
Historia ikasketak amaitu orduko hasi da Segurako turismo bulegoan lanean Jone Beldarrain (Segura, 1992). Gabonen plater potoloaren zain dago: turistei «zein herri polita dugun erakusteko gogoz».
Zure lanetik gehien gustatzen zaizuna?
Bertakook egunerokoan hainbeste estimatu ez arren, kanpotik datorrenari herria zenbat gustatzen zaion ikustea.
Nolako bisitariak gustatzen zaizkizu gehien?
Pasaeran geldituta edo gehiegi pentsatu gabe datozenak: liluratuta gelditzen dira eta hori guretzat ere polita da.
Seguratik gehien gustatzen zaizun txokoa?
Ardixarra etxea altxor bat da, baina, herria bere osotasunean hartuta da politena: atzera bidaia egiteko aukera ematen du.
Herriko alkate bazina?
Txarra izango nintzateke (barrez). Ez dago nire planetan.
Denbora librean zer egitea gustatzen zaizu?
Beste leku batzuk bixitatzea edo bidaiatzea, irakurtzea eta lagunekin egotea.
Liburu bat?
Oraintxe Toti Martinez de Lezearen edozein. Dolores Redondoren Baztango trilogia ere irakurtzeko gogoz nago.
Bidaiatzeko leku bat?
Bruselan (Belgika) egon nintzen ikasten eta gabon aurreko egun hauetan oso polita jartzen dute.
Gabonetarako opari bat?
Tableta, ordenagailu eramangarriarekin bizkarra txikitzen ari naiz eta! (barrez).
Amets bat?
Nahi dudan dena egiteko denbora, dirua eta osasuna izatea.