Urteko azken egunean eta biharamuneko lehenengoan ohitura sustraitua da Goierrin mendira igotzea. Aizkorrin jendetza biltzen da. Herrietan, ordea, bertako gailurretara txangoa egiteko usadioa ere bada. Gero eta gehiago.
Aizkorrin xanpaina barra-barra ibiltzen da abenduaren 31n. Ohiko ogitartekoen ordez, edo haien lagungarri, otarrainxka egosiak ere eramaten dituenik bada. Eta turroia, hutsik gabe. Urte Zahar egunean, ohitura sustraitua da mendietara igotzea; izan Aizkorrira, Txindokira edo Goierriko beste hainbatera.
Jendetza bildu ohi da, urtero, Aizkorrin. Eguraldiak baimentzen duenean harkaitz artean; haize izoztuak edo are txingor txiki mingarriak jotzen duenean ahal den tokian babestuta —ermitatxoan edo aterpean—, festa izaten da. Aspalditik.
Bazen idatzi gabeko arau bat ere: Urte Zaharrean Aizkorrira, eta Urte Berrian Txindokira. Joera hori asko lasatu da azken urteotan, eta bi mendi sinboliko horietako masifikaziotik ihesi —jendetza pilatzen da—, herriko gailurretara joaten hasi dira hainbat herritan.
Zumarragan eta Urretxun aspaldiko ohitura dute urtearen azken egunean mendi buelta egitekoa. Herritar talde batek antolatuta, San Silbestre Mendi Ibilaldia egin ohi dute, aurten 18.a. Bi ibilbide dira, 08:30ean abiatuta: laburra (Euskadi plaza-Izazpi-Beloki-Antio-Arkaitzeta) eta Bost Gurutzeren Bisitaldia deituriko luzeagoa, 5 bat ordukoa: plaza- Aginaga- Oleta (844m)-Izazpi (972m)-Beloki (641m)-Antio-Arkaitzeta.
Bukaera polita, giroa ona
Bi txangoetako ibiltariek 11:45ean Izazpin bat egiten dute, taldeko argazkia ateratzeko. 13:00ak aldera, Antio barreneko Arkaitzeta elkartean otamena egiten dute gero.
«Urte batzuk badaramatzagu. Lehen Aizkorrira joaten ginen, eta pentsatu genuen etxean egin genezakeela. Lehen urtean ez zuen eguraldi ona egin eta jende asko ez etorri, baina ordutik ez dugu etenik egin», dio Zumarragako Jesus Iturbek.
Giro «oso ona» izaten da. «Egun polita da, urtea lagun artean bukatzeko. Gipuzkoan herri askotan dago ohitura. Aizkorrik eman dio martxa agian; zeren Aizkorri, Aizkorri da».
Urretxun lehenagotik dute usadioa. Urte Berri egunean Irimora igotzen dira. 1950eko hamarkadan hasi ziren. Zumarragakoa baino buelta laburragoa da, «parranda eginda joateko».
Irimon hamaiketakoa eskaintzen du Goierri Kirol Elkarteak. «Bezperan prestatu eta igotzen dugu 80 litro salda eta 45-50 kilo txistor. 500-600 lagun izaten dira», dio Goierri elkarteko Luis Mari Perezek.
Perezek 34 urte darama joaten, eta lanean. «Pildain, Mendiola, Altzelai eta horiek hasi ziren. Ogitartekoa hartu eta lau-bost lagun Irimora igotzen hasi ziren, eta hortik dator Irimoko ohitura». Urte Zahar egunean Aizkorrirako joera ere badute.
Legazpin elkarte modura ez da deialdirik egiten, eta bakoitza nahi duen mendira joaten da. «Gehienak Aizkorrira joaten dira, baina beste batzuk Andraitzera edo Artzanburura ere bai, geroz eta gehiago. Baina ohitura Aizkorrira joatea da. Nik betidanik ezagutu dut», dio Izadi Zaleak elkarteko Aitor Casado. Mendi buelta egin, eta hamaiketako oparoa egiten dute legazpiarrek gero, elkarteetara bilduta.
Lazkaotik Esparrura jotzen dute, Urte Berri egunean. «Batzuk bezperan Aizkorra joaten dira», dio Amalurreko Joxe Antonio Aldanondo Ttantton-ek.
Seguran, bi aukera jarri dituzte Urte Zahar egunerako: 08:00etan Aizkorrira; edo 09:00etan Santa Barbarara.
Urtea goitik bukatzeko.