeko gisan datozkigun beste hamaika kontu eta komeria!
Ez dakit gure jatorrian eta kulturan barneraturik dugunagatik den, baina esango nuke abendua aurrera begira jartzeko bereziki aprobetxatzen dugun hilabetea dela. Zalantza bat badut ordea: nork bere buruan, zeruan edo infinituan begiratuz Eguberriaren (egun berriaren) bilaketa eginez begiratzen ote diogu datorkigunari, edo gure agenda beteetan ditugun zeregin eta ekintzak antolatuz, erosiz eta gastatuz begiratzen dugu abendua? Eguberri on, Eneritz!
Eneritz Gorrotxategi
Eguberri on Ion! Nire ustez eguneroko gurpil zoroak ez digu gure agendaz haratago begiratzeko astirik utzi ere egiten. Gizarteak garamatzan ziztu bizian sartu beharrean ikusten dugu gure burua; hortik kanpo egon nahi izanez gero, gizartetik at geratzeko arriskuan egon gintezkeela iruditzen zaigu.
Topiko bat dirudi bai, baina urte amaieran beti hurrengo urterako asmoen zerrenda osatzen da. Ez diot jende askori urte erdi inguruan entzuten joan den abenduko zerrendan jarritako zereginak egiten ari ote den edo ez ote den, baina abendua bai izaten dela asmo onen zerrendak osatzeko garaia: kirola dela, elikadura dela… Zenbat gauza zaindu behar ote ditugu? Eta aldatu? Eta birpentsatu?
Baina zer demontre: esaiozu bada zure auzoko bizilagunen bati aurten ez duzula proposamen berrien zerrendarik egingo; dena lasaiago hartuko duzula, ez zarela ordulariaren menpe biziko, dena ez dela lana, ez zarela erosketetan itoko… Arraro begiratzeko aitzakia ematen ari zara! Ezberdintasuna aniztasun gisara ulertu behar litzatekeen honetan, ezezagun gisa epaitzen dugu. Eguberriak, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, neguko solstizioa, edo egutegi nahiz urte aldaketa. Zer ote du kalteko bakoitzak bere moduan ospatzeak? Ahal dela, ondo pasa eta zoriontsu izan.