Inazio Usarralde
Joxepa, amets garaia omen dun urte sasoi hau, aupa! Hala entzun dinagu aspertzeraino iazko urte hondarraren bueltan. Edonola ere, ulergaitza egiten zaidan ikustea nola makurtzen garen gehienok norbaitek ezarritako gidoira, eta nola ez dugun ikasi oraindik urte osoan zehar desio eta asmo on horiek berritzen eta eusten, hain aise ahaztu gabe. Bestetik, garbi ikusten dinat ametsik handienak txikiagoak betetzen goazen neurrian beteko direla, eta horrexegatik hauxe opa dizuet hiri eta irakurle guztiei: amets txikiak egia bihurtzen segitzeko kemena eman diezagula 2015eko egun bakoitzak, sekula irribarrerik galdu gabe.
Hala ere, utopia omen dun gizakiok nahi dugun norabide horretan jartzen gaituen indarra eta, hortaz, amets handiak ere aipa ditzagun ahalik eta indarrik handiena biltzeko norabide berean. Hau dun nik irudikatu nahi dudan Lazkao, Goierri, Euskal Herria, mundua: izan dadila herritar guztiok aukera bertsuetan, parekidetasunean, naturarekin bat, bizikidetza sanoan eta bakoitzak nahi duen hizkuntzan abestuz bizitzeko lekua. Jose Mujica Uruguaiko presidenteak dioen bezala, «mundu mailan militarren aurrekontuan bi milioi dolar xahutzen ditugunean, dirurik ez dagoela esatea, lotsagabea izatea da». Nork dio, beraz, ezin direla amets handiak bete? Nik argi dinat nondik hasiko nintzatekeen…
Joxepa Madariaga
Hire baimenarekin, ametsetatik errealitatera egin behar diat salto, Iñaxio. Urtarril bukaeran, aske, herrian izango dugun Ertzilleko gure adiskideari zuzendutako gutuna duk ondoko hau: ongi etorri Gari! Orain arte gutunak bidaliz izan diagu elkarren berri, nik hiri, hik niri, betiere Estatuko zaintzaileak tarteko, noski, zentsura eta guzti. Gaurkoan bitartekari asko izango dizkiagu, irakurleak, baina zentsurarik ez. Harreman pribaturik gabe segituko diagu, beraz. Zer gutun politak bidali dizkidaan, zer kontu interesgarriak, zer interpretazio aberatsak. Asko ikasi diat hire gutunetatik, asko jaso diat hiregandik. Bizimodu erritmoa desberdina duk, zeharo, barrukoa eta kanpokoa. Gogoan diat nola komentatu genuen, kartzelatik kanpoko berriak, berehala zahartzen direla, garrantzia eta bizia galtzen dutela, irentsi baino lehen berri batzuk baitizkiagu gainean. Kartzelan, berriz, hilabetera edo jasotzen ditiztek egunkariak, eta haiek irensteko denbora eta irrika izaten ditek presoek. Horrexegatik, askotan, pertsona askeak baino informatuago egon ohi dituk.
Nik hiri ezer eman ote diat, preso egon haizenean? Asmoa bai, izan diat: lau horma artetik irten eta gure herrira hurbildu nahi izan haut; jende arrotzaren ondotik lagun artera ekarri nahi izan haut. Geure lanen, eguneroko bizimoduaren berri ematen saiatu nauk: zer egin dugun Gerrikotik, zer gertatu zaigun familian, herrian, bailaran… Zer sentitu dugun hauteskunde garaian, kanpainetan, bileretan, eguneroko lanetan. Eguneroko bizimoduaren berri ematen saiatu nauk, eguneroko gertakizun xinpleak, mendi irteeretan ikusitakoak, sentitutakoak, bizitakoak, kontatu dizkiat. Besterik ez eta horixe guztia. Amets txikiak eta handiak, guztiak elkartuta, 2-3 orrialdeko gutunetan.