Zahartu ahala gure bizitza herrian egiten jarraitzeko aukera izan dezagun ingurunea hobetzea dakarren proiektua da Euskadi Lagunkoia. Zumarragak eta Ordiziak badute euren egitasmoa; Idiazabal ere sarera batu da orain gutxi.
Adinekoek nahiz mugikortasun zailtasunak dituzten herritarrek gizartean aktiboki parte har dezaten bermatzeko egitasmoa da herri lagunkoiena, horretarako ingurunean beharrezko diren aldaketak eginez.
Nazioartean onarpen zabala duen Age-friendly Environments Programme egitasmoan oinarriturik garatu du Eusko Jaurlaritzak Euskadi Lagunkoia Sustraietatik egitasmoa. Oro har, zahartu ahala nork bere bizimodua autonomiaz egiten jarraitzeko moduko herriak izatea da helburua eta horretarako herritarren inplikazioa sustatu nahi dute. Herrietako egiturak eta zerbitzuak berrantolatzea indartu du egitasmoak, behar eta ahalmen guztien neurrietara egokituz. Bizi kalitatea hobetzeko ahaleginean, inguru soziala moldatzeak ere badu garrantzia. Norbere jarrera aldatuz eta keinu txikiz, beharra dutenen bizitza asko hobetu daitekeelako. OME-ko Hiri eta Komunitate Lagunkoien Munduko Sarean kide dira 250 herri baino gehiago; tartean Idiazabal, Ordizia eta Zumarraga.
Idiazabalen lau batzorde
Egitasmoak zertan datzan azalduz eman diote hasiera egitasmoari Idiazabalen eta ekintza lagunkoiak martxa jarriz programa garatzeko lau batzorde ere sortu dituzte. Joan den ekainean batu ziren Euskadi Lagunkoia Sustraietatik egitasmora, hala sortu zen Idiazabal Lagunkoia. Ioritz Imaz alkateak herrian kohesio soziala sortzearen garrantzia nabarmendu zuen herri langunkoi titulua jaso zuenean Donostiako Aquariumean egin zen aurkezpen ekitaldian.
Ordutik lanari buru-belarri ekin eta herriko bizilagunekin, adinekoak protagonista direla, zenbait bilera eta ekintza garatu dituzte. Bilera horietatik sortu dira lau batzorde, finkatu dituzte ekimen zehatzak garatu ahal izateko: N-I errepidetik, Aiton-amonaren lapikotik, Belaunaldien arteko hartu-emanak eta Herriko argazkiak. Adinekoak egitasmoaren sustatzaile izatearekin batera, beraiek izango dira herritarren artean zabalduko dutenak ere. Hala ere, belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sustatzen ahaleginduko dira.
«Herriaren gainetik herritar» izan daitezen, «baloreak berreskuratzeko» lan egingo dute Idiazabalen. Dinamika eraginkorra eta parte hartzailea izateko asmoz jarri dute martxan; proiektu bizia, dinamikoa eta parte hartzailea. Adineko pertsonak izango dira protagonista, haiek gidatuko baitute balore pertsonalak zein sozialak sustatzeko proiektua.
Lau batzordeak martxan jartzearekin batera herriaren lagunkoitasuna neurtzeko diagnosiak eta galdetegiak prestatu dituzte. Hala, esperientziak eta iritziak jasotzeko inkesta zabaldu dute. Herria garbia, zaratatsua edo atsegina ote den; berdeguneen egoera edo kokalekuaren egokitasuna; maila edo espaloiei dagokionez, kaleetako irisgarritasuna bermatua ote dagoen; trafiko seinaleak nahiz abiadura neurriak betetzen ote diren; herri segurua ote den; garraio publikoa egokia ote den. Ugari dira Idiazabalen aztertuko dituzten aldagaiak. Norbere sareak eta gizarte-laguntzen gaineko ezagutzak, merkatariekin harremanak, herriko ekintzetan parte hartzeko bideak, nahiz egunerokoan aurki daitezkeen beste mila oztopo edo ezintasun ere herritarren artean zenbaterainokoak diren ikertuko dute diagnosi ahalik eta zehatzena osatzeko.
Merkatariekin ere lanean
Denda edo taberna lagunkoiei zuzendutako ikastaroak bideratu ditu Euskadi Lagunkoia egitasmoak. Ordizian abenduaren hasieran izan dute merkatariek «adinekoekin lagunkoiagoak» izateko ikastaroa. Parte hartu dutenei, esate baterako, aulki bat oparituko die bertara joaten den edonork esertzeko aukera izan dezan.
Ordizia 2013ko martxoan batu zen Euskadi Lagunkoia programara. Herria hobetu nahi dute, ordiziar guztien laguntzarekin, hemen ere adinekoak eragile nagusi izanda. Egin dituzte Ordizian hainbat kanpaina: herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko topaketa nahiz herriko boluntarioen azokan parte hartzea, adibidez.
Zumarragako Udala ere iazko martxoan batu zen herri lagunkoien egitasmora. Helburua adineko pertsonen pontentzialaz baliatzea dute «hauek herriko bizitzan ongizate sortzaile bezala protagonista bihurtzeko». Herriko egoeraren gaineko diagnosia egiteko ere 50en bat adinekoekin hausnarketa saioak egin dituzte Zumarragako bizi kalitateari buruz. Santa Lutzi azokan ere Zumarraga Lagunkoia poltsak banatu zituzten; eta herriko kultur etxean Nagusilan eta Gueske elkarteekin elkartu dira, herriaren lagunkoitasun mailari buruzko iritzia jasotzeko.
Egitasmoen artean dute Zumarragako belaunaldien arteko programak martxan jartzea, adinekoen eta gizarte bazterkeriarako arrisku egoeran dauden adingabeen artean.
Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako Kontseilariak emandako datuen arabera, guztizko autonomia duen eta dependentziarik ez duen 65 urte baino gehiagoko pertsona baten bizi itxaropena bataz besteko 10 urtekoa da. Adin tarte horretan, gaitasun guztiekin, pertsona talde zabala dago gurean, gizarte-eredua mantentzen ekarpen izugarria egiten dutenak.
«Lagunkoi programa adinekoen eta haurren arteko elkargunea ere bada»
Jaione Oria (Legazpi, 1981) gizarte hezitzailea da. Zumarragako Gaztetxokoan ari da lanean eta Lagunkoi proiektuko eragileetako bat da. Eusko Jaurlaritzak Lagunkoi izendapena eman zion Zumarragari. Programa horrek adinekoei zuzendutako ekintzak hartzen ditu, hala nola, belaunaldien arteko zubiak egitea. Oria zubi horietako baten eraikuntzan ari da lanean. Hain zuzen, Gaztetxokoko haurren eta El Salvador zentroko nahiz Gure Txoko jubilatu etxeko kideen topalekuak sortzen dituzte.
Zer da Lagunkoi programa eta non sartzen zarete zuek?
Lagunkoi programaren ardatza adinekoei gauzak errazteko moduak aurkitzea da; helburua, geldirik ez daitezela geratu. Zumarragako Udalak zenbait eragilerekin eta elkarterekin bilerak egin ditu. Bilera anitzak eta parte hartzaileak izan dira. Batik bat, helburu hori erdiesteko ideiak bildu ditugu. Gure aldetik, lehendik ere egiten genituen hainbat ekintza programara ekarri ditugu eta berriak asmatu ditugu.
Adibidez?
El Salvador zentrotik oso hurbil gaude eta haiekin Gabonetako kalejira egin izan dugu urteetan. Adinekoak, haurrak, gurasoak… Guztiok batera. Bi elkarteak biltzen gara kalejiran, eta gerontologikora joaten gara ondoren. Datorren abenduaren 23an berriz aterako gara.
Zeintzuk dira aurrera begira pentsatu dituzuen ekintzak?
El Salvador zentroan asteartero bingoa egiten dute. Guk haurrentzat pixka bat moldatu, eta ekintza hori berreskuratu nahi dugu, aspaldian egiten baitzen. Jolasei lotutako lanketa bat egin nahi dugu haurrak eta adinekoak elkartuz. Jolas truke bat izango da, haurrek adinekoei beren jolasak erakutsi eta alderantziz. Eskulanekin ere antzeko trukea egin nahi dugu. Caritasekin, bestalde, gurera datozen haur nagusienekin (9-12 urte) elikagai bankuarekin lotutako ekintzaren bat burutu nahiko genuke.
Zergatik dira inportanteak Lagunkoi bezalako proiektuak?
Elkargune bihurtzen direlako. Asko eskaini ahal die umeei zein adinekoei. Adinekoek eskarmentua handia dute, baina umeentzat zahartzaro berak adierazten duena ere garrantzitsua delakoan nago. Haurrek, beren aldetik, bizi poza eta freskotasuna transmititzen diete adinekoei.
Esango zenuke adinekoek lankidetza hori pozik hartzen dutela?
Baietz esango nuke. Gure Txokotik deitzen digute, esate baterako, antzezlanetarako haurrak behar dituztenean eta umeak pozarren hartzen dituzte taula gainean.